GARA > Idatzia > Kirolak

Bat formula Hungariako Sari Nagusia

Hegoak are gehiago luzatu dizkio Vettelek Red Bullari

Alemaniarrak laugarren «pole position»-a lortu du jarraian Hungaroringen.

p044_f01_148x096.jpg

Imanol CARRILLO

Berdin dio zein zirkuitutan egiten den lasterketa. Berdin dio eguraldi ona edo txarra egiten duen. Berdin dio azken lasterketa Fernando Alonsoren Ferrariak irabazi bazuen. Eta, berdin dio, batik bat, taldeek euren autoei pieza berriak ipintzen badizkiete ere. Izan ere, kontuak kontu, Red Bullek bere nagusitasuna erakutsi zuen berriz ere atzo, oraingoan Hungariako Hungaroring zirkuituan egindako sailkapenean.

Besten behin ere Sebastian Vettel alemaniarra eta Mark Webber australiarra izan ziren azkarrenak. Hortaz, lehen lerrotik irtengo dira gaur 14.00etan hasiko den lasterketan.

Aurreko asteburuko probaren eta herenegungo entrenamendu libreen ostean, Alonso asturiarraren Ferrariak hobekuntza nabarmena emana zuela zirudien, baita bi Red Bullen aurretik ipintzea lor zezakeela ere. Baina bai atzo goizeko azken entrenamenduetan bai sailkapenean, probak alde batera utzi eta hegoak jarri zizkieten beraien autoei Vettelek eta Weberrek; hala, berriz ere, azkarrenak izan ziren. Lehen bi sailkatuen artean lau hamarreneko aldea izan zen bitartean, Vettelek segundo bat eta bi hamarreneko atera zizkion Alonsori; hau da, denboraldiko tarterik handiena.

Lehen postuetan sorpresarik egon ez bazen ere, atzerago ez zen gauza bera gertatu. Izan ere, Jenson Button egungo txapeldunak (McLaren) eta munduko txapeldun zazpi aldiz izandako Michael Schumacherrek (Mercedes) ezin izan zuten Q3 sailkapenean sartu. Petrov (Renault), Martinez de la Rosa (BMW Sauber) eta Hulkemberg (Williams), aldiz, Q3an izan ziren; hori dela eta, hurrenez hurren, zazpigarren, bederatzigarren eta hamargarren tokietatik aterako dira gaurkoan.

Aurreratzea, ia ezinezkoa

Hungaroring zirkuituak oso aukera gutxi ematen du aurreratzeko. Hori dela eta, irteerak garrantzi izugarria izango du, posturen bat irabazteko aukera bakarra izan baitezake.

Era berean, Hungariako Sari Nagusian oso garrantzitsua da pistaren zein aldetatik irteten den gidari bakoitza. Postu bakoitietan ateratzen direnek abantaila garbia izaten dute, pistako zati hori garbiago izaten baita. Hala, lasterketaren hasieran gurpilak oraindik berotu gabe daudenean, errepidera hobeto atxikitzeko aukera dute. Beraz, ikuskizuna ziurtatuta dago.

Sebastian Vettel: «Auto txundigarria dugu»

Bat Formulan irteera hain garrantzitsua izanik, Sebastian Vettel alemaniarra oso pozik agertu zen atzo jarraian laugarren pole position-a lortu eta gero: «Oso egun ona izan da guretzat. Asteburu osoan konfiantza handiarekin eta eroso sentitu gara, eta zertxobait hobetzea lortu dugu. Azkarrago joaten saiatu gara gidariok, baina taldeko langileon unea da, auto txundigarria baitugu». Red Bulla hain ondo doala ikusirik «zerbait gordeta» dutela ere aurreratu zuen.

Bestalde, hirugarren izan zen Fernando Alonsok (Ferrari) honakoa adierazi zuen: «Guk gure lana egin behar genuen: beraiengandik ahalik eta gertuen egon. Pozik nago pistaren eremu garbitik aterako naizelako. Ea gauzak zertxobait zailago jartzen dizkiegun».

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo