GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Inazio MURUA

Abertzalea, «patriota», «patriot»...

Ni Euskaltzaindiko kide banintz, Euskal Hiztegi Batuan nacionalista hitza bere horretan jaso eta haren adiera honetara emango nikek: `espainiar nazionalista, inperialista'». Haserre etorri zitzaidan Joxe atzo, Espainako Errege Akademiak (RAE) «abertzale» hitza bere hiztegian jaso eta esleitu berri dion adiera dela eta.

Nik, egia esateko, kontu horri ez nion gehiegizko garrantzirik eman; areago, horren berri jakin nuenean, uste izan nuen akademiko txit agurgarriek Jose Maria Aznar edo Manos Limpias sindikatukoak zituztela gogoan «nazionalista erradikal» adiera erabaki zutenean. Baina ez, badirudi euskal abertzaleez ari zirela.

Edonola ere, niri ez zait gaizki iruditzen. Espainia aldean abertzaleok hala sumatzen bagaituzte, halaxe jaso behar gaituzte beren hiztegietan. Tira, badakit espainiar guztiek ez gaituztela horrela ikusten, espainiar hedabideek hala ikusten bagaituzte ere. Eta, espainiar akademiko txit agurgarriek bezala, «erradikal» diotenean, «muturreko» esan nahi dute.

Bego. Guk badakigu gaztelaniaz «abertzale» hitzak patriota duela ordaina, eta ingelesez patriot... Hau nahastea, patriot misil sistema bat ere bai baita, estatubatuarren -hobeto esateko, estatubatuar korporazioen- aberriaren aldeko lan eskerga egina duena. Hala ere, horren jakitun, badirudi RAEren itzulpenak gauzak argitzen lagunduko digula eta bete-betean asmatu duela abertzale hitzaren baitan «erradikal» izenondoa jarrita. Adibide baten bidez hobeto ulertuko dugu. Estatu Batuetako, Europako eta Afganistango koalizioa osatzen dutenak (propaganda gaiztoak merituak kendu nahi dizkien horiek) besterik gabe patriotas eta patriots dira, erradikalak ez direlako. Erradikalak balira, berriz, abertzales eta abertzals izango lirateke.

Beste bat. Nik uste nuen patriotismo constitucional delakoa euskaraz «abertzaletasun konstituzionala» zela, baina ez, abertzaletasun konstituzionala gaztelaniaz nacionalismo radical constitucional baita euskaldunon kasuan. Eta ezinezkoa, Konstituzio espainolak debekatzen duelako. Euskal nazionalistak existitzen ez den nazio bati (konstituziorik ez duena) atxikimendua ematen diotenak izaki, ezin dira konstituzionalistak izan; horrenbestez, erradikalak dira. Argi dago... ez?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo