Euskal Herria jaietan
Suziria botata jaietan murgilduko da Bera
Donato Larretxea aizkolariaren ardura izango da aurten Berako San Esteban jaien hasiera iragarriko duen suziria botatzea. Gaurtik larunbata arte, ohi baino egun bat gehiagoz, festa giroak erabat hartuko ditu herriko kaleak. Haur, gazte zein helduek gustu eta kolore guztietako ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute.
GARA |
Asteburuan zehar festa giro eta usaia dagoeneko herriko kaleetan zabaldu bada ere, gaur emango diote benetako hasiera Beran San Esteban jaiei. Eguerdiko hamabietan, puntu-puntuan, botako dute festen hasiera adierazteko suziria Herriko Etxeko balkoitik eta ezkila jotzea ere izango da; aurten Donato Larretxea herriko bizilagunak botako du jaiei hasiera emango dien suziria. Iaz, azken orduko arazo bat zela-eta, ezin izan zuen suziria bota Larretxeak eta bere ordez Rosamary Errandonea arduratu zen lan horretaz.
Herriko Etxeko plazan bilduta zen jendeak balkoian Larretxea espero bazuen ere, 2010eko suziria botatzea hitzartuta zuen Errandonea agertu zen. Berako bizilagun horrek 10.45ean jaso zuen Udaleko kultur koordinatzailearen deia txupinazorako gonbita eginez, aizkolariak familiako arazo bat izan zuela-eta agertzerik ez zuelako. Udalak Errandoneari herriko argazkiak biltzen eta erakusten egindako lana eskertu nahi izan zion horrela. Berak suziria botatzea «ohore handi bat» zela aitortu zuen. Aurtengoan, azkenik, Larretxearen txanda da eta jaien hasiera nola iragartzen duen ikustera haur, gazte zein heldu, jende andana bilduko da. Une horretan, gainera, txikienentzat gozokiak banatuko dituzte.
Gaur hasi eta larunbatera arte iraungo dute San Esteban jaiek Beran. Udalak beste urteetako egitarauei inongo inbidiarik izango ez dion ekitaldi eta ikuskizun zerrenda prestatu du. Normalean bost eguneko festak izaten badira ere, asteburua tartean hartzeko asmoz egitaraua egun bat gehiago luzatu dute. Udalaz gain, gainera, egitaraua osatzeaz tabernariak, txosnak eta Gazte Asanblada ere arduratu dira.
Aurtengoan, txupinazoaren aurretik gorputza festa girora ohitzen joateko edo, berrikuntza moduan gosaria egingo dute txosnetan goizean goiz. Ondoren, barrenak goxatuta, handik kalejiran joango dira denak batera txupinazora. Urteroko legez, festen hasiera iragarri ondoren, erraldoi eta buruhandiz lagunduta herriko kaleetan barrena ibiliko dira. Eguerdi osoan zehar Izadi Txaranga arduratuko da kaleko giroa alaitzeaz.
Goizetik gauera
Eguerditik aurrera, berriz, gustu guztietako ekitaldiz gozatzeko aukera izango da; tartean, ez dira faltako musika emanaldiak. 18.00ak aldera kukaña jokoa egingo dute Illekuetan, parte hartzen dutenen zein ikustera hurbiltzen direnen gozamenerako. Iluntzean, Berako txistulariak kalejiran ibiliko dira. Txosnen irekiera ekitaldia ere arratsean egingo dute Altzateko plazan. Ohiko «Gaztexteban igoera», aurreskua, jokoak eta txistorra jatea izango dira. Gauean Triki Ta Ke taldeak kontzertua emango du Altzaten.
Bihar San Esteban eguna ospatuko dute Beran. Udal agintarien eta ekitaldi erlijiosoen txanda izango da goizean zehar. Eguerdian bertsolariak ariko dira eta arratsaldean jarraituko du festak.