GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

San Miguel liga

Oriok errekorrezko kolpea jo du

«Mirotza» ontziak 6 segundo atera zizkion Urdaibairi Pasaiako erlojupekoan eta Castroren eskuetan zegoen marka hobetu zuen.

p030_f01_198x148.jpg

Ander GARTZIA

Banderen prezioa San Miguel Liga honek ezagutu duen mailarik altuenera iritsi den une berean kolpe latza eman du Oriok mahai gainean, eta Pasaiako erlojupekoan erakustaldi aparta eman eta gero, Aitor Carrillo eta bere mutilek gero eta garbiago ageri den portu berrira zuzendu dute "Mirotza" ontziaren branka: arraunean urrezko orrialdeak idatzi dituen elkartearentzat estreinakoa izango litzatekeen Liga Txapelketara.

Maila horren lekuko, oriotarrek birrindu zuten denbora: 19.23.02, iazko denboraldian asegaitz aritu zen Castrok ezarritako errekorra baino 19 ehuneneko azkarrago. Gipuzkoarrek bizi-bizi ekin zioten estropadari eta brankaz Urdaibai indarberritu batekin topo egin bazuten ere, San Pedroko ur barrenetarako lanetan ez zuten aurkaririk izan.

Joxean Olaskoagaren konfiantza osoko diren gizonak aritu ziren bigarren egunez jarraian Orioko traineruaren bankadetan: Redondo, G. Etxeberria, Valenciaga, Larrea, Etxebeste, Mujika, U. Etxeberria, Peña, Aizpurua, Olaskoaga, Ventas, Mujika, Indo eta Carrillo patroia.

Halaber, prestatzaile oriotarra ez zen batere oker aritu azti lanetan, eta larunbatean iragarri bezala, maila aparta erakutsi zuen "Mirotza" ontziak Pasaiako itsasadarrean. Izan ere, erlojupeko probetan, haize zakar edo olatu handirik ezean, ontzirik gihartsuenak izan ohi dira muturrean. Ezustekoak ere larritu egiten dira bakarkako lanean horren azkar doan kronometroaren aurrean. Azken batean, gainerako kirol guztietan bezala, indartsuenaren legea nagusitzen da. Eta Orio, egun, Ligako ontzirik sendoenetarikoa dela ez da albiste.

Berria, nahiz eta hasiera batean horrela ez zuen behar izan, Urdaibaik erakutsitako fidagarritasuna izan da. Bermeotarrek asteazkeneko Euskadiko Txapelketa begiz jota dute Jose Manuel Francisco prestatzaileak denboraldiko helburu nagusiak ezarri zituen egun beretik eta gizon garrantzitsuen ahaleginak dosifikatzeko asmotan ia ababorreko albo osoa aldatu zuen atzoko proban. Hala ere, denboraldia abian denetik, aurreneko aldia da bizkaitarrak asteburu biribila osatzeko gai direla, bai emaitzei, bai erakutsitako mailari erreparatuz gero. «Bou Bizkaia» trainerua ederto aritu zen arraunean kanpoko balizara begira eta bereak izan ziren aurreneko eta hirugarren luzeetako denborarik azkarrenak. Garbi dago bermeotarrak hainbeste behar zuten oreka lortzen ari direla ontziaren tostetan eta azken emaitza bikainei esker sailkapeneko bigarren postuan finkatu dira, oriotarren aurkari zuzenak bilakatuta.

Odolkiak ordainetan

Pasaiako estropada eremura gerturatutako jende andanaren txistu eta animoak entzunda, bazirudien estropada berezi baten aurrean ginela, eta ez zen gutxiagorako izan. Bi kolore eta bi sentimendu aritu ziren aurrez aurre pasaiatarren arteko lehiaren bigarren atalean, eta kasu honetan moreak izan ziren nagusi, eta ez nolanahi ere. «Libia» ontziak egundoko estropada egin zuen zaleen oihuen popadan eta balentria handi bat lortzeko atarian izan ziren. Izan ere, gipuzkoarrak maisutasunez aritu ziren bigarren txandan Pedreña, Castro eta bizilagun duten Pasai Donibanerekin batera eta bereak izan ziren ziabogetan lortutako denborarik hoberenak. Azken txandan, ordea, Orio, Urdaibai eta dotore aritu zen Tiranek aurrea hartu zioten sailkapenean.

Emaitza txukun batekin etxera bueltatu zen beste ontzi bat Kaiku izan zen. Jose Luis Kortak zuzentzen duen taldeak denboraldiko emaitzarik hoberena berdintzea lortu zuen, bosgarren postua, eta badirudi, herrialdeko txapelketatik harago, Liga txukun bat burutzea izango dutela helburu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo