GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herrikoen auziagatik 40 militante epaitu ala ez erabakiko du bihar ANk

Auzitegi Goren espainolak, 2003an Batasuna legez kanporatu zuen ebazpenarekin, «auzia jada epaitu zuela» argudiatuta, 35/02 sumarioa bertan behera uzteko eskatu du defentsak. Auzitegi Nazional espainolak (AN) biharko saioan erabakiko du aurrera jarraitu ala ez.

GARA

Auzitegi Nazional espainolak bihar erabakiko du 35/02 sumarioan auzipetuta dauden ezker abertzaleko 40 militanteen kontrako epaiketan aurrera egin ala ez. Bihar egingo duten auzi saioan, defentsako abokatuek aurkeztutako alegazioak aztertuko dituzte. Izan ere, Auzitegi Goren espainolak 2003an Batasuna legez kanpokotzat jo ondoren «auzia epaituta dagoela» dio defentsak, eta hori argudiatuta, epaiketa bertan behera uzteko eskaria egin du.

Horixe da Auzitegi bereziko zigor aretoko bigarren sekzioan bihar aztertu eta ebatziko den gakoa. Goizeko hamarretan abiatuko da saioa, informazio agentzia espainolen arabera, eta diotenez, ateak zabalik egingo dute.

Zortzi urte ondoren dator

2002. urtean herriko tabernekin lotuta abiatu zuen auzia Auzitegi Nazional espainoleko Baltasar Garzon epaileak, 35/02 izena hartuz. 2008an amaitu zuen instrukzioa, eta geroztik, epaiketa egiteko bidean, auzitegiko salak bere esku dauka sumarioa.

Batasunaren aurkako auzi honetan auzipetuta dauden 40 lagunentzako zortzi eta hamabi urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu Madrileko Auzitegi Nazionaleko fiskalak, orotara 372 urteko eskaera.

Zigor eskaera handienak Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Rufi Etxeberriarentzat dira: hamabi urte. «ETAko buruzagi» izatea leporatzen die haiei. Beste hogei auzipeturentzat hamar urteko espetxe zigorra eskatu du, «erakunde armatuko kide» izatea egotzita. Eta gainerako hamazazpientzat zortzi urtekoa, «ETAri laguntza ematea» egotzita. Fiskalaren arabera, «ETAk diseinatutako proiektua babesteko zenbait ekintza antolatzea ahalbidetu zuten» auzipetuek.

beste bi sumario

Segurako sarekadan atxilotutakoak zein EHAK eta EAE-ANVko hainbat buru biltzen dituen sumarioan 44 herritar daude auzipetuak. «Bateragune» izenekoan aldiz, beste zortzi militante.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo