GARA > Idatzia > Euskal Herria

Txupinazoa protesta artean aireratuko da gaur Etxarrin

Udala Etxarri Aranazko herritarren nahia alboratuta eratu zela gogoratuz eta salatuz abiatuko dituzte jaiak gaur. Festak eztanda egin ostean, ordea, egitarau oparoaz gozatzeko beta izanen dute bizilagunek ostiralera arte.

p020_f02.jpg

Oihana LLORENTE

Gaur dira abiatzekoak Etxarri Aranatzeko jaiak. Eguerdiko ordu batean botako dute txupinazoa eta, aurten, Oskar Lasa eta Aitor Zubieta pilotariek eta Josu Anduaga txistulariaren familiak izango dute ohore hori.

Hirugarren urtez, demokrazia eza salatzeko hitzordua dute herritarrek udaletxe parean, «Etxarri Aranatzen demokrazia zero» lelopean. Izan ere, Euskal Herriko herri askotan bezala, 2007ko udal hauteskundeetan Etxarrin ere ez zuten herritarren erabakia errespetatu eta NaBai dago geroztik Udalean agintzen.

Protestaren ondotik, herri egitarauari jarraiki, errepresaliatuen aldeko herri bazkaria eginen dute, gaurkoa «Euskal errepresaliatu politikuen egune» baita Sakanako herrian. 20.00etan mobilizaziorako tenorea iritsiko da, jaietan izan ezin duten euskal presoen eskubideen defentsan. Gaurkoa parranda luzea izango dela ziurtatuta dago, herri mugimenduak jarritako karpan gosariak banatzea ere aurreikusi dute eta.

Kultur eskaintza oparoa izango da karpa horretan, herri mugimenduko kide batek GARAri adierazitakoaren arabera. Ezker abertzaleak, gazte asanbladak zein herri mugimenduek sustatutako guneak tritikitilarien doinuekin gozatzeko aukera eskainiko du gaur, baina gaurkoa hasiera besterik ez da izanen. Ostirala bitarte, Fermin Valencia, Anje Duhalde edo Ansa Ahizpak igaroko dira oholtzatik, bai eta Ipar Euskal Herritik datorren Nat&Wats taldea ere. Asteartean, Koadrilen Egunean, bertso-afari desafioa izanen da Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolarien eskutik, eta ostiralean, jaiei agur esateko, euskal kantak abestuko dituzte.

Kultur ekitaldiez haratago, ahoa gozatzeko eskaintza ere primerakoa izango da karpan; izan ere, egunero afariak eta Koadrilen Egunean bazkariak emango dituzte-eta.

Karpako egitarauaz gain, egunero izanen da zer egin herri mugimenduek antolatutako programari esker. Antolatzaileek garrantzi berezia eman nahi izan diote bigarrenez ospatuko den Gazte Egunari eta «Independentzia» aldarrikatzen duen kamiseta gorria jantzita bertaratzera deitu dituzte gazteak.

GAZTE EGUNA

Iaz hasi ziren Gazte Eguna jaietan ospatzen eta aurtengo edizioarekin finkatu eta indartu nahi dute gazteek ekimen hau. Kafea, auzatea, triki- poteoa eta kontzertuak izanen dira asteazkenean.

karpA

Afaltzeko primerako aukera izateaz gain, kultur egitarau oparoa eskainiko du ezker abertzaleak, gazte asanbladak eta herri mugimenduek antolatu duten karpak.

Auzateak, sabela betetzeko primerako aukera

Euskal Herrian dena mahai baten inguruan ospatzeko ohitura dagoela entzuten da maiz, jatekoa eta edaria soberan direla beti. Sakana ez da horretan salbuespen, eta egunero auzateak egingo dituzte etxarriarrek jaiek irauten duten bitartean. Hamaiketakoarekin batera egin ohi den arren, lehendabiziko eguna indartsu hasteko eta gauari gogoz heltzeko 20.30ean izanen da gaurko auzatea.

Hartzabal, Etxe Azpi, Udaberri Larrañeta eta Karrikestu elkarteek dute gaurko auzatea prestatzeko ardura eta seguru mokadu goxoa izanen dela.

Auzatea Sakanako ohitura zaharra da, eta jan-edana ateratzeari eta herritarren esku jartzeari deitzen diote auzatea. Eskualdeko herri askotan eusten diote ohitura horri, batik bat jaietan, baina baita urtean zehar ere. Ohitura hau nondik datorren ezagutzeko beta ez dagoen arren, sakanarrek ezin dituzte jaiak mokadutxo hauek egin gabe ospatu.

Egunero hainbat jateko prestatzen dituzte elkarteek, aurrez adostutako txandak errespetatuz. Menua elkarteek beraiek erabaki eta prestatzen dute, baina normalean marmitakoak edota haragi gisatuak ez dute hutsik egiten.

Udalak janaria prestatzeko diru laguntza txiki bat ematen die antolatzen duten elkartei eta edariaz bera arduratzen da. Udaletxe aurrean, herriko plazan, izaten dira auzateak, eta herritar ugarik parte hartzen du.

Hurrengo egunetan, berriz, auzateak 11.30ean izango dira. Biharamunari aurre egin eta sabela betetzeko aukera bikaina, herriko plazan. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo