Senide arteko ospakizun batean, etxean bortxatu du bikotea gizon batek
Senideak etxean ospakizun baterako bilduta zituztela, gizonak emakumea logelan sartu, jo eta bortxatu egin zuen larunbatean, Bilbon. Gainera, alabari laguntzea eragotzi zioten gizonaren senideek emakumearen amari. Salaketa jarri, eta erasotzaileaz gain, bi senide ere atxilotu dituzte.
GARA
Atzo goizean Bilbon gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, bikotea bere etxean zela, ospakizun familiar batean, bikotekidea jo eta bortxatzeagatik. Gizonaz gain, haren bi lehengusu ere atxilotu zituzten, erasoa ahalbideratu izana leporatuta.
Emakumeak jarritako salaketaren arabera, tratu txar etengabeak eragin dizkio bikotekideak; «batik bat isekak eta burlak, baina tratu txar fisikoak ere» jasan izan dituela adierazi zion Poliziari.
Bortxaketa larunbatean gertatu zen, bikotea bizi zen etxean eta gizonaren zein emakumearen senideak bertan zirela.
Salaketaren arabera, ospakizun baterako bilduak ziren bikotearen etxean, eta une batean gizonak emakumeari heldu, eta logelara sartu zuen, sexu harremanak izateko. Emakumeak ez zuen sexu harremanik izan nahi, eta hori eragozteko asmoz, gizonari bultzaka hasi zitzaion. Ezin izan zuen gizona gainetik kendu, ordea, eta hark, emakumea joz, bortxatzea lortu zuen.
Emakumearen oihuak gelatik kanpo entzunda, haren ama kezkatu eta alaba laguntzeko asmoz logelan sartzen ahalegindu zen, baina gizonaren lehengusu batek eragotzi egin zion alabari laguntzea.
Bortxaketa burututa, familiako bi kideren laguntzarekin etxetik alde egitea lortu zuen gizonak. Emakumeak berehala deitu zuen Ertzaintzara, gertatutakoa azaldu eta salaketa ipintzeko. Erietxera eraman behar izan zuten jasotako kolpeek eragindako zauriak artatzeko.
Ertzaintzak gizonari deitu zion, komisaria batean aurkezteko eskatuz. Atzo goizean bertaratu zen komisariara, eta bertan atxilotua izan zen, «sexu erasoa eta indarkeria matxista» delituengatik.
Era berean, gizonari etxetik alde egiten lagundu zioten bi senideak ere atxilotu ditu Ertzaintzak.
Honakoa ez da Bilbon izandako atxiloketa bakarra. 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbat gauean, atari batean neska gazte bat bortxatzen saiatzeagatik.