«Suntsipenek gure zibilizazioaren historia ezagutzera garamatzate»
Eskultorea
Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua, Ibon Aranberrik (Deba, 1969) Japoniako CCAKitakyushu eskolan sakondu zuen bere formakuntza. Erakusketa ugari egin ditu nazioartean, besteak beste, Frankfurt, Stockholm edota Basilean. Burgoseko Santo Domingo de Silos herriko abadia da artearen gaineko bere ikuspuntua erakusteko hautatu duen azken lekua; hurrena Bartzelona izango da.
O. LARRETXEA | DONOSTIA
Ondarearen babesaren eta proiektu garaikideen arteko talkaren gaineko hausnarketa egiten du «Gramatika de meseta» erakusketan Ibon Aranberrik. Santo Domingo de Siloseko abadian atondutako erakusketan, argazki eta irudi bildumek urtegi, eski estazio eta errepideak egiteko eraikuntza historikoak harriz harri nola lekualdatzen diren azaltzen du. Suntsipenaren edertasuna du hizpide erakusketak Aranbarrik azaldu duenez, «edertasun apokaliptiko bat». Azaroaren 14ra arte izango da ikusgai.
Santo Domingo de Siloseko abadiak leku egokia dirudi ondarea gaitzat duen erakusketa bat jartzeko. Zerk eraman zintuen bertara?
Gonbidapena Reina Sofia Museotik etorri zitzaidan orain dela urtebete. Abadiarekin elkarlanenean duten egitasmo baten harira, urtean hiru erakusketa egiten dituzte bertan. Erakusketa jartzerako orduan, lekuari erreparatu eta harreman geografiko bat zegoela ikusi nuen. Hain zuzen ere, hortik dator izenburua: «Gramatica de meseta». Hau da, hiritik at dagoen baina aldi berean urbanoa den gunea. Gainera, lekuak berak ere badu izaera patrimonial hori.
Makroproiektuek ondare historikoan duten eragina jorratu duzu. Zer da: hausnarketa edo kritika?
Saiatzen naiz ondorio zehatzik ez ematen, ez dut aurreiritzirik islatu nahi. Baina oraindik berria zaigun garai historiko hau, alegia, modernitatea, gainbegiratzeko aitzakia ere izan daiteke. Askotan modernitatea apurketa edo salto historiko nagusi bezala ikusten dugu, berrikuntzetan oinarrituta dagoena, edo, nolabait, memoria deuseztatu eta eraikitzen duena. Nik erabili ditudan elementuak ez dira garaikideak, zaharrak, historikoak, arkaikoak baizik. Hala ere, aldi berean, erabilpen sinboliko berri bat izan dute aro garaikidearen paradigmaren barruan.
Zein kasu hartu dituzu hizpide?
Hurbileko historia ezberdinak dira, baina ez dut haietara mugatu nahi izan, ez bainien itxura etnografikoa eman nahi. Esango nuke fikzio berri baten eraikuntza dela, izatez irreala dirudien kapitulu batzuetan oinarrituta. Finean, historia ezberdinetan oinarritutako historia orokor bat da. Hala ere, proiektu jakinetara joz, erlijio arkitekturaren lauzpabost adibide agertzen dira. Argazkietan obra handiak egitean, hau da, errepideak, eski estazioak edota urtegiak, eraikin historikoak harriz harri nola mugitu dituzten ikusten da. Eta, leku aldaketa horretan, tentsioa agertzen da. Aspalditik ari naiz guztiz zientifikoa ez den lan molde batekin lanean, azpiegitura erraldoien eta ondarearen arteko tentsio horrek sortzen dituen eragin fisikoak aurkituz, katalogatuz eta horien gainean hausnartuz.
Zer esan nahi duzu tentsioa aipatzerakoan?
Zaharra botatzearen eta berria eraikitzearen artean badago edertasunaren lilura, baina, aldi berean, dilema bat sortzen da; suntsipenaren edertasunarena, alegia. Izan ere, nire ustez, suntsipenak badu edertasun siniestro bat.
Makroproiektuak egiteko suntsitu egin behar bada, eta suntsipenak edertasuna gordetzen badu, edertasunez inguratuta gaudela esan daiteke?
Neurri batean suntsipenek geure zibilizazioaren historia ezagutzera garamatzate; hondakinen gainean hausnartzera garamatzate. Azken finean, hondakinez disfrutatzen dugu. Hondakinak aurreko suntsipen baten emaitza dira, eta, nahi gabe, garai historiko batzuk berriro bisitatzeko ate bihurtzen dira. Apokaliptikoa da.
Beraz, hondakinak eta historia lotuta doaz halabeharrez?
Ez beti. Hitz egin dezakegu hondakin berriez ere, nolabait modernitatea bera hondakintzat hartuta: garai honek ekarri dizkigun eraldakuntzak eta paisaiak bereganatu dituen forma berri eta bortitzak. Hain zuzen ere, erakusketan zaharra eta berriaren arteko lotura ezkutuak agertzen dira.
Erakusketara bueltatuta, zer topatuko du ikusleak bertan?
Erakusketaren bihotza diaporama bat da, aztertutako eraikuntzak egin zituzten enpresen artxiboetatik hartutako 50 diapositiba inguruk osatutakoa. Gainontzekoan dokumentuak daude, baina ez da erakusketa didaktikoa. Hirugarren eta azken elementua hilerri erromatar baten harriek osatzen dute. Nolabait, «Gramatica de mesetan» erakusketako elementu erreal bakarra da hilerria; hau da, ez da irudikapen huts bat.
Hilerriak berak ere pairatuko zuen leku aldaketa, ezta?
Nekropoli erromatar hau K.o. II. mendekoa da; aldiz, V. eta VI. mendeen artean, eliza bisigodo bat eraiki zuten hilerriaren gainean; lurperatuta geratu zen. Horrek historiaren parabola erakusten du: garai berriek aurrekoak bere nola egiten dituzten erakusten du, beharrezkoa bada baita hainbat mendez lurpean utziz ere.
Nola bildu dituzu argazkiak eta dokumentuak?
Urteak daramatzat, ia ikasle garaitik, ingurune hauek zeharkatzen: oinez, abionetaz... Hori bai, beti argazki kamerarekin. Nire artxiboak erabiltzeaz gain, artxibategi publikoak nahiz enpresa pribatuetakoak kontsultatu ditut. Herritarrek utzitako irudiak ere erabili ditut.
Eskuartean bakarkako proiektu berri bat omen duzu...
Bartzelonako Antonio Tapies Fundazioan aurkeztuko da datorren urtarrilean. Eskaera orain bost urte egin zidaten, baina nire lan erritmoa motela da; gainera, krisiak berak ere gauzak atzeratu ditu. Bartzelonan azken urteotan egindako lana bilduko du, baina ez da atzera begirakoa izango, nire lanek ez baitute autonomiarik; guztia gurutzatzen da nire lanean, beraz, lan emaitzak baino lan ildoak agertuko dira, betiere bere izaera ezberdinetan. Lan erraldoia da eta egunotan buru belarri nabil bertan murgilduta.