GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxeratek presoen eskubideen alde bat egitera deitu du euskal gizartea

Udan ere presoen eskubideak defendatzen jarraituko dutela adierazi zuen Etxeratek, atzo, Donostian. Agerraldian euskal presoen egoera «gero eta larriagoa» dela azaldu zuten. Datozen asteetan errepide eta hondartzetan egingo diren elkarretaratzeak «elkartasun harresia eraikitzeko aukera bikaina» direla adierazi zuten. Prentsaurrekoan, presoek bizi duten egoera gordinaren berri eman zuten, «inpunitate eremuak amaiarazteko garaia» dela gaineratuz.

p010_f01.jpg

Yuri AGIRRE

Uztailean eta abuztuan egitekoak diren ekimenen berri eman zuen atzo Etxeratek. Lourdes Zabalegi eta Periko Estonba Etxerateko kideek azaldu zutenez, «udako ekimenen bidez, espetxe politika kriminala amaitzeko» eskatuko dute, «senide eta lagun ditugun preso politikoen egoera gero eta larriagoa baita».

Azken hilabeteotan hainbat presok egindako gose grebak «bizi duten errealitate ankerraren seinale» direla gaineratu zuen Zabalegik. Presoek «bakartzeak, jipoiak, mehatxuak, senideen eta lagunen aurkako miaketa saiakerak eta abar luze bat» jasan behar izaten dituztela azaldu zuen.

«Inpunitate eremu horiek amaiarazteko garaia» dela uste du Etxeratek. Horretarako, presoen eskubideen aldeko ekimenetan parte hartzeko deia egin zion euskal jendarteari. «Elkartasun harresia» eraikitzeko lehen aukera larunbatean izango da. Presoen senideek Euskal Herriko errepideetara eramango dute aldarrikapena, «presoek Euskal Herrian bizitzeko eskubidea dutela lau haizetara zabalduz». Hitzordua 12.00etan jarri dute.

Igandean, berriz, Loiolako santutegian elkarretaratzea egingo dute, 10.00etan. Bertan, «espetxe politika kriminala» amaitzeko eskatzearekin batera, EAEko Gobernu ordezkariak «interpelatuko» dituztela iragarri zuen Zabalegik.

Azkenik, udako ekimenen baitan, abuztuaren 8an errepideak utzi eta hondartzetara abiatuko dira, presoen eskubideen alde «bustitzera». «Euskal Herriko kostaldea osatzen duten hondartzak elkartasunez bete nahi ditugu, eta ziur gaude lortuko dugula», gaineratu zuen. Elkarretaratzeak 12.00etan izango dira.

Udako ekimenak «senideen aurkako jarrera erakutsiz euren ezintasuna eta frustrazioa islatzen dutenen aurrean elkartasun harresi bat osatzeko aukera bikaina» direla azaldu zuen. «Azken hilabeteetan Euskal Herriko auzo eta herrietan milaka lagunek erakutsi duten bezala, presoen aldeko borrokan ez gaude bakarrik, eta horrek indartzen gaitu», adierazi zuen Zabaldegik. «Elkartasuna eta maitasuna ez dira inoiz delitu izango», jarraitu zuen.

Heriotzaren erruletan

Euskal presoak egunero «heriotzaren erruletan» jirabiran dabiltzala ohartarazi zuen Zabaldegik. Presoak «bizi baldintza izugarri gogorretan eta gaixotasunek eta inpunitateak bat egiten duten lekuan» daudela azaldu zuen. Espetxean dauden 710 preso politikoetatik ia denak Euskal Herritik kanpo daudela salatu zuen. «Batez beste, euren etxetik 700 kilometrora», gaineratu zuen. Ondorioz, «astebururo senide eta lagunok gure bizitza arriskatzen dugu espainiar nahiz frantziar estatuetako errepideetan», azaldu zuen Zabalegik. Etxerateko kideak dispertsio politika martxan jarri zenetik, 21 presoren eta 16 senide eta lagunen heriotza eragin duela azaldu zuen.

Sakabanaketak eragiten dituen kostu ekonomikoen berri ere eman zuten prentsaurrekoan. «Urtero 15 milioi euroko odoluste ekonomikoa eragiten digu senide eta lagunoi», azaldu zuen. «Onartezina den xantaia baten aurrean gaude. Xantaia presoei, xantaia senide eta lagunei eta xantaia mugimendu sozial eta politiko oso baten aurka», salatu zuen Zabalegik. Preso politikoen eskubideak errespetatzeko garaia dela berretsi zuen Etxerateko kideak.

Ia 15 milioi euro

Etxerateko kideek sakabanaketak utzitako datu mingarriak eman zituzten aditzera: dispertsioak 20 presoren eta 16 senide eta lagunen heriotza eragin du. Gainera, urtero, ia 15 milioi euroko «odoluste ekonomikoa» eragiten die senideei.

Juan Mari Otaegi «Txato» omenduko dute Garazin

Datorren larunbatean GALek hildako Juan Mari Otaegi Txato itsasondoarra omenduko dute Nafarroa Behereko hiriburuan.

Txato iheslari politikoa zen, eta hil zutenean jada urte batzuk zeramatzan Nafarroa Beherean bizitzen. Bertako laborariekin harreman estua zuen.

1985eko abuztuaren 2an, lanetik irten eta autoan etxera zihoala, GALeko bi kidek atzetik tirokatu zuten Txato. Atentatua izan eta bi ordura hil zen, iheslariaren gorputza zeharkatu zuten hiru balen eraginez. Erail zuten momentuan 43 urte zituen Txatok. Omenaldia uztailaren 31n izango da, arratsaldeko bostetan, GALek erail zuen lekuan bertan. IYuri AGIRRE

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo