Sokatira Euskal Herriko Txapelketaren amaiera
Goiherrik bere nagusitasuna erakutsiz amaitu nahi du
Gaur bukatuko da Laukizen lehiaketa, eta Erandioko taldeak ia poltsikoan dauka 580 kiloko txapela. Aurretik, 600 eta 640 kilotakoak eskuratuta dago.
Jon LEUNDA
Euskal Herriko sokatira denboraldia amaitzear da. Azkeneko ekinaldia gaur jokatuko da Laukizen, 11.30etik aurrera. Bertan, Goiherri A, Goiherri B, Gaztedi, Gaztedi mistoa eta Getxo lehiatuko dira. Azken saioa 580 kiloko hirugarrena eta azkena izango da.
Amaierako jardunaldi honetara Goiherri txapela ia poltsikoan duela helduko da. Erandiokoek ez zuten denboraldia ongi hasi, ezin izan baitzuten 680 kilotako txapela jantzi, baina hortik aurrera jokatutako guztia eraman dute, eta 580 kilotakoa ere esku-eskura daukate.
Berdeek orain arte jokatutako saio guztiak irabazi dituzte, eta bigarren postuan dagoen Gaztediri bi puntuko aldea kentzen diote. Beraz, eta gaur txapelik gabe geratzeko, Erandiokoek hirugarren postutik behera geratu beharko lukete, eta Gaztedik irabazi. Orain arte ikusitakoaren arabera, ez dirudi horrelakorik izango denik. Seguruenik ere, eta gauzak asko okertu ezean, Goiherrik denboraldiko hirugarren txapela eskuratuko du, eta berriro ere beste taldeen gainetik dagoela erakutsiko du.
Gainerako postuak ere nahikoa finkatuta daudela ematen du. Izan ere, lehendabiziko bi jardunaldietan emaitza berak izan baitira. Bigarren postuan Gaztedi dago, eta honek bi puntu kentzen dizkio hirugarren dagoen Getxori. Laugarren, Goiherri B taldea dago, eta azkeneko postuan Gaztedi mistoa, orain arteko tiraldi guztiak galduta. Beraz, ez dirudi, gaurkoaren ostean ere, sailkapen nagusian aldaketa handirik izango denik.