GARA > Idatzia > Euskal Herria

Indar armatuak parodiatuz esaten diete jaiei agur etxarriarrek

Jaiak luzatzeko aitzakia ederra aurkitu zuten Etxarriko gazteek Inutillan Egunean. Bi hamarkada luze dituen jai honek soldaduska egin gabe gelditzen zirenei omenaldia egin nahi zien bere hastapenetan, baina urteak pasa ahala indar armatuen gaineko parodia aparta bihurtu da. Guardia zibilek, foruzainek eta militarrek okupatuko dute ostiralean herria.
p016_f02.jpg

Oihana LLORENTE |

Herri bakoitzak baditu bere-bereak diren bitxikeriak, jaietan indarrez agertzen diren berezitasunak. Etxarri Aranatzen ostiral honetan egingo duten Inutillan Eguna da bitxikeria horietako bat, tradizio handia duena gainera.

Herriko bestak ostegunean Kintoen Egunarekin amaitzen diren arren, Gazte Asanbladak antolatzen duen egun honekin parranda egun bat gehiago luzatzeko aukera bikaina dute etxarriarrek. Bide batez, garai batean armadara joateko gai ez zirela-eta soldaduska egin gabe gelditzen zirenak omenduko dituzte.

Belaunaldiz belaunaldi igaro den ekimena da honakoa eta Gazte Asanbladako kideek GARAri aitortutakoaren arabera, gaur egungo antolatzaileak haurrak besterik ez ziren jaiaren hastapenetan.

Bi hamarkada luze dituen egun honetan gazte koadrilek ondo baino hobeto pasatzen dute, eta, soldaduska izan edo ez, indar armatuen gaineko parodia ederra egiten dute. Guardia zibilez, foruzainez edo militarrez jantzitako gazteek okupatzen dute Etxarri Aranatz, trikornioak, bandera espainolak eta pistolak nagusitzen direlarik herriko paisaian.

Giroa primerakoa izan ohi da. Guardia Zibilen Patrol handiak ikusi daitezke harat eta honat; aldiz, atxilotuen ordez edariak eramaten dituzte atzealdean. Horrez gain, txaranga batek egunaren soinu banda jartzen du bildutakoen gozamenerako.

Hamaiketakoarekin ematen diote egunari hasiera. Herriko plazan egiten duten sardinadan hasten dira gazteak biltzen eta plazan bertan hasten dira lehen algarak batzuen zein besteen mozorroak ikusita.

Eguerdian hamarka gazte biltzen dituen bazkaria egiten dute etxarriarrek. Bapo jan eta edan ondoren, inutilen desfilea abiatzen dute. Bizilagunen artean ikusmira galanta sortzen du.

Herrian barna egiten duten ibilbidea ironia osagai nagusi duen pregoiarekin bukatzen da. Aldarrikapenak eta algarak bat egiten dute bertan parrandako azken gauari ekin aurretik.

OSTIRALa

11.00: Sardinada 14.30: Bazkaria 17.00: Inutilen desfilea 19.45: Pregoia

Independentzia aldarrikatuko dute etzi gorriz jantzitako gazteek

Aurtengo herri programak berrikuntza berezirik ez duen arren, herri mugimenduak garrantzi berezia eskaintzen dio etzi ospatuko den Gazte Egunari. Bigarren edizioa izango da aurtengoa eta «iazkoa bezain arrakastatsua» izatea espero dute eguna jai egitarauan egonkortu dadin.

Arratsaldean, 16.00etan, ekingo diote egunari, gazte tabernako terrazan kafea hartzeko hitzordua dute-eta. Egunez festan aritzeko ohitura gutxi dute etxarriarrek, jendea 18.00etatik aurrera hasten baita kalera irteten. Gazte Egunarekin ohitura hori eraldatu nahi dute, egunez ere herriak jai itxura izan dezan.

Kafea hartu ostean, poteoari egingo diote lekua. «Gazteok independentzia» leloa izango du poteoak eta trikiti doinuez lagunduta ibiliko dira.

Afalorduan auzatea egongo da gaztetxean, eta, ondoren, kontzertuen txanda iritsiko da Deskontrol eta Patinazo taldeen eskutik.

Gazte Egunera bertaratuko diren lagun guztiei independentzia lelodun kamiseta gorria soinean eramateko eskatu diete antolatzaileek. O.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo