60ko hamarkadako bizi-estrategia azaletik baino ez da transmititu
Hiru hitzaldi iradokitzailek eman zieten amaiera atzo Mintzolako «Ahoa bete hots» jardunaldiei. Jose Angel Irigarayk 1960ko hamarkadako kultur garapena ekarri zuen gogora eta orduko dinamika bizigarria azaletik transmititu dela adierazi zuen; Lorea Agirrek, berriz, kultura euskaraz egiteak zein baldintzapen dituen azaldu zuen; eta Antton Lukuk euskal antzerkia definitu zuen. Ideia horiek bertze hainbatekin korapilatu ziren geroko mahai-inguruan.
Maider IANTZI | VILLABONA
Ahozkotasunak kulturan, eguneroko jardun berezituetan eta haurren munduan dituen ezaugarriak aztertzeko jardunaldi batzuk egin ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Mintzolan. Irakasle, kazetari, bertsolari, antzezle, ikerlari, ikasle... Hainbat arlotako jendea elkartu da egunotan adituen hitzaldiak entzun eta mahai-inguruetan parte hartzeko.
Atzo, «Ahoa bete hots» ekimenaren azkeneko egunean, hitzaldi mamitsuak aditu ahal izan ziren. Errate baterako, Jose Angel Irigarayk modernitatearen hasiera eta 60ko hamarkadako kultur garapena ekarri zuen gogora, eta ordutik herri jakindurian atxikitzeko gai izan diren taldeak beti egon direla baieztatu zuen; kantagintzan, dantzan zein antzerkian. Guztien artetik Jorge Oteiza nabarmendu zuen. Sortzaile honek sekulako autoritatea zuen kulturan eta eskulturak egiten segitu beharrean, artea eta bizitza uztartzen saiatu zen, artea zerbait integrala baitzen berarentzat.
«Argia», Jarrai, Ez Dok Hamairu... Mugimendu honek herri ondarea ez ezik, izateko modu bat bildu zuen. Izateko modu hori, euskaltasun hori, berreskuratu beharra zegoen, ez museo bat eraikitzeko, kanta eta proiektu berriak sortzerakoan gauzatzeko baizik. Idazle nafarraren ustez, gizartean eta bertze edozein arlotan beti izaten da osotasunaren parte bat gauzatua eta bertze bat gauzagarria edo gauzatzeko dagoena. Eta eginaren eta egin gabekoaren dialektika horretan, bide oparoak jorratu ziren. «Dinamika bizigarri hori, bizi estrategia hori» azaletik baino ez da transmititu, ordea.
Euskararen baldintzapenak
Lorea Agirre kazetariaren eta Sorguneak ikertegiko kidearen hitzaldiak izenburu iradokitzailea zuen: «Nola egiten dugun horrek nolakoak garen esaten baitu». Agertu zuenez, nola egiten dugun hori hizkuntzarekin lotuta dago, eta ekoizpena, merkaturatzea eta prozesu guztia euskaraz egiteak bere baldintzapenak ditu, bertzeak bertze, euskara minoritarioa delako.
Egoera soziolinguistikoa da kontuan izan beharreko puntu bat: publikoa nongoa den, zer hizkuntza maila duen, inguru horretan euskara zabaldua dagoen... Eskoletan, adibidez, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ez dago bertze hizkuntzetan eta kulturetan bezain bermatua eta horri begiratzea ezinbestekoa da. Euskaraz merkaturatzea erabakiz gero, komeni da jakitea obra gustagarria izateaz edo ez izateaz harago, hizkuntzaren egoerak baldintzatuko duela emaitza. Lorearen iritziz, merkaturatzeko arazoak sortzen dira, bertze arrazoi batzuen artean, euskal kultura ez delako merkatu librean bizitzeko gai; ez luke onurarik emanen. Horregatik behar da administrazioaren laguntza.
Sortzaileak edo antolatzaileak jakin behar du hiztun komunitate baten parte dela eta eragile izan daitekeela. Kultura elikatu, transmititu eta merkaturatu dezake kontzientzia horretatik abiatuz.
Antton Luku Lizeoko irakaslea eta idazlea, azkenik, euskal antzerkia definitzen ahalegindu zen. «Dantza, bertsolaritza, gure antzerkiaren jatorria, Lartzabalen pertsonaiak, arte drama beraren piezak dira», hasi zen. Hagitz ongi ulertzen da hori ekialdeko antzerkian; bertsolari batek Maskaradan edo Libertimenduan kantatzen badu, primeran ulertzen du jendeak bere rola. Ahotsa, ibilera, kantaera... testuinguruak inposatzen ditu. Bertsolariak jarrera neutroa du, dantzari eta zirtzilen lehiatik at dago. Lukuren arabera, arte dramatikoan euskarazko tradizioak horixe transmititu behar du hain zuzen ere: plazan zer egin.
Jose Angel Irigarayk salatu zuenez, sarri ikusi du jendea instituzioen aitzinean amore ematen, lotsagarri. Defendatu zuenez, guk ekarri behar ditugu instituzioak bertze kultur era batera.
«Antzerkiari dagokionez, mugak zer pisu dauka?», galdetu zion Joxean Agirre moderatzaileak Antton Lukuri. «Bidasoaren alde bateko taldeek ez dute bestean funtzionatzen, kasu bakan batzuk kenduta. Lartzabal da kasu horietako bat». Adituaren arabera, arazoa ez da euskalkiarena soilik; erreferentzia edo irudi sarea landu ezean, jai dugu. Gaztetxeak, adibidez, lur berean ari dira, jarrera, estetika, musika bera dute, baina ez da aukera hori lantzen. Jose Angel Irigarayk gaineratu zuenez, bertsolariek oro har funtzionatzen dute, konexio bat dagoelako, zaharrak eta era berean gaurkoak diren molde batzuk. M. I.