GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Elkartasuna, «terrorismoa goratzea» egotzita

Sen onak ez ezik, Eskubideak abokatu elkarteak ere atzo esan zuenez, «terrorismoa goratzea» delakoaren erabilerak adierazpen askatasuna eta gai politikoetan parte hartzeko eskubideari buruzko jurisprudentzia urratzen du, eta elkarte horrek atzo salatu zuena ez da ehunetik gora profesionalek sostengatzen duten iritzi hutsa, baizik eta esandako jurisprudentzia oinarri duten argudioak. Adibide ugari eman zituzten, esate baterako, oraindik orain Auzitegi Nazional espainolak tipo penal horren pean epaitu zituen Berriozarko hiru zinegotziak absolbitu izana.

Agintariak eta poliziak ez dira mugatzen presoen aldeko argazkiak edota ikurrak agertzen dituztenek delituren bat egin dezaketen ikertzera, haien asmoa zehaztu ere egiten dute. Euskal presoekiko edozein elkartasun zantzu, «terrorismoa goratzea» tipo penalaren zakuan sartuta, delitua izango dela erabakitzen dute aldez aurretik, joan den igandean Gasteizko blusa eta neskek euskal preso politikoen senideei -urtero bezala- egin zieten omenaldian erakutsi zuten bezala. Herri honetan bizi den edonork badaki euskal preso politikoen argazkiak agertzea haiekiko hurbiltasun afektiboaren erakusgarri eta jasaten duten eskubide urraketaren salaketa dela, eta afektibitate hori oso zabalduta dagoela euskal gizartean. Eta hori ez dela inolako delitua, Auzitegi Gorenak berak ebatzia duenez. Baina gehiegikeria horiek guztiak polizien arduradun politikoen ahotan eraginkortasun bihurtzen dira, eta agintariek eta poliziek ez ezik, hainbat epailek ere erabilera makur bera egin izan dute, auziak onartuz eta epaiketaraino bide emanez.

Euskal presoen argazkiak eta haiekiko elkartasun agerpenak debekatzea, paradoxikoki, presoen existentzia bera ezabatu nahi izatea da, presoak, drama pertsonalaz gainera, gatazka baten adierazleetakoa diren neurrian. Hala ere, euskal presoek preso diraute, eskubideak urraturik, eta euskal gizartearen parte handi baten haienganako elkartasuna eta maitasuna ezin dira dekretuz desagerrarazi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo