GARA > Idatzia > Kultura

Aurtengo Kontzertu Piratan Bebe, Ze Esatek! eta Sorkun&Pata arituko dira

p041_f02_87x72.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Piraten Aste Nagusia zortzigarren aldiz dator Donostiara uda honetan. Beti bezala, bertako Aste Nagusian herritarren parte-hartzea nagusitzea nahi dute, eta horretarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte festak irauten duten zazpi egunei begira.

Urtero bezala, ekintza nagusia Kontzertu Pirata izango da. Lehengo urtean bi egunetan eman zituzten kontzertuak, ostiral eta larunbatean, baina aurten bakarra izango da ikusleak Trinitate plazan elkartuko dituen eguna. Abuztuaren 14an, larunbatean, hiru taldek joko dute, festei hasiera emanez: Bebe, Ze Esatek! eta Sorkun&Pata.

Sarrerak ohiko tokietan eta Internet bidez jarriko dituzte salgai (www.izanpirata.info), 20 euroko salneurrian. Hala ere, azken unerako uzten dutenentzat, Trinitate plazan ere izango da erosteko aukera, kontzertu egunean bertan, 24 euroren truke. Gainera, 20 sarrera zozketatuko dituzte.

Gainerakoan, zereginik ez da faltako aste osoan zehar: Erromeria Urgull mendian, Trinitate plazako La Flamenka gunean New York Ska Jazz Ensemble eta Revolutionary Brothers taldeen emanaldia (hilaren 18an), edota Trakets talde famatuaren ikuskizuna izango dira, besteak beste, aurten Piraten Aste Nagusiak ekarriko duen eskaintza osatzen duten jarduerak. Gainera, musika talde gazteei, hasi berriei begira, lehiaketa bat antolatu dute. Lanak bidaltzeko epea abuztuaren 9an amaituko da, eta hiru finalistek hilaren 17an joko dute Trinitate plazan.

Bukatzeko, beste behin ere Donostia abordatuko dute Piratek, eta aurten, Aste Nagusiko programa ofizialean agertuko da ekintza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo