Itsasoa
Surflariak, kontsumismoa eta sasi birziklapena
Surflari ernegatua
Olatu onak dituen leku bat proiekturen batek mehatxatzen duenean bakarrik lortzen da surflariak pixka bat astintzea, kontzientzia ekologikoa oso eskasa da. Surf taula bat egite hutsak kutsadura handia eragiten du, baita horren erabilerak ere, berau egiten den momentutik ez baita inoiz guztiz lehortzera iristen. AEBetan sortu zen lehen foam (taulen barruko kortxo antzekoa) fabrika itxi egin zuten eta jabeak espetxeratuak izan ziren ingurumenaren aurkako delitua egotzita.
Badira kontzientziaz jokatzen duten surflariak, taulen, argizariaren eta surfeko tresneriaren erabilera orekatu bat egiten saiatzen direnak, baina heziketa falta ikaragarria da. Iragarkiek behar hutsalak sortzen dizkigute. Helburua produzitzea da, saltzea, eta eredu eman behar dutenek ez dute erantzukizun hori bere egin nahi. Adriano Da Souza eta Damien Hobgood surflari profesionalek esate baterako, 300na taula baina gehiago zituzten solik 2008ko zirkuitua egiteko. Pertsona bakar batek hainbeste taularekin egin dezakeen kaltea kontuan hartzekoa da, gainerakoan taula horietako gehienak hautsi ostean zaborretan amaituko baitute.
Gogoan dut gaztetxo batzuekin txapelketa batera joan ginen batean ikusitakoa. Hotelean ginela aldameneko logelan zeuden hiru brasildarretako batekin solasean ari ginen eta bere logelara gonbidatu gintuen, nola ez, saltzeko zeukan tauletako bat erakustera. Aire egokitua topera jarrita zeukaten eta hozkailuko atetxoa irekita mantentzen zuten aulki batekin eutsiz. Hozkailua irekita zergatik zeukaten galdetuta, bero handia egiten zuela eta pixka bat gehiago freskatzeko zeukatela erantzun zuten. Haiei bost axola zitzaien logela hartan bertan erretzen ari ziren alferrikako energia mordoa, logela ordainduta baitzeukaten eta ordaindutakoari etekin ahalik eta handiena atera nahi zioten. Gurekin zeuden gaztetxoek errazago ulertu zuten haien argudioa, gure argudio «ekologikoa» baino.
Ongi pentsatuta, agian ez dira harritzekoak lehiakideen jarrera hauek, azken batean txapelketetan dabiltza buru-belarri eta txapelketa baten azken helburua propaganda egitea da, alegia saltzea, behar faltsuak sortzea, produzitzea eta produzitzea... Gainontzean, bost axola.
Orain oso ohikoa bihurtu da izen handiko markek naturaren onerako eta ingurumena babeste aldera ekimenak antolatzea edo propaganda ekologikoa zabaltzea. Hau, garbi esanda, kontraesan bat da. Orain txapelketetan jartzen dituzten birziklatutako arte galeriak eta antzerakoak, pitokeriak dira, jendea erraz nahasteko beste modu bat. Gehiago produzitu nahi, eta gero, birziklatu egin behar delako mezua zabaltzea, faltsukeria itzela da. Lehenik eta behin egun egiten dituzten ia produktu gehienak lehenbailehen apur daitezen egiten dituztelako eta inoiz esaten ez digutelako apurtu ostean nola birziklatu daitekeen produktu hori, zeren neoprenoak, txikotak, taulak eta abar, birziklatu daitezke. Hori surf eskola onetan irakasten da. Eta bigarrenik, lehen premisak justu kontrakoa behar lukeelako, alegia, gutxiago kutsatu nahi bada, lehenik gutxiago produzitu behar da.
Onena, dudarik gabe, soilik beharrezkoa duguna erosteko ohitura hartzea litzateke, gutxiago kontsumitze aldera eta behin pauso hori eman ostean etorriko litzateke birziklatzea. Beraz, hemen ere heziketa arazo handi bat dugu funtsean, kontrakoa egiteko hezi baikaituzte, baina zer egin behar den nahiko argi dago, beraz ez dago aitzakiarik. Gutxiago kontsumitu, saltzen zaigun edozein amu ez jan mozoloak bezala, eta azken muturrean, birziklatu.