GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

ERREMONTEA Buruz Buruko Casino Kursaal Txapelketaren aurkezpena

Piramidearen tontorra

Larunbatean hasiko da urteko lehiaketa nagusiaren azken fasea, Matxin IV.a eta Etxabe II.a tartean direla.

p038_f01_444x444.jpg

Asier AIESTARAN

Larunbat arratsaldean hasiko da Galarretan Buruz Buruko Casino Kursaal Txapelketaren azken fasea. Aurtengo lehiaketak berrikuntza handi bat izan du, koadro profesionaleko pilotari guztiek izan baitute bertan parte hartzeko aukera, eta atzo Donostian egindako aurkezpen ekitaldian geratu ziren erabakita final-laurdenetako bost kanporaketak.

Urriza/Uterga neurketak emango dio hasiera hurrengo faseari larunbat honetan, eta ondoren iritsiko dira beste lau norgehiagokak: Ezkurra/Etxabe II.a (abuztuaren 3an), Zeberio II.a/San Miguel (abuztuaren 7an), Juaristi/Olazar (abuztuaren 10ean) eta Matxin IV.a/Lizaso (abuztuaren 14an). Bost partida horietako irabazleek finalerdietako ligaxkan sartzeko txartela eskuratuko dute, jokatu gabe zuzenean sailkatuta dagoen Miguel Mari Urrutia egungo txapeldunarekin batera.

Finalerdiak jokatzeko sailkatzen diren sei pilotariak bi multzotan banatuko dituzte (A eta B) eta horietako bakoitzean aurreneko postua lortzen duten bi erremontistek jokatuko dute finala. Ligaxkako neurketak abuztuaren 17an, 19an, 21ean, 24an, 26an eta 28an jokatuko dituzte. Final handia, berriz, irailaren 4rako dago aurreikusia eta ETBk zuzenean eskainiko du.

Ezkurra, Lizaso, Zeberio eta Urrutia txapeldun handien parte hartzearekin batera, lehiaketan oraindik bizirik segitzen duten eta lehen fasetik datozen bi pilotariak nabarmendu nahi izan zituen Kike Elizaldek, Oriamendi enpresako intendenteak. «Gazteei aukera eman nahi izan diegu eta apustuak arrakasta izan du, Matxin IV.a eta Etxabe II.a behetik hasi eta goraino heldu direlako. Zorionak eman behar dizkiet, lau kanporaketa gainditu baitituzte. Eta baita Olazarri ere, hiru partida irabazi baititu, atarian gelditu arren».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo