GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Pello Otxandiano eta Joxemi Campillo Mondragon Unibertsitateko kideak

Nor garen eta norantz goazen...

 

Ekainaren 29an euskal langileriaren gehiengoa kalera atera zen espainiar Gobernuak onartu berri duen lan erreformaren aurkako protestan. Kaleratzea merkatzea eta erraztea, hitzarmenak ez betetzeko bidea irekitzea, ABLEei zenbait muga kentzea... helburu duen lan erreformari ezetz esan zion euskal gehiengo sindikalak. Agintarien esanetan, krisi ekonomikotik ateratzeko bidea omen da erreforma hau, nora eraman nahi gaituzten azaldu ez diguten arren. Zalantzarik gabe, aspaldiko atzerakadarik handiena eman da lan baldintzei dagokienean.

Grebaren balorazio positiboa egin dute deitzaileek, jarraipen zabala izan baitu sektore eta lurralde desberdinetan. Mondragon Taldeko kooperatibek, aldiz, ez zuten greba deialdia babestu, kasu gutxi batzuk kenduta. Zer pentsatu eman digu gertaera honek mugimendu kooperatiboaren parte garen heinean. Aldez aurretik, garbi utzi nahi dugu kooperatibetan greba deialdia demokratikoki bozkatu zela, eta langileek beraiek gehiengoz erabaki zutela grebara ez ateratzea. Erabaki demokratikoak errespetatu beharrekoak dira beti, edozein delarik erabakiaren emaitza. Errespetatu beharrekoak diren neurri berean dira kritikagarriak, eta gaude ikuspegi kritikoaren falta dugula oro har; beraz, uler bedi hausnarketa hau eztabaida sano eta eraikitzailearen akuilu modura.

Askotarikoak izan dira langile kooperatibistek grebari ezetz esateko eman dituzten argudioak. Besteak beste, badago erreforma honek langile kooperatibistei eragingo ez dien pertzepzio orokorra. Ez da gure asmoa, ordea, eztabaida termino teknikoetan kokatuz, lan erreformak izaera juridiko berezitua duten kooperatibetako langileei nola eragingo dien kuantifikatzea. Beste hari bati heldu nahi diogu oraingoan, izan ere, Euskal Herrian errotutako kooperatibismoak langileriaren eskubideen murrizketa bortitz honen aurrean adierazi duen jarrera kritiko ezak kezkatu egiten gaitu. Hain zuzen, mugimendu kooperatiboa, gerra ondorengo ekonomia autarkikoaren garaietan, bizi eta lan baldintza prekarioei enpresa eredu humano eta demokratikoa gainjartzeko borondatez jaio zen. Hau da, lan baldintza duinen aldeko konpromisoa mugimendu kooperatiboaren izateko arrazoi nagusia da. Beraz, gure ustez, lan erreformak dakarren lan baldintzen atzerakadaren aurrean, euskal langileriaren eskubideen aldarrikapenari uko egitea nekez uler daiteke kontzientzia kooperatibistaren parametroetan. Besterik da greba deialdiaren egokitasuna eztabaidatzea, edo harago joanda, greba orokorra bitarteko bezala zalantzan jartzea. Baina erratuko ginateke, ekainaren 29an kalera atera ez izanaren erdigunean, kontzientzia kooperatiboaren (zentzu zabalenean) ahultasuna kokatuko ez bagenu.

Kontzientzia kooperatiboaren ahultasuna krisi ideologikoarekin loturik dago, eta horren diagnostikoa konplexua da. Ekuazioaren aldagai batzuk identifikatzen nekezak dira, beste batzuk jatorri globalekoak, eta badira aldagai lokalak, zehazki azken urteetan landu den enpresa ereduarekin zuzeneko lotura dutenak. Hala ere, atzera begiratzen entretenitu beharrean, etorkizuna begitandu dezagun, XXI. mendeko subjektu eraldatzailea eguneratu, gaurko erronkak identifikatu argitzapen estrategikoa ekarriko duen prozesuaren baitan. Lan honetan aspalditik izaera ofiziala duten printzipio kooperatiboek gaurkotasun osoa dutela deritzogu. Gizartearen eraldaketari dagokion 8. printzipioak dioenez: «Arrasateko esperientzia kooperatiboak borondatea agertzen du gizartearen aldaketan eragiteko, beste herriekiko solidarioa, jarduera eremutzat Euskal Herria hartuz, bertako susperraldi ekonomikoan lagunduko duen hedapen prozesuaren bidez. (...) Beste euskal erakunde ekonomikoekin eta sozialekin lankidetzan arituz, bereziki euskal langileriak sustatutakoekin. (...) Euskara hizkuntza nazional gisa hartuz eta, oro har, euskal kulturaren elementu nagusiak biziberritzeko lankidetzan».

Eraikuntza prozesu honetan, beste edozeinetan bezala, ahulguneak eta indarguneak identifikatzeak asko balio du. Momentu honetan ikusten ditugun bi ahulgune aipatzera ausartuko gara. Alde batetik, balio kooperatiboen inguruko heziketan hutsune nabarmena ikusten dugu enpresa eta hezkuntza zentro kooperatiboetan. Hori dela eta, kooperatiba guztietan formazio kooperatiboa indartu behar dela uste dugu. Bide honetan, hezkuntza zentro kooperatiboak pentsamendu aurrerakoi eta kritikoaren gotorleku bilakatu behar dira, biharko kooperatibistak hezteko. Bestalde, etorkizuneko subjektu eraldatzailearen ahulgune nagusietako bat teknokrazia endogenoa dela deritzogu. Azken finean, enpresa eredu desideologizatuaren kudeatzaileak izan dira espainiar erregea gonbidatzeko beharra ikusi zutenak, edo berriki Eroski nazionalizatu dutenak.

Arizmendiarrietak esana da, mundua ez zaigula begira egoteko eman, eraldatzeko baizik. Ekin diezaiogun bideari, elkarlanean, ekainaren 29ko grebari baietz esan genionok eta ezetz esan zeniotenok!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo