GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Arantza Urkaregi eta Joxean Lozano BBK-ko ezker abertzaleko kontseilarien izenean

BBK + CajaSur: zergatik eta zertarako?

Bizkaitarrok laster ikusiko ditugu operazio honen ondorioak: Obra Soziala oraindik gehiago murriztuko du BBK-k, kredituak eskuratzeko zailtasun gehiago izango ditugu, laguntza gutxiago izango dira... Eta hau guztia CajaSur zuzentzen zuen Espainiako Bankuaren mesedetan, espainiar Estatuaren interesetan

BBK gobernatzen duen EAJk berehala eman ditu zorionak BBK-k buruturiko CajaSur eskuratzeko operazioagatik. Hala, beste behin ere, argi geratu da EAJk Euskal Herriaren ekonomia sustatzearen aldeko apustua egin baino, Espainian inbertitzea nahiago duela.

Baina Mario Fernandezek gauza asko ditu azaltzeko. Lehena, zergatik ukatu du orain dela gutxi Euskal Herriko kutxak batzeko aukera, krisia dagoela argudiatuz, eta batu da orain oso egoera kaskarrean dagoen CajaSur-ekin, «indartsu» izateko asmoz. Akaso, Andaluzian ez dago krisirik? Gezurretan ari dira beren benetako asmoak ezkutatzeko. BBK kontrolatzen duen EAJk nahiago du Espainian eroso jarraitu, espainiar finantza-sistemari mesede egiten jarraitu nahi du, gure herriaren behar sozial eta ekonomikoei aurre egiteko baliagarria izango litzatekeen izaera sozialeko Euskal Kutxa indartsua bultzatu baino.

Are gehiago, beraiek erabiltzen dituzten argudio ekonomikoei begiratuta, Hego Euskal Herriko lau kutxen bat egiteak, CajaSur-ekin egindako operazioan lortutakoa baino kaudimen, errentagarritasun eta egoera ekonomiko hobeak ekarriko lituzke. Mario Fernandezek hainbeste aldiz aipatzen duen «muskulu» handiagoa lor daiteke Euskal Herrian, Andaluzian baino. Orduan, zergatik? Erantzun ezberdinak egon daitezke, baina aukera gehien dituena hauxe da: EAJk Espainiako Bankuari argi utzi nahi izan diola beraiek prest daudela espainiar finantza-sistema laguntzeko, negozioak egiten jarraitzeko beraiek gogoan izan ditzaten.

Mario Fernandezek «muskulua» hartu nahi badu, begira dezala Euskal Herrira. Indartsuago izateko aukerak egon badaude hemen, gure herrian, baina ez dute nahi izan. Azken batean, bere apustua ez delako euskal herritarren behar sozialei aurre egingo dien kutxa soziala bultzatzea. Espainiako Bankuaren (hots, Estatu espainolaren) izenean aritzen den Miguel Angel Fernandez Ordoñezek eta BBK gobernatzen duen EAJk, batak eta besteak, kutxa eredu berbera bultzatzen dute, eredu merkantilista eta espekulatzailea. Krisia sortu duen eredua, eta aldi berean, lotsarik gabe, «laguntzak» eskatzen dituena, krisiaren ondorioak pairatzen dituzten herritarrei laguntza hori ukatzen dieten bitartean; aurrezki kutxak pribatizatu, kontrolatu eta «bankarizatu» nahi dituen eredua. Hain zuzen, ez da kasualitatea CajaSur-en aktiboak eta pasiboak barneratzeko banku berri bat sortu izana: BBK Bank.

Eta zertarako? Oraindik azalpen gehiago eskatzen ditu galdera honek. Ez da egia «muskulu» gehiago lortzeko egin dela, hemen bertan alternatiba hobeak baitziren. Ez du balio ere «negozio ona» egin dutela esatea, galera handiak dituen kutxarekin bat egin baitute. Ikuspegi ekonomiko-finantzariotik, CajaSur-ekin bat egitea ez da batere apustu ona izan. Orduan, zertarako? Operazio hau zuzendu duen EAJk helburu argia du: Euskal Herriko kutxen balizko bat egitea kontrolatzea eta bere baldintzak ezartzea.

Bizkaitarrok laster ikusiko ditugu, hobeto esanda, pairatuko ditugu operazio honen ondorioak: Bizkaiko Gizarte Ekintza oraindik gehiago murriztuko du BBK-k, kredituak eskuratzeko gero eta zailtasun gehiago izango ditugu, laguntza gutxiago izango dira... Eta hori guztia, CajaSur zuzentzen zuen Espainiako Bankuaren mesedetan, hau da, Estatu espainolaren interes ekonomikoei begira.

Orain, BBKren fondoak oso egoera kezkagarrian dagoen CajaSur berpizteko erabili beharko dituzte. Eta horretarako, neurri zorrotzak hartuko dituzte, bizkaitarren kalterako. BBK-k egin duen operazio honek (aurretik CCM edo CMrekin egin nahi izan dituenek bezalaxe) ez dauka ezer onik bizkaitarrentzat, ezta euskal herritar ororentzat ere. Euskal Herria eta euskal herritarren zerbitzura egongo den kutxa bultzatzen dugunok, espekulazio eta merkantilizazioaren ordez, izaera soziala izango duen kutxa defendatzen dugunok, herri honek dituen benetako erronkei aurre egiteko konpromisoa saihesteko tresnatzat hartzen dugu. Ezin da beste moduan ulertu.

BBK-k nahiago izan du Estatu espainolean «indartsu» (erlatiboki) bihurtzea, Euskal Herriaren motor ekonomiko eta finantzarioa izatea baino, finantza sistema propioa defendatuz. CajaSuren alde egindako apustua, apustu merkantilista hutsa da, bizkaitarron interesetatik urrun dagoena, baina, zalantza barik, bere klase finantzario eta politikotik hurbil dagoena. Horretan datza operazioaren benetako arrazoia.

BBK zuzentzen dutenei ez zaie inporta Euskal Herria eta euskal herritarren etorkizuna. Dirudienez, txiki geratu zaie gure herria eta nahiago dute Gobernu espainolaren babesa duten operazioak egitea, nahiz eta arriskutsuak izan. EAJk argi utzi nahi izan die PSOEri eta PPri, behar dutenean, bera «kolaboratzeko» prest dagoela.

Beharbada orain dela gutxi Rajoyren eta Urkulluren artean izandako bileraren gai-zerrendan operazio hau egon zen. Finean, PPk eta PSOEk defendatzen duten eredu finantzario eta ekonomiko berbera sustatzen du EAJk eta beraiekin negozioak partekatzeko prest dago, nahiz eta horretarako kutxen izaera soziala murriztu eta Euskal Herriaren aldeko apustuari uko egin behar. Horrexegatik, Basagoitik eta Patxi Lopezek ere Mario Fernandez zoriondu dute.

Aitzitik, BBK-ko Asanbladan eta Euskal Herriko beste kutxen asanbladetan kontseilariak garen ezker abertzaleko kideok ez dugu Mario Fernandez zorionduko, ez, bestelako bidea hartu behar dela pentsatzen baitugu. Euskal herritarron beharrei erantzutea helburu izango duen kutxa-eredu sozial, demokratiko eta anitzaren aldeko apustua da egin beharreko bidea, Mario Fernandezek hartu duenaren guztiz kontrakoa. Baina ez dugu amore emango eta Euskal Herriko kutxa sozialaren alde jarraituko dugu lanean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo