GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Trenbidearen euskal museoa

Gipuzkoako bihotzetik hasita trena eta irudimenarekin iraganera bidaiatzea posible da

Azkar bizi garen garaiotan, denbora gelditu eta atzera begiratzeko gonbidapena egiten diguten tokiak egon badaude oraindik ere. Tren berriek jada ez dute triki-traka hotsik ateratzen, ezta kerik botatzen ere. Aldiz, trenei buruz pentsatzen jartzen garenean, antzinakoak irudikatzen ditugu sarri, zaharrek xarma berezia duten seinale.

p012_f02.jpg

Nagore BELASTEGI

Azpeitia Loiolako santutegiarengatik da famatua batik bat, baina erlijioarekin zerikusirik ez duten bestelako erakargarri turistikoak ere baditu. Horien artean dago gipuzkoarrek hain kuttuna zuten Urolako trenaren geltoki zaharra, gaur egun antzinako trenen bilduma apartaren zaindari bilakatu den museoa.

Urolako trenak izen bereko ibaiaren ibilbidea jarraitzen zuen. Zumarragatik Zumaiarainoko bidea egunero egiten zuen, besteak beste udan probintzia barneko herritarrak hondartzara eramanez. 1926an jarri zen martxan bide estuko trenbide dotorea, eta, garaiko teknologiaz baliatuz, Estatu espainiarreko lehenengotariko tren elektrikoa hartu zuen. XX. mendearen hasieran elektrizitatea ez zegoen orain bezain eskuragarri, eta, horregatik, beste mota batzuetako trenak erabiltzen zituzten, adibidez lurrunezkoak. Horiek horrela, Urolako trena funtzionatzen hasi zenean, elektrizitatea eskuratzeko azpizentral bat ere eraiki behar izan zuten, energia bat-batean joaten bazen trenak martxan jarraitzeko aukera izan zezan.

Urolako trenbidearen inaugurazio egunean Alfontso XIII.a Espainiako erregea eta guzti izan zen Azpeitian. Bazkari oparo baten ondoren, tren berria martxan jarri zuten. Garaiko gobernuak diru asko inbertitu zuen proiektuan, baina denborarekin trenbidea erabat ahaztuta geratu zen, eta, azkenean, 1986ean, itxi egin behar izan zuten. Zorionez, Euskotren konpainiak tren zaharraren instalazioak eskuratu zituen; 1926. urtean atondu bezala zeuden. 1989an museoa egiteko lanak abiatu zituzten eta ordutik gero eta eskaintza zabalagoa ematen saiatu dira; hala, 1998tik tren zaharretan paseotxo bat emateko aukera ere ematen dute.

Euskotrenen esku hartzea

Juanjo Olaizola Trenbidearen Euskal Museoaren zuzendaria da, eta proiektua martxan jarri zenetik dabil bertan lanean. Gainontzeko langileek ere museoari lotuta egin dute beraien ibilbide profesionala, nahiz eta berez Euskotren enpresako langileak diren. Tren zaharren artean ematen dute eguna, herritik atera gabe buruarekin iraganera bidaiatuz. Bisitariek ere esperientzia bera bizi dezakete. Bai, bizi, Olaizolak nabarmentzen duen bezala, Azpeitiko museoa ez baita museo normal bat; hau da, ikusleek artelanak begiratze hutsetik haratago joan daitezke.

Trenbidearen Euskal Museoko harrigarriena ehun urte baino gehiagoko makinak oraindik badabiltzala frogatzea da. Izan ere, bertara gerturatzen diren bisitariei gehien gustatzen zaiena Lasaoraino joaten den tren historikoen bidaiatxoa egitea da. Joan-etorriko 10 kilometroko ibilaldiak 40 minutu irauten ditu eta bailarak dituen paisaia ederrekin gozatzeko aukera ematen du. Ibilaldiak asteburuetan bakarrik egiten dituzte, baina abuztuan eskaintza are eta zabalagoa da: asteburuetan lurrunezko lokomotora ateratzeaz gain, astean zehar diesel lokomotora ateratzen dute.

Museoaren zuzendariaren esanetan, askoz errazagoa da diesel trena gidatzea lurrunezkoa baino, bigarrenean etengabe ikatza botatzen egon behar baita; azkenerako, zikin-zikin eginda bukatzen dute makinistek. Argi dago diesel trenak asmatzea sekulako iraultza izan zela trenetan lan egiten zutenentzat; askoz erabilgarri eta erosoagoak dira.

Beste aldaketa garrantzitsu bat egurrezko bagoietatik burdinazkoetara pasatzea izan zen. Urolako trena Estatu espainiarreko lehenengo tren metalikoa izan zen; ordura arte, burdinak beroa emango zuela eta egurrak giroa freskoagoa mantenduko zuela pentsatzen zuten. Paradoxikoki, Suedian kontrakoa uste zuten; hau da, burdina hotzagoa izango zela. Hain zuzen ere, horregatik ez ziren ausartzen Suedian tren metalikoak egitera, neguan jasan ohi dituzten tenperatura baxuen beldur baitziren.

Azkenean, Urolako trenak Beasaingo CAF lantegian 1925. urtean sortutako tren metalikoa aurkeztu zuen. Berehala geratu zen argi barruko tenperatura antzekoa izateaz gain, tren metalikoak egurrezkoak baino askoz sendoagoak zirela. Egia da burdinazko trenak pixka bat beroagoak izan bazirela, baina, aldiz, istripu bat egonez gero seguruagoak ziren, egurrezko trenak suntsitu egiten baitziren.

Trenbidearen Euskal Museoan antzinako trenak daude batez ere, gehienak Euskal Herrian bertan erabilitakoak. Aldiz, kanpotik ekarritakoak ere badaude, adibidez, Portugaleko tren konpainia nazionalak oparitutako «Portugal» lurrun lokomotora.

Nabari da geltoki izandako instalazioek edota bertan bildutako trenek hainbat bizipen gordetzen dituztela. Egun gauzak alde batetik bestera garraiatzeko bitarteko dezente dauzkagu, baina lehen trenak berebiziko garrantzia zuen, baita lantegi barruetan ere. Bizkaiko Labe Garaietan, adibidez, 100 kilometro trenbide zituzten eta 2.000 bagoi erabiltzen zituzten materialak garraiatzeko. Hainbeste tren zeudenez, langile ugarik horiekin bakarrik egiten zuten lan; tailer mekaniko propioa ere bazuten.

Luxuzko garraiobidea ere izan daiteke trena areto-bagoi deituriko bagoi bereziei esker. Horiek besteak baino erosoagoak dira eta pertsonaia garrantzitsuak garraiatzeko erabili izan dira, egun limusinak edo hegazkin pribatuak erabiltzen diren bezala. Trenbidearen Euskal Museoan ikusgai den areto-bagoia 1887an eraiki zuten Manchesterren; hori bai, euskal trenbideak ondo baino hobeto ezagutu zituen.

Garai batean Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan hamazazpi tren konpainia izan ziren, eta bakoitzak areto-bagoi bat zuen gutxienez. Aipatutako bagoi bitxiaz aparte, bestelako pieza baliotsuak ere badituzte museoan. Adibidez, lurrunezko lokomotoraren asmatzailea izan zen Stephensonen lantegian egindako lokomotora bat dago. Gainera, ez da edozein lokomotora: oraindik ibiltzen den munduko Stephenson makinarik zaharrena da.

Tailer mekanikoa

Trenaren munduarekin loturiko era guztietako objektuak daude Azpeitian. Adibidez, bagoiak eta lokomotorak dauden eremuan, Donostiako trolebus bat eta 1922ko suhiltzaileen kamioi bat daude. Azken hori, museoko garraiobide gehienak bezala, ibiltzeko gai da oraindik; hala, Donostiara eramaten dute urtero San Joan Jainkoarena egunean suhiltzaileen zaindariaren eguna ospatzeko.

Trenak dauden eraikinean bertan, tailer mekanikoa ere badago. Bertan dauden tresna guztiak trena martxan jarri zen garaikoak dira, 1926koak, eta orduan bezain ondo funtzionatzen jarraitzen dute. Elektrizitatea oso garestia zenez, motor bakar bat erabiltzen zuten bertako makina guztiak mugitzeko, eta polea bidezko sistema batez bidez motorrak emandako indar guztia aprobetxatzea lortzen zuten.

Museoaren ataria igaro bezain pronto, denboran atzera egitearen sentsazioa jasotzen du bisitariak, antzinako kartel, liburu eta uniformez beterik baitago harrera. Horrez gain, elektrizitate azpizentralaren eraikineko espazioan, txartelak egiteko makina zaharrak, tren sortzaileen txapak, faroltxoak, jostailuak, trenen maketak edo geltokietako erlojuak daude ikusgai. Txartelak egiteko makinen ondoan txartel zaharrak daude, museoaren sarreran ematen dituztenen antzekoak; horiek ere Urolako trenari buruzko istorio ugari kontatzen dituzte.

Trena martxan jarri zenean gaztelaniaz idatzitako txartelak besterik ez zeuden, baina bailaran euskarak duen garrantzia ikusirik, atzeko aldean euskarazko bertsioa egitea erabaki zuten. Noiz eta XX. mendearen hastapenetan. Orduan txartelak ez ziren bertan inprimatzen, eta egiten zituen lantegiari erosi orduko ordaintzen zizkioten. Beraz, txartel bakar bat galtzeak dirua galtzea suposatzen zuen.

Txartel batzuk azkar amaitzen ziren, eta gehiago egiteko eskatu beharra zuten. Beste batzuk, ordea, apaizen edo militarren deskontu txartelak adibidez, luzaroan izaten zituzten. 1936ko Gerra hastearekin batera, aldiz, Euskal Herria faxistez bete zen eta militarren txartelak inoiz baino gehiago erabiltzen hasi ziren. 1926ko 210.000 txartel zituzten oraindik saldu gabe, alde batetik euskaraz idatzita zeudenak, eta, zentsura frankistaren eraginez, euskarazko aldean paper bat itsastea erabaki zuten. Izan ere, merkeagoa zen paperak itsastea txartelak botatzea baino. Txartel horietako milaka ale dituzte museoko arduradunek gordeta oraindik ere.

Mundu osoko bisitariak

Trenbidearen Euskal Museoak metatutako bilduma aparta eskuratzea ez da erraza izan. Horrez gain, ikusgai dauden tren gehienak martxan jartzea ere lortu dute, horretarako lan asko egin behar izan badute ere tren zaharrak eraberritu eta konpontzeko. Izan ere, asko guztiz suntsituta zeuden. Pixkanaka baina munduan bakarrak diren piezak Azpeitira ekartzea lortu dute.

Urolako trenak bidaiariak hondartzara eramaten zituen garaietako espiritua berreskuratzea ez da batere zaila Azpeitiko geltoki zaharrean. Horregatik, jendeak asko estimatzen du museoa eta toki ugaritako taldeak izaten dira bisitari, betiere trenari buruzko sekretu eta istorioak ezagutzeko asmoz.

Mundu osoko 40.000 bisitari jasotzen ditu urtero Trenbidearen Euskal Museok. Neguan ikastoletatik heldutako haurrak izaten dira gehienak. Izan ere, azken finean, horrelako museoak oso egokiak dira klasean ikasitakoa errazago barneratzeko. Udan, berriz, turista euskaldun zein atzerritarrek osatutako bisitari taldeak izaten dituzte. Denak tren zaharrean emandako paseoarekin liluraturik gelditzen dira, Estatu espainiarrean lurrunezko tren zahar batean ibiltzeko aukera ia bakarra baita Azpeitikoa.

Euskotren konpainiari esker, egun ere erraza da Azpeitira iristea, Urolako trenak 1986ra arte ematen zuen zerbitzua eskaintzen jarraitzen baitu. Bilbotik edo Donostiatik joateko Zumaiara doan trena hartu behar da, eta, ostean, Azpeitira doan autobusa. Gasteiztik joanez gero, aldiz, Zumarragaraino Renfeko trena hartu behar da, eta, bertan, Azpeitira doan autobusa. Euskotreneko autobusek museoaren ondoan dute Azpeitiko azken geralekua. Beraz, ez dago galtzerik.

Bidaiariok, trenera!

Informazioa

udako Ordutegia

Asteartetik larunbatera, 10.30etik 14.00etara eta 16.00etatik 19.30era. Igande eta jai egunetan, 10.30etik 14.00etara.

prezioa

Trenean ibiltzeko txartela eta erakusketako sarrera:5 euro. Erakusketako sarrera soilik: 2,50 euro.

tren historikoa

Lurrineko trakzioa duten tren historikoak asteburuetan aterako dituzte museotik. Larunbatetan 12.30ean eta 18.00etan. Igande eta jai egunetan, berriz, 12.30ean. Diesel trakziokoak astean zehar ibiliko dira abuztuan.

KOKAPENA

Julian Elorza kalea, 8. Azpeitia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo