GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jose Luis Alvarez Enparantza, «Txillardegi» Idazlea

Janzkera kontua?

Ertzaintzaren janzkera aldaketa horretan helburu politiko nabarmenik sumatzen ez duena, pertsona zorrotza eta argia ez da

Ertzaintzaren janzkera aldatuko da Francisco López lendacariaren proposamenez. Funtsean honetan datza aldaketa: ertzainek hemendik aurrera «bisera» eramango dute buruan, «txapela»-ren ordez.

Hau oraintxe egiaztatu dut Internet-en begiratuz. Bi ertzain agertzen dira irudian. Bata txamarra gorriaz, eta bestea jertse urdinaz. Eta bietan, buruan, txapelaren ordez, bisera ikus daiteke (irudi horretan, «bisera» ikusten da eta «visera» hitza irakurtzen da, irudia espainieraz inprimatua delako).

Hots, inozo ez denak berehala igartzen du Lópezen helburua zein den: Ertzaintzaren janzkera deseuskalduntzea.

Bitxia da. Baina progreek oso maite duten bisera «abstraktuari» (bisera moda berri hori yankiengandik datorrelako) lehentasuna ematen diote halere janzkera berriari, txapelaren kaltetan. Eta PSOEren Jaurlarichak berehala hartu du parte, txapela mespretxatuz.

Noski!

Baina «txapel»/ «bisera» aurkatasuna guztizkoa da.

Har dezagun , adibidez, Sopena espainiar Hiztegia. Eta irakur dezagun:

«Boina: gorra sin visera, redonda y achatada, de lana, y de una sola pieza».

«Visera: ala pequeña que llevan las gorras, en la parte delantera».

Txapelak tradizio luzea du Euskal Herrian. Are Vasconia zaharrean ere, zehazkiago.

Esaldi famatua da Zumalakarregi jeneral karlistarena: «a los vascos se les quita más fácilmente la cabeza que la boina».

Eta kontuan har daiteke Iparraldeko euskaldunek txapelari «euskal boneta» esaten diotela.

«Txapeldun» zer den geure hiztegietan begiratzen badugu, bi adiera aipatzen dira: «1) campeón; 2) persona que lleva boina». Txapeldunari txapel bat eskaintzen zaio beti; eta sekula ez bisera bat.

Gauza bera ikasten dugu Harluxet hiztegian:

«Txapel: 1) burua estaltzeko eramaten den artilezko atal bakarreko buru-estalki biribil eta zapala; 2) ... 3) ... 4) lehiaketa bat irabazi duenaren adierazgarria, euskal kiroletan bereziki».

«Txapelketa: lehiaketa, bereziki kirol eta jokoetan».

«Txapeldun: 1) lehiaketa edo txapelketa irabazten duena; 2) buruan txapela daramana». Bata ala bestea, alegia.

Hots, Lópezen proposamenean, esan dugunez, «bisera» aipatzen da. «Txapela» lotsarik gabe baztertuz.

Jakina : Nafarroako ertzainek, oker ez banago, txapel gorria daramate. Eta Lópezen erabakiak ez du Nafarroan ondoriorik izango. Beharrik! Lópezek Vascongadetan bakarrik baitu eraginik .

Ikamika honek «guerra de las banderas» famatua gogorazten du. «La ikurriña es simplemente un trapo», esaten zuten unionistek. «¿Por qué la tenemos que hipostasiar?».

Baina sekula ez ziren ausartu «la rojigualda es un trapo» esaten!

Jakina!

Ertzaintzaren janzkera aldaketa horretan helburu politiko nabarmenik sumatzen ez duena, pertsona zorrotza eta argia ez da.

Ala bestela ziniko hutsa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo