«Xahakoa»: Zuberoako XX. mendeko gizartea eta historia aztertuz
Kantuz eta dantzaz bete zituen Barkoxeko soro eta mendiak atzoko «Xahakoa» pastoralaren lehen emanaldiak. Alexis Etxekopar «Attuli» Barkoxeko koblakari eta olerkariaren bizia ardatz harturik, Zuberoan eta bereziki Barkoxen II. Mundu Gerlan eta ondotik izandako gertakari nagusiak hiru orduko emanaldi batean ezagutzeko aukera ematen du.
Ainize BUTRON
Hogei eta lau jeikaldi eta abantzu hiru orduko ikusgarria eskaini zuten atzo Barkoxeko herritarrek bertara hurbilduak ziren bi mila bat lagunen aitzinean. Sei hilabetez prestakuntza eta hobekuntza saioetan ibili ondoren, «Xahakoa» pastoralaren ehun bat jokalariek ederki ekin zioten ikusgarriari ikusleen irri eta abesteko gogoak piztuz. Mendi magalez inguraturik, pentze batean finkatua zuten pastoraleko jokalari, kantari, dantzari eta abereak jasoko zituen taulada. Momentu horretan, urtero Zuberoako herritarrek lantzen duten obraren ohiko itxura agertu zitzaien ikusleei, baina, itxuratik errealitatean sartuz, Patrick Queheille Kanpo egileak tradizioa hein batean moldatzeari ekin ziola agerian geratu zen.
Hiru eta erdiak ziren pastorala hasi zutenean, eta, kantuak eta dantzak nagusitu ziren Attuli olerkaria zenaren bizia, eta bere bitartez II. Mundu Gerlan eta ondotik Zuberoan eta bereziki Barkoxen izandako gertakari nagusiak azaltzen dituen pastoralean. Ohiko irudi eta doinuekin azaldu zen, beraz, taula gainean.
Emanaldiko 24 jeikaldietan agertuz joanen ziren apeza, aingeruak, herritarrak, satanak, dantzari zuberotarrak, aleman naziak, soldaduak edo infernuko neskatilak bezalako pertsonaia ezberdinen desfilearekin abiatu zen ikusgarria. «Herriko bizian sortü, pastorala honen erroak, aipatüko beitütügü, egün gure etxekoak» lehen peredikuan harturiko esaldiak kokatu zuen, beraz, pastorala.
Lehen jeikaldietan II. Mundu Gerla izan zen gai nagusia, Barkoxen bost urte horietan izandako gertakari latzen bidez. Mendiz inguraturik dagoen herri horretan naziengandik ihes egiteko izandako iheslariak eta barkoxtarrek egindako mugalari lana, eta, gazteek «alemanen eskuetatik ihes egiteko Espainiara» joateko agertzen zituzten asmoak aipatu zituen egileak. Okupatzaile alemanek 1944ko uztailaren 10ean egindako sarekadan sei barkoxtar atxilotu ondotik bi hil zituzten eta Jean-Pierra Kotabarren herritar gaztea herrian erailtzearekin nabarmendu ziren. Frantziako orduko gobernu kolaboratzailearen milizianoak, Gestapoko poliziak, eta soldaduen agerpenak bertaratuak ziren milaka ikusleen txistu eta oihuak eragin zituzten Barkoxen. Izan ere, lehen arizaleen agerpenarekin ikusleak Queheillek landuriko kontakizunean erabat barnaturik zeudela nabarmena zen, eta, ikusgarria aurrera zihoan heinean, parte hartzea ere handituz joan zen.
Baten batek II. Mundu Gerla goraipatzea xede zuen pastoral batean zegoela uste izaten ahal zuen hasiera horretan. Seigarren jeikaldian Attuliren irudia Zetegitako bordan garai horretan gazteek antolatzen zituzten dantzaldietan agertzen bazen ere, hamaikagarren jeikaldia itxaron behar izan zen Barkoxeko koblakari eta olerkariaren lehen «Egünaldi eder» abestia entzuteko.
Gerla bukaturik, 1946ko Barkoxeko maskaradan izandako lehen kultur iraultza agerian jarri zen bertan, emakumeak lehen aldiko emanaldi horretan parte hartzen baitzuten. Hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea ukan berri zutela, Barkoxeko bazterretan emakumearen eskubide berriak ekintza sinboliko, baina halaber azkar horren bidez plazaratu ziren.
Horrela, atzo Barkoxen bi kultur hitzordu nagusi eman zituzten. Pastoralarekin, maskaradaren doinu eta dantzak preziatzeko aukera ere eman baitzuten.
Halere, Alexis Etxekopar Attuli hamabigarren jeikaldian izan zuten bertaratuek lehen aldiko entzungai, 1950ean idatziriko «Aita-semeak» abestia bere aitarekin batera ematen. Attuli bera gutxi ezagutua izan arren, idatzitako abestien ospea argi eta garbi geratu zen atzo, lehen abesti hori izan zen arrakasta horren lekuko.
Abesti horren bidez ere garaiko Barkoxe bezalako herri batean gertatzen ari ziren gizarte aldaketak agerian ziren. Emakumeek gizartean harturiko pisuarekin hasi ondoren, gazteek baserri inguruak utzi eta hirietara lan bila joateko abiatu zuten prozesua ere azaldu zen. Eta, bilakaera horiei jarraituz, 1953an, betiere, Barkoxen eman zen «Etxahun Koblakari» lehen aldiko euskal gai bat hizpide zuen pastorala azaldu zen Ehiartzet eta Etxahun Iruriren arteko eztabaida baten bidez.
Izan ere, aldaketa horiek guztiek gaur egun xumeak irudi badute ere, ezadostasunak sortu zituen. Lohidoiek pastoralaz hitz eginez bota zuen koblarekin, alegia, «ez niz joan emazteak sartü geroztik tauletan beren karrankak ez dütüt maitatzen pastoraletan», aurka zeudenen hitza entzun zen. Eta, berrogei eta hamar urteren ondotik, atzo Barkoxera hurbildu ziren ikusleek esaldi hori txistu eta oihuekin hartu zuten.
21. jeikaldian, berriz, Maddalen de Jauregiberri, Attuli, Etxahun, Xalbador eta Mattin bertsolariak bildurik Hazparneko ostatu batean izandako bertsolari txapelketaren irudia izan zen euskal kulturari buruzko azken aipamena.
Baina, nola aipatu II. Mundu Gerlako biharamun luzeak kontrabandoa erakutsi gabe? Euskal Herriko historiaren kontakizun horri esker ohiko pastoraletan ikusten diren ardiak preziatzeko aukera eman zuen «Xahakoa» lanak ere. Otsagiko nafar artzainekin bilduak, mugaz bi aldeetako euskaldunen arteko elkartasuna goraipatu zen.
Attuliren bizi-urrats eta obrekin, Barkoxek betidanik Zuberoako euskal kulturari izan dion grina eta zaletasun handia agerira ekarri ditu «Xahakoa» pastoralak. Zuberoako euskal kulturaren ohitura-zaindari eta berritzaile izan da Barkoxe, beraz, aspaldidanik; eta, atzoko pastoralaren emanaldian, berriz ere, berrikuntzarako zaletasun hori agerian jarria izan da. Swing eta salsa musikak eta doinu biziak entzutearekin, Attuliren biziaren aipamena zela asmatzen bazen ere, bere bitartez II. Mundu Gerlaren ondotik izandako gizarte aldaketak ezagutzeko aukera eman du.
Attuli koblakaria eta olerkaria 2005ean zendu zen. “Xahakoa” pastoralak agertzen dituen gertakari guztiak eta, baita laborari bizia ere, eta gazteak landa ingurua utziz hirira joatea, jaiak, merkatu edo feriak, euskara eta euskal kulturarendako amodioa izan ditu bere abestietako gaiak.
“Bedatsean”, “Erresiñola”, “Goizean goizik”, “Sor leküa kitatü”, “Herriko bestak”, “Oilar zaharra” dira kantuok, eta atzoko emanaldian horietariko batzuk entzuteko parada eman zuten. Baina, guztien artean ospetsuena aurtengo pastoralari izena eman dion “Xahakua” da, Donibane Garaziko kantu txapelketan eskaini zuen abestia. Baina, horiekin pastoralak ere egungo bilakaerak agerian jarri zituen, horien artean hizkuntzaren galtze prozesua, eta, pastoralaren bilakaera.
Atzoko emanaldian eskainiriko azken abestian azaldu zen kezka: «Egün azkar pastoral korpitza, bihar zoin düke geroa, ükatzen badü bere bihotza, haütatürik sos ildoa». “Xahakoa” pastoralarentzat beste bi emanaldi izanen dira. Ondokoa uztailaren 31n izango da arratseko bederatzietan, eta, azkena abuztuaren 8an arratsaldeko hiru eta erdietan.A.B.