GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Tratu txarrak erauzi, onak sustatu

Aurten, abuztuan ere hemen izango gara astelehenero. Oporraldien sinonimoa den hilabete honetako lehen artikulurako nire asmoa gai freskagarri edo pozgarriren bat ekartzea zen, baina errealitateak ez du halakorako betarik uzten. Ezin kontu horien gainean jardun emakumeen kontrako indarkeria oso aktibo dagoela egiaztatzen ari garenean, pixkanaka erauztea lortzen ari garela ziurtatu barik, biktima gehiago izaten eta kasuan kasuko basakeriak ezagutzen ari garenean. Uztailean hamabi emakume erail dituztela jakinda.

Hogeita hamaika eguneko epean muturreko halako hamabi kasu gertatu izana alarma guztiak pizteko eta tratu txarren dinamika horren guztiaren baitan dagoen esparruan esparruko guztia aztertu eta astintzeko modukoa da. Areago Genero Indarkeriaren Behatokiko presidentea azken hilabeteotan tratu txarren salaketak erretiratzen dituzten biktimen kopurua goraka egiten ari dela ohartarazten duenean. Datuen arabera, 2010eko erdialdean 2009ko bukaerako zifretatik hurbil gaude. Honek guztiak garbi erakusten du egiten ari dena ez dela nahikoa, edo beste nonbaitetik heldu beharra dagoela.

Joan den astean kolpeka eraildako Amelia Amayaren kasua genero indarkeriaren oso aspektu esanguratsu baten adibide garbia da: denbora zeraman tratu txarrak jasaten, egina zuen salaketa, gizonak bazuen epaileak agindutako urruntze agindua, baina, hala ere, elkarrekin bizitzera itzuli ziren, aurreko bizimodura eta ohiko jipoietara, azkena jaso duen arte. Erruz errepikatzen denaren adibidea; salaketa jartzea lehen urratsa bada ere, berau emateko ausardia bilduta ere, ez baita inondik inora ere egoerarekin bukatzen. Laguntza eta babes handia behar du emakumeak -psikologikoki hutsaren hurrengoa bihurtuta, beldurrez eta lotsaz beteta fisikoki ahul- ez dadin berriz ere barkamen eta damuaren gezurrean erori, zulo berean sar. Biktimak laguntza mota oro behar duelako zalantzarik ez du jendarteak, beste kontu bat da helarazitako laguntza eta babesa benetan eraginkorra den, urtetako min psikologikoa eta mendekotasuna gainditzeko.

Hori horrela, gizonezkoari arreta gutxiegi jartzen zaiola iruditzen zait, bai erasotzaileari bai oro har gizonek jendartean eta gai honi dagokionez duten rolari. Erasotzailearentzako zigorra erdietsita, bukatutzat jo ohi da kontua, barnean daraman eta erabil eta heda dezakeen indarkeria eta gorroto hori guztia berez desagertuko delakoan edo. Ez dut uste kartzela eta isolamendua nahikoa denik; alderantziz, pertsona horiekin lan handia dagoela egiteko uste dut, zigorraren osagarri, etorkizunean haren inguruan egongo direnen mesederako, batik bat. Beraz, tratamenduaren gaia, esaterako, sakonago jorratu beharko litzateke, aurreiritziak alde batera utzita.

Bukatzeko, ezinbestekoa begitantzen zait Santurtziko Gizon Ekimena elkartea bezalakoak ezagutzera eman eta sustatzea, besteak beste, tratu ona zabaltzeko kanpaina abiarazi duena, tratu txarrak salatze hutsarekin konformatu barik, tratu ona bultzatzea eraginkorragoa delakoan. Guztiz ados, guztiz beharrezkoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo