GARA > Idatzia > Kultura

Iruña-Veleia aztarnategiko indusketa lanak defendatu ditu EAk

Eusko Alkartasunak, prentsaurreko baten bitartez, egun Iruña-Veleia aztarnategiak aurrera daramatzan jardueren egokitasuna eta alderdikide duten Lorena Lopez de Lacalle, Arabako Kultura diputatuak, indusketei buruz hartutako erabakien zuzentasuna defendatu zituen atzo Gasteizen. EAren ustez, indusketekin jarraitu beharra dago Iruña-Veleian; hain zuzen ere, horretan dihardu egun EHUko Julio Nuñezen taldeak adostutako Zuzendaritza Planari jarraituz.

p048_f01_199x116.jpg

A. BILBAO | GASTEIZ

Eusko Alkartasunak Arabako Aldundiak Iruña-Veleia aztarnategi erromatarraren aferan hartu dituen azken erabakiak defendatu zituen atzo, Gasteizen egindako prentsaurreko baten bitartez. Alderdiko makina bat kideren babesarekin, Araban EA alderdiko bozeramaile den Lauren Uriak eman zituzten azalpenak, eta Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputatuaren jarduna babestu zuen, Iruña-Veleiako egungo jarduna zuzentzat iritzita.

EAk azken egunotan jasotako kritikak gaitzetsi zituen, «afera politizatu nahian» egindakoak direla uste baitu, eta eskaera bat ere egin zuen: «Aztarnategiari zentsuz eta zehaztasunez lanean jarraitzen uztea».

Lauren Uriak agertu zuenez, Iruña-Veleiaren kasuan, aferak alderdi profesional eta teknikoak kontuan hartzeko eskatzen zuenez, arkeologo sonatuenen eta gure inguruko erakunde nagusien parte hartzea bilatu zuten. Eta gogoratu zuenez, gainera, aipatutako parte hartzea hasiera-hasieratik bilatu beharrekoa izanagatik, Lorena Lopez de Lacalle Kultura Sailera iritsi arte ez zen horrelakorik egin. Beraz, Kultura diputatuak hartutako erabaki guztiak babestu zituen, beraien adostasuna ez ezik, Arabako Aldundiarena (EAJ, EA eta agintean egon zen tartean baita Aralarrena ere), Lakuako Gobernuarena eta Euskal Herriko Unibertsitatearena ere badutelako. Arkeologia adituen babesa dutela ere ezin dela ahaztu nabarmendu zuen.

Iruña-Veleiako Zuzendaritza Plana geldi dezaten egindako kritiken oinarria, «indusketen jarduerak, oraindik epairik gabe den aferako frogak kalte ditzakeela» omen da, baina Uriak azaldu zuenez, «epaitegietan eman zitzaion erantzuna horri», Lurmenek Zuzendaritza Plana geldi zezaten eskatu zuenean epaileak «oinarririk gabeko ustetzat jo baitzituen Eliseo Gilen enpresak horretarako emandako argudioak». Izan ere, EAren ustez, batzuk aitzakiak erabiltzen ari dira -hondeatzaileak, hesiak eta beste aipatuz-, «iritzi publikoa nahastu eta denbora irabazteko, modu horretan aztarnategiaren etorkizuna oztopatuz». Eta Iruña-Veleiak, «bakea da behar duena, profesionaltasunez eta ikuskapenez lan egiteko, orain arte egin ez den bezala».

Aralarren eskaria

Iruña-Veleiaren egungo egoera aztertu eta Aralarri erantzun nahi izan dio EAk atzoko prentsaurrekoaren bitartez, Patxi Zabaletaren alderdiak Iruña-Veleiako indusketak gelditzeko eskaera egin baitzuen iragan astean, baita aztarnategiko zuzendari Julio Nuñez kargutik kentzekoa ere, Euskal Herriko ondare arkeologikoari eraso egin eta Zuzendaritza Plana ez betetzea egotzita. Bide beretik, SOS Iruña-Veleia plataformak egungo indusketen zuzendari Julio Nuñezen kontrako salaketa jarri du, eta Lorena Lopez de Lacalleren aurka jokabide bera hartuko ote duen aztertzen ari da, herenegun jakinarazi zuenez.

SALAKETA

Aralar alderdiak epaileen erabakia ezagutu arte indusketak geldi daitezen eskatu du. SOS Iruña-Veleia taldeak, bere aldetik, aztarnategiko egungo arduraduna den Julio Nuñez salatu du, ondasun arkeologikoak kaltetzea leporatuta.

«Lantzen ez den indusketa galdu egiten da»

Epaitegietan dagoen auziari dagokionez, EAren iritziz kontua ez da asko mugitu, eta «epaia azkartzea ez dago gure esku». 2009an bide penala hartu zuen Arabako Aldundiak egindako salaketak -ostrakak faltsuak direla mantentzen dute-, eta, antza, epaitegiak ez ditu oraindik eman beharreko pausuak eman. Lurmenek horrela eskatuta, Guardia Zibilaren laborategietan frogen azterketa egitekotan direla-eta, Arabako Kultura diputatu Lopez de Lacallek jakin nahiko luke azterketok «zein helbururekin, zertarako» egiten diren -afera nahastu eta atzeratzeko direla susmatzen dutela dirudi-.

Bestalde, Lopez de Lacallek argitu duenez, «hondeatzaileak ohikoak dira indusketa lanetan eta bere garaian Lurmenek ere erabili zituen. Aldiz, orain lurra ondo gordetzen ari gara, egin behar den bezala, neurri zehatzak eta lan arkeologiko zuzena eginda, lehen ez bezala». Aztarnategian Zuzendaritza Planaren araberako jarduera aproposa omen darabil egun Julio Nuñezen lan taldeak. Izan ere, «lantzen ez den indusketa galdu egiten da».

Bukatzeko, Kultura diputatuaren iritziz, azkenaldian Iruña-Veleiaren inguruko informazio solte ugari kaleratu dira komunikabideetan, eta horrek sarri «egoera orokorra ikustea eragozten du».

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo