Agurra
Markel IRIZAR | Txirrindularia
2010eko Tour honetako azken zutabea idaztea neuri egokitu zait, eta Ametsek Rotterdamen hasi zuen «abentura» honek Parisen izango du bukaera. Behin lasterketa amaituta, balantzeak egiteko ordua da. Lasterketari dagokionez, nire uste apalean, ikuskizun oso polita ikusi dugulakoan nago. Azken hamar urteotan, lehen aldiz, ez dut 21 egun hauetan doping hitza entzun, eta hori da poz gehien ematen didan kontuetako bat. Txirrindulariak beren esfortzua eta sakrifizioa aintzat hartuta baloratuak izan dira, eta soilik kirol kontuez hitz egin da egunotan.
Faborito nagusiak, hau da, Alberto Contadorrek jantzi du soinean Parisko maillot horia, hirugarrenez, eta Indurain, Merckx eta beste txirrindulari handien klubean laster sartuko dela deritzot. Gaur egun, inongo arazorik ez bada, ia ezinezkoa da Contadorri irabaztea, eta datozen urteetarako ere bera aurreikusten da faborito nagusi.
Hala ere, berarengandik oso gertu egon da Andy Schleck Luxemburgoko txirrindularia. Iaztik ona, aurrerapauso ikaragarria eman du Schleck anaietan gazteenak, eta etorkizunean zeresan handia emango duela argi erakutsi du.
Datozen urteetan, bi txirrindulari hauek izango dira hiru asteetako proben hautagai nagusiak, eta orain, biek ala biek beren taldeekin kontratua bukatzen duten urte honetan, erabakigarria izango dute beren etorkizunerako egiten duten talde hautaketak. Beren indarrak nahikoa gertu daudenez, talde baten ahuleziak edo bestearen botereak mugitu ahal baitu balantza alde batera edo bestera.
Eta azkenik, podiumaren azken koxkan Denis Menchov errusiarra izango da. Ez dut esango Denisek Samuelek baino meritu gutxiago egin duenik. Baina asturiarrak aurpegia gehiago eman duelakoan nago. Podiuma lortuz gero, historikoa izango zen marka lortuko zuen etxeko taldearentzat. Bere taldekide guztiak buru-belarri egon dira berari laguntzen, beraiek distira egiteko aukerak albo batera utziz, eta azken unean, pena izan da, horren lan ona egin eta gero, hain gertu ikusten zuten podiuma galtzea.
Hala ere, aukera hau baliatu nahi dut, nire taldekide ohiei zorionak emateko egin duten Tourragatik.
Eta besterik gabe, hau amaitzera doa. Jakin ezazue, ikaragarri gustura egon direla Etxebarriko eta Oñatiko bi sasi kazetari hauek. Lasterketako xehetasunez harago, beste gai batzuei buruzko gure iritzi eta pentsamoldea islatzen saiatu gara. Lasterketari buruz gutxi idazten badugu, irakurleari txirrindularitzari buruzko beste ikuspuntu bat erakutsi nahi diogulako da. Ez dakit lortu dugun, baina gure asmoa, kafetxo hori hartzen edo etxean lasai-lasai egunkaria irakurtzen dagoen horri unetxo atsegin eta dibertigarri bat eskaintzea izan da.
Horrexegatik, GARAk eskainitako aukera hau eskertu nahi dugu, eta bai beraiek, eta bai zuek, irakurleok, gustu baduzue, berriz ere kiroletako txoko honetan lerrotxo batzuk idazteko zita egingo dugu beste baterako. Horrexegatik, bai Ametsen eta bai neure izenean, mila esker hor izateagatik eta besarkada bero bat.