GARA > Idatzia > Kultura

Bidasoafolk jaialdia txalaparta tradizionaletik soinu afrikar eta zeltetara ibiliko da jauzika

«Hiru hiri, bi historia, kultura bat» lema dauka aurtengoa hamargarren edizioa izango duen Bidasoafolk jaialdiak. Txingudi badian zehar, munduko musikak eta kulturak nahastuko dira hiru egunetan.

p041_f01_96x95.jpg

GARA | HENDAIA

Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko Partzuergoak antolatzen du jaialdia, Hendaia, Irun eta Hondarribiko udaletako kultura arduradunekin elkarlanean, eta hiru hiri horietan kokatzen ditu agertokiak. Hala, mundu osoko musika estiloak erakusten dituen leiho txiki baten izaera hartzen du abuztuko hiru egunetan zehar Bidasoafolk jaialdiak, baita berarekin batera Irun, Hendaia eta Hondarribiak ere.

Jaialdiaren izaera anitza ikusirik, eskualde hau Gipuzkoaren eta Iparraldearen arteko kultura eta turismo gune bihurtu nahi dela ikus daiteke, kultura ezberdinen topagune eta musika partekatzeko agertoki.

Hamargarren edizioa izango da aurtengoa, eta Irun, Hondarribi eta Hendaiako oholtza eta kaleetan era guztietako tradizioak, kulturak eta historiak presente egon dira hamar urte hauetan izen handiko artista askoren musikaren eskutik. Artista horien artean, Carlos Nuñez, Maria del Mar Bonet, Eliades Ochoa, Eliseo Parra, Benito Lertxundi, Manuel Luna, Ruper Ordorika edota Teruelgo danbor jotzaileak izan dira, besteak beste.

Abuztuaren 20tik 22ra bitartean ospatuko dute jaialdia, eta herri bakoitzak bere eguna izango du; hala, txalaparta hotsek emango diote hasiera, Hondarribian, Astigarragako Kiriko taldearekin, eta egun berean Joao Afonso portugaldarrak hiri musika afrikarra eta portugaldarra nahastuko ditu, Urbália Rurana taldeak valentziar eta mediterranear musika emanaldia eskaini baino lehen. Hilaren 21ean urrunagoko soinuak zabalduko dira Hendaian, Reunion irlako Leila Negrau, Cabo Verdeko Mayra Andrade eta DJ Lord Sassafrasekin -munduko musika anitz nahasten ditu DJak, rock, funk eta etno-tecno estiloekin-.

Azken egunean Europa iparraldetik etorritako artistekin amaituko da jaialdia, Irunen. Lehenbiziko emanaldia Bretainiako Gwennyn-en musika tradizionala izango da, eta azkenik, Irlandako Altan taldeak bere eragin zeltak erakutsiko ditu Irungo kaleetan, 21.00etatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo