GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Langabeziaren bilakaera oztopoz betea

Biztanleria aktiboaren gaineko inkestaren (EPA) arabera, Hego Euskal Herrian 7.500 langabe gutxiago izan dira urteko bigarren hiruhilekoan. Datu hori, berez, positiboa da, eta positiboagoa litzateke langabeziaren bilakaeraren adierazle balitz. Goiz da, ordea, hala den jakiteko. Bestalde, aztertu egin beharko dira hilabete horietako bilakaeran eragin duten beste faktore batzuk, hala nola aldi baterako kontratuen kopurua. Nolanahi ere, desiragarria da hurrengo datuek langabeziaren beheranzko joera berrestea. Hala gertatuko balitz, paradoxikoa izango litzateke Madrilgo Gobernuak eta Kongresuak onartutako -eta Hego Euskal Herriko gobernuek sostengatutako- Lan Merkatuaren Erreformaren eragina, langabeziaren joera positiboa oztopatuko bailuke. Lanpostuak sortzen hasten direnean langileen kaleratzeak errazteak ez du-eta beste ondoriorik izango. Eta antzeko eragina izango du gastu publikoaren murrizketak. Paradoxikoa bainoago arduragabea da gobernuen jokaera, enplegua sustatu beharrean hura sortzea oztopatuko duten neurriak hartuta. «Krisia gainditzeko» diote, «ekonomiak aurrera egiteko». Noren ekonomiak, ordea? Espekulazio basatiaren presioari men eginez, enpresarien mesederako legeak onartuz, ez da sinesgarria langabezia borrokatzea lehentasunetako bat dutenik. Eta beharko lukete izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo