GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Erlijioekin kokoteraino

 

Kokoteraino nago erlijioekin. Edo hobeto esateko, kokoteraino erlijiozale gehienen proselitismo lotsagabearekin. Egunotan arima karitatetsu batek igorri dit sarean dabilen bideo onbera eta asmo oneko horietariko bat.

Itxura onaz, hitz jario gozoaz eta mise-en-scêne itxurosoaz gizon emakume batzuk ari dira azaltzen zein zoriontsuak diren orain, munduko lotura materialistetatik aske, euren espiritualitateari emanak, meditazioa eta barne-araketa ardatz hartuta. Egiaren bidea aurkitu aurretik, zioten, euren ardura ia bakarra zen auto garestia eta soldata handia jasotzea. Baina hutsik sentitzen ziren barrutik. Orduan, o miraria! egun batean «Indarra»rekin egin zuten topo. Ez diote deitzen Jainko, Yahve, Buda edo Ala, Indarra baizik, eta erlijio guztien oinarrian dago.

Orain, Egiaren jabe direla, gainontzekoei adierazteko beharra sentitzen dute eta, bideoaz gain, terapia zentroa zabaldu dute nonbait.

Enfin, zer esan. Oka egiteko hamasei arrazoi datozkit burura: bat, espiritualitatea esperientzia subjektiboa eta transmitiezina da; bi, bestelako arazorik ez duen askok arazo bihurtzen dute motibazio eza; hiru, errespetu falta ikaragarria da pentsatzea Egiatik hurbilago dagoela sinestuna agnostikoa edo fedegabea baino; lau, galdera aristotelikoei erantzuten ez dakienak (nor naiz, nondik nator, nora noa) erlijioari eskatzen dio erantzuna, baina batzuek badakite jakin nor diren, zein den beren jatorria eta zein euren xedea; bost, proselitismoa gutxiespen mota bat da, hantuste zantzua du eta, finean, ez du kontuan hartzen pluraltasuna, hurkoaren askatasuna, aniztasuna; sei, zenbat lerro gelditzen zaizkit?

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo