GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Besta on, denoi!» ozen batekin zabaldu dira jaiak Baionan

Ximun Cazaubon bertsolariaren bertsoak hedatu ziren Baionako herriko etxeko balkoitik atzo egin zen jaien ate irekitzean. Ohiko herriko hiru giltzak jaurtitzea Sebastien Gonzalez, Waltari Agusti, Yves Salaberri «Xala» eta Juan Martinez de Irujo pilotariei tokatu zitzaien. Leon Erregeak bere aulkia berreskuratu zuen balkoian, bestek iraunen duten lau egunetarako. Gaur, Haurren Eguna izanen da. Animazioak ugari izanen dira herriko auzo eta karriketan.

p016_f01.jpg

Ainize BUTRON

Zuri eta gorri koloreak jantzi zituen atzo Baionak, lau egunez iraunen duten besteei hasiera emanez. Arratseko hamarrak ziren herriko etxeko balkoitik bertan bilduak ziren berrehun bat mila lagunen aitzinean «besta on, denoi!» borobil bat entzun zelarik.

Ximun Cazaubon Jatsuko bertsolariak izan zuen bertsoz gaualdiko lehen hitzak eskaintzeko aukera. Bestei ongi etorria eman ondoren, urteroko usaiari eutsiz hiriko hiru gakoak jaurti zituzten Ives Salaberri Xala, Sebastian Gonzalez, Waltari Agusti eta Juan Martinez de Irujo pilotariek.

Bertan zeuden milaka lagunen txalo, oihu eta bestarako gogoz beteriko herritarren aitzinean Leon Erregeak, balkoian kokaturik, jaietako lehenengo iratzartzea egin zuen. Ekitaldia behar bezala amaitzeko su artifizialak zabaldu ziren Reduit plazatik.

Bestak abiatu bezain laster, musika eta jai giroa nagusitu zen Lapurdiko hiriburuko plaza gehienetan.

Baina, herritar askok ez zuten baitezpada gaueko Leon Erregearen zeremonia horren zain geratu nahi izan jaiei ongi etorria emateko.

Azken urteotako joerari jarraituz, bezpera zein aurreko asteburutik ikusten ahal zen han eta hemen baten bat jaietako koloreekin jantzita. Baina, jaietan buru-belarri sartzeko beharra gehienbat bezperan sumatu zen hiriburuan.

Astelehen zein asteazken arratsaldean ikusten ahal ziren karriketan bestazaleak dantzan eta kantuz ostatuetan. Lau egun labur egiten direla-eta, jaiak bi asteburuetara hedatzeko xedea adierazten zuten askok.

Kirola nagusi

Astelehenean Braderia izenez ezagutzen den urteroko merkealdi azoka izen zen egun osoan. Ostatu eta saltokietan asteburuaz geroztik agerikoak ziren bestetarako den prest izateko lanak, etengabea edarien banaketarako kamioien harat-hunata. Eta horrekin guztiarekin zabalduz zihoan jai giroa.

Bitartean, tren geltokitik Baiona Ttipirako bidean, kanpoko gazte taldeak kanpalekuetara zihoazen, jaiak ospatuz lau eguneko oporrak igarotzeko kokalekuen bila.

Karrikaz karrika ibiltzerakoan giro goxoa sumatzen zen. Auzoz auzo, saltegien arteko «aperitifak» ikusten ahal ziren han eta hemen. Espaina karrikan, izan ere, Oteiza saltegiak inguruko saltzaile guztiak gomitatuak zituen xingar mozketa eta dastatze ekimen batera. Ate irekitze ofiziala gauean izan arren, egunean zehar gehienik kirolari loturiko zenbait hitzordu finkatuak ziren.

Biarrizko hondartzatik Baiona artean ohiko Festalarien Lasterketa izan zen, eta, hiru mila bat lagun elkartu zituen goizeko bederatziak aldera Baionarainoko korrikaldia egiteko.

Horiez gain, aurten lehen aldiko, La Poterne plazan herri-kirol saioak ere egin zituzten, eta Errobi ibaian piragua txapelketa eta traineruak ikusi ziren. Joko-zelaian, berriz, errugbi partida egin zuten, Hegoaldeko jokalari batzuk eta Ipar Euskal Herriko beste batzuk, nor baino nor.

Piragua lehiaketak bi parte hartzaile baizik ez zituen elkartu, eta Errobi ibaiko bazterretan ere ez ziren asko izan txapelketari so zeudenak. Baina Lasterkaldia eta tortilla lehiaketarekin horixe bera gertatu zen, egungo sona izatera iritsi aurretik; beraz, ondoko urteetan ekitaldi horien arrakasta handituz joanen dela pentsa daiteke.

Bazkalorduan «munduko biper arroltze moleta» lehiaketa izan zen. Koadrilek antolatuta, hogei bat parte-hartzaile bildu ziren, eta bazkari erraldoi batekin jarraitu zuten ekimena.

Haurrak

Txokolate jatea, desfilea, haurren danborrada, zigante txikiak, bazkaria eta entzierro txikia dira gaurko, Haurren Egunaren karietara, iragarritako jardueretako batzuk.

Bestetako musika eta ikuskizun eskaintza oparoa

Gaurtik aitzina, musikak eta animazioak toki handia izanen dute karriketan. Ehundik gora kantaldi, animazio eta ikusgarri iragarri dituzte, eta, urtero bezala egunean zehar publiko zabalari hamaika modu ezberdinetan bestaren parte izateko aukera eskainia zaio. Oraingo musika azaltzea helburu duen Gazteszena atzo gauean jadanik Xaho pasealekuan kokatu zen. Euskal Museoko Xokoa gelan tradiziozko kantu eta musika entzungo da, berriz, eta Musikaldia eszenan, eta Errepublikako plazan bestetako kantaldiak ere abiatu ziren atzo bertan.

Aurtengo berrikuntzen artean, goizero, musika talde batek hartuko du Leon Erregea esnatzeko lana, eta, gaur eguerdian haurrek izango dute horren emanaldia entzuteko lehen aukera.

Hori, urtez urte herritar gero eta gehiago biltzen duen Karrikaldia, edota bestetako ikurrak diren «corso argitua», Baionako masterra, bigantxak eta erraldoien desfilea ahantzi gabe.

Aurten, Herriko Etxeak agorrilaren 1erako finkatu du egun garrantzitsua. Iruñearekiko lotura ospatzea xede duen egun horretan, erraldoien dantzaldiari esker memento azkarra finkatu dute herriko Katedralean. Baiona eta Iruñea senidetutako hiriak dira eta hitzarmen horren 50. urtemuga ospatzeko gisan, Iruñeko Erraldoiak Lapurdiko hiribururat etorriko dira, hala, Leon Erregearen Gorteak sanferminetan eginiko bisitaren ordaina itzuliz. Era berean, egun horretan ospatuko dute Baionako bestetako Gazteen Eguna.

Gaur goizean gaitari eta txistularien doinuek esnatuko dituzte herritarrak, Haurren Egunean parte hartzeko, goizeko hamarretatik goiti. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo