Euskal Herria jaietan
Antzinako euskara gaurkotzea jolas bilakatu da Etxarri Aranazko jaietan
Etxarri Aranazko euskarak berezitasunak dituela erakutsi eta galtzear diren esamoldeak plazaratu eta berreskuratzeko, horiek jasotzen dituzten pegatinak, kartelak eta komikia kaleratu ditu Karrikestu elkarteak.
Oihana LLORENTE | ETXARRI ARANATZ
Etxarri Aranatzen aspalditik erabiltzen diren hainbat hitz eta esamolde suspertu eta berriz ere plazara atera asmoz egitasmo berezia jarri du abian herrian erabat sustraitua dagoen Karrikestu kultur elkarteak. Gaur egungo etxarriarrek esamolde horiek ezagutu eta erabiltzeko abiatu du ekimena, herria atzo eguerditik jaietan buru-belarri murgilduta dagoela baliatuz.
Sakanako hizkera biltzen duen hiztegi mardula kaleratu edo euskalkia aztertzeko mintzaldi luzeak antolatu ordez, egunotako jai giroarekin bat datozen euskarriak erabiltzea nahiago izan dute elkarteko kideek. Helburu argia izan dute: adin guztietako etxarriarrengana heltzea. Izan ere, herriko jaietan soinean eraman ohi diren pegatinak, diseinua zainduko kamisetak edota kartelak erabiliko dituzte aukeratutako esamoldeak ezagutarazteko.
Era berean, etxeko txikienek aiton-amonen euskararekin gozatzeko beta izan dezaten komiki bat ere kaleratu dute. Horrez gain, txiki zein helduek esamolde eta hitzen esanahia ongi ulertzeko hiztegi txiki bat prestatu du Karrikestu elkarteko kultura batzordeak.
Karrikestuko kide den Mikel Mundiñanok GARAri azaldutakoaren arabera, egunotan plazaratuko dituzten esamoldeak orain dela hainbat urte Jose Luis Erdozia etxarriarrak eginiko lanetatik jaso dituzte. Euskaltzain horrek «Sakana erdialdeko bitxikeriak: esaerak eta beste» izeneko liburua argitaratu zuen eta bertan daude orain argitara emandako esamolde gehienak.
Etxarriko hitzen hiztegiak arakatzeaz gainera, Mundiñanok adierazi duenez, herritarrek erabiltzen dituzten hitzei arreta berezia ere jarri diete. «Zuzentzaile lana egin dutenengana jotzeaz gain, herritarrek erabiltzen dituzten hitzei ere jarri diegu belarria. Gero, dena diseinua zainduarekin plazaratu dugu», nabarmendu du etxarriarrak.
Berezitasun eta bitxikeriak
Egindako ahaleginarekin, Etxarri Aranatzeko euskarak, Euskal Herriko herri guztietako euskarek bezala, berezitasunak eta bitxikeriak dituela erakutsi nahi izan dute. «Gure-gureak diren eta oharkabean esaten ditugun hitz eta esamoldeak bildu ditugu, baita egun galtzear daudenak ere», nabarmendu du.
Berezitasun horiek «herri sormenaren eta hizkuntza bizi eta dinamikoaren» adierazle direla deritzote Karrikestu elkarteko kideek eta garrantzi berezia ematen diete. Izan ere, hizkuntzak egungo beharretara eta errealitatera egokitu beharra duela, eta, ondorioz «hitzekin jolasteko ohituratik eratortzen den sormen lana» ezinbestekoa dela uste dute sakanar hauek.
Horiek horrela, garbi dago herriko jaietan euskararekin jolasteko ohitura «sano eta umore onekoa» bultzatu nahi duela Karrikestuk. Horixe da behintzat jaietarako prestatu dituzten materialen helburu nagusia.
Gaur, 20.00etan, eta bihar, 13.00etan, herriko plazan izango dira Karrikestu elkartekoak. Kamisetak saldu eta plazaratutako produktuak herritarren artean banatuko dituzte.