GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Jazzaldia

50 urteko «gruppien» oihu amaigabeak

Goio URIARTE Jazz zalea

Larunbat arratsaldean, Donostiako Kursaaleko kubo handira joatea egokitu zitzaigun George Bensonen saioa ikustera. Donostiara 30 urte luze igaro eta gero egin behar zuen itzulera honetarako, Pittsburgheko gitarrista eta kantariak «Give me the night» eta «On Broadway» bezalako pieza arrakastatsuez gain, «Nothing's gonna change my love for you» eta «Lady love me one more time»-en pareko abesti erromantikoez jositako egitaraua prestatu zuen. Lan hau aurrera eramateko ibilbide luzeko bost estudio musikari prestu ekarri zituen. David Garfield (pianoa eta teklatuak), Michael O'Neill (gitarra, ahotsa), Stanley Banks (baxua), Thom Hall (teklatuak) eta Michael Roberts (bateria).

Kursaaleko aretoa leporaino beteta zegoen eta gehientsuak ondo pasatzera etorri baziren ere, ez ziren gure ondoan eseritako hiru gruppie helduen eromenera heldu, eskerrak. Berrogeita hamar urte inguruko hiru `neskatoak' saio osoan zehar abesti guztien letrak oihukatzen ibili ziren. Aretoko zaintzaileek behin eta berriz emandako abisuei muzin eginez, eskuko telefonoekin saioa grabatzen saiatu ziren. Abesti bakoitzaren amaieran txistu eta harrabotsez apaindutako txalo zaparrada handienak beraiek eman zituzten. George Bensonek gerria mugitzen zuen bakoitzean ingurukoak lotsarazterainoko gauzak oihukatzen zizkioten urteetan aurrera doan ahots belusatuko bibote txikiko galaiari.

Guk bestelako saioa ikusi genuen, ordea. George Benson bere gaztaroan famatu egin zuten zergatien adibide apurrak. Gitarra jotzeko berezkoa duen dohainaren adibide gutxi. Ia bi ordu luze iraun zuen saioan, hiru piezatan ez zuen gitarrarik jo, eta beste piezetan, normalean, riff ezagunak jotzera mugatu zen. Haren ahots eztiaz gozatzerik ere ez genuen izan, taldekideak, kantaria babestu nahian akaso, edo soinu teknikarien gauzengatik, beren musikarekin Bensonen ahotsa estaltzeraino heldu baitziren. Tamalez, ez ginen Kursaaletik ondoko andreen poz-betearekin atera.

Lehoi zaharraren orroa

Larunbatean Trinitate plazan parte hartu behar zuen lehen taldeko neska pinpirina ezagutzera joan zena, aho bete hortz geratu zen, taldean Claudia izenekorik ez baitago, are gehiago, New Yorkeko Claudia Quintet taldean neskarik ez dago. John Hollenbeck bateria jotzaileak zuzentzen duen taldeak taularatutako proposamena interesgarria izan zen, eta taldeak taularatutako zuzeneko indartsu eta era berean atseginaren inguruan zerbait nabarmentzekotan freskotasuna aipatuko genuke. Jazz talde ezohiko honetako beste partaideak Chris Speed (klarinetea, saxo tenorea), Matt Moran (bibrafonoa-perkusioa), Ted Reichman (akordeoia) eta Drew Gress (baxua) izan ziren. Proposamenak Sigur Ros edo Radiohead talde malenkoniatsuak, Mehldauren «Largo» diskoa, acid jazza eta beste gogorarazi zizkigun; hala ere, ez zen kopia bat izan, taldeak, jazzaren haritik rocka, musika klasiko garaikidea, free eta bestelakoak bereganatuta, banakoen gainetik kolektibitateari garrantzia ematen dion ahots propio sortu baitu.

Taldea Trinitatean ikusteak poztu gintuen, zaleok jazzaldietako zuzendariei beti eskatzen baitiegu proposamen berritzaileak agertoki jendetsu, handietan ikusteko aukera; hala ere, auditorium batean, talde honek egindako lanaren ñabarduraz gozatzeko aukera handiagoa izango zela iruditzen zaigu.

Lehen zati berritzaile eta erakargarri baten ondoren, zirrara eta hunkidurako garaia etorri zen. Jazzaren historia liburuetan hizki larriz agertzen den Archie Sheppen ordua. Musikari mitiko honen jazzarekiko konpromisoa handia izan bada, saxofoi jotzaile honek arrazakeriaren kontra eta mugimendu afroamerikarraren alde izan duen konpromiso eta militantziaren parekorik gutxik agertu dute. 60ko hamarkadan jazz berritzailearen aitzindarietako bat izen zena, egun, 73 urteko agure agurgarria dugu, eta muturreko jazzean ibili baino, jazzaren erroetara begira dabil, bluesaren arrakaletatik, ahots urratuarekin abesten eta bere biriki nekatuek uzten dioten neurrian saxoa jotzen. Parisen bizitzen urteak daramatzan arren, 27 urte zeramatzan Donostian jo gabe, eta itzulera kontzertu honetarako Ton McClung pianista, Michel Benita baxu jotzailea eta Steve McCraven bateria ekarri zituen.

Taldeak egindako pieza instrumental apurrak zirraragarriak izan ziren, Coltraneren laukote handia gogorarazteraino. Taldeak eskainitako abestiei dagokienez, hunkigarriak iruditu zitzaizkigun, tartean «Revolution» gogoangarria, zein gustuko dugun abesti hau. Sheepek saio honetako hiru abestietan Mina Agossi frantziarraren laguntza izan zuen, gaztetan Mañarian au-pair lanetan ibilitako abeslari bitxiak ez zuen berezkoak dituen oholtza gaineko erokeriak aireratu, eta «Rudy my dear» bezalako estandarrak oso modu egoki eta neurtuan abestu zituen. Shepp gehienbat abeslari lanetan ibili zen, tenorea eta sopranoa eskuetan zuela, baina abestietako momentu txikietan inprobisatzen eta arriskuak hartzen ikusi genuenean, liluratu egin gintuen. Batean edo bestean trabatu edo haize falta izan bazuen ere, gehienetan lehoi handia izan zeneko orroak gogorarazi zizkigun eta atzaparkada indartsuak oparitu.

Oso musikari gutxi da Sheppek, bere adinarekin eta izan dena kontuan harturik, oparitu ziguna egiteko gai. Saioa amaitu zenean, Trinitate plazatik kontent atera ginen ikus-entzuleok, etxerantz batzuk, Donostiako gaua epelaz gozatzera besteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo