GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Emozioa

Ez diogu beste herri bati lekurik kendu nahi, geure lekua nahi dugu. Zin egin diogu bide horri segitzen diogula; hau da Jonen omenaldian erran nahi genuena, emozio handian, kantuz, bertsoz eta malkoz

Uda garaiak oporretarako balio omen du; Euskal Herrian ematen du, baina, horretarako zailtasunak ditugula edota horretarako oztopo franko jartzen dizkigutela. Udalbiltzaren lanaren sostengatzeko milaka bildu ginen Bilbon, herrialde guztietako herritarrak, zazpi herrialdeetako abertzaleak, Udalbiltza gu guztiona baita eta hau plazaratu nahi genuen hogeita lau kide auzitegietan epaitzen dituzten unean. Burua gora eta egindako lanaz harro agertu zaizkigu. Herria eraikitzeko nahiko tresna daukagulako seinale, norabide argia daukaten hautetsiak dauzkagu. Ez dute zalantzarik eraman behar duten lanaz, antolaketaz eta hori dena nola eraman behar den badakite.

Ez daude zain, aldaketa handi baten zain, jarduten dute bizitza publikoaren egituraketan herritarren laguntzarekin. Hori ez al da herri hau martxan delako froga? Jardun honen gelditzeko Estatuak duen tresna bakarra epaitegia da, lanean ari diren horiek guztiak epaiketetan murgilduz energia beren defentsarako lanetan pasatu behar baitute, preso bukatzeko arriskua jasaten gainera! Une bat partekatu dugu, une gogorrenak Madrilen igaroko dituztelako, haiek eta haien familia eta lagunek.

Emozio handiko uneak izan dira, gure ordezkariak baitira eta Xarlo izan dugu gogoan. Xarlok hautetsi izan den herrian berean, beste hautetsiengandik babes gutxi eskuratu baitu. Hautetsi abertzaleak bigarren mailako hautetsiak al dira? Edo ezkerrekoa eta abertzalea, Udalbiltzako kidea den hautetsia inkisizioaren garaian bezala sorginen gisan erre behar al da beste ondoriorik gabe, jende onak bakean bizitzen jarrai dezan? Hautetsi abertzale gutxi entzun dugu publikoki Xarlo sostengatzen! Uste al dute lorpen gehiago helduko zaizkiela isilik egonez?

Plaza betea, ikurrinak, oihuak, musika, kantuak, argazki bat izar baten ondoan. Izar bihurtu da, mendeetan pizturik jarraituko duen izarra, herri honen babesten arituko dena. Ez zuen beste proiekturik herri honen askatasuna baizik. Hautu irmoa segatu dutena, estatuen logikak ez baitu beste ezagutzarik indarrarena baizik.

Familiaren duintasuna handia da, beste familia askoren gisan, erori zaien zama ikaragarria baita, herritar xume izatetik jendetasun itzela izatera eraman ditu gertakari beldurgarriak. Familiarrak azken hilabeteetako saminak jasaten lagundu nahi genituzke, zaila da, hor egon nahi izan dugu erakusteko joan dena gurekin geldituko dela, torturatu eta hil dutenak gu guztion kontrako eraso batean daude, horrelako gertakari batek ez baitu justifikazio politikorik, errana izan den bezala diktadura beltzenetako praktikak baizik ez dira.

Armarik ez dugu, daukagun tresna bakarra gure proiektua da. Horrek indartzen gaitu, norabidea dugulako. Ez diogu beste herri bati lekurik kendu nahi, geure lekua nahi dugu. Zin egin diogu bide horri segitzen diogula; hau da Jonen omenaldian erran nahi genuena, emozio handian, kantuz, bertsoz eta malkoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo