GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Baionako Masterra

Waltarik eta Ozafrainek iragarpenak bete dituzte

Kubako aurrelariak eta Nafarroa Behereko atzelariak bigarren zatian erabaki dute finala, lehenengoan dezente kostatu baitzaie jokoan sartzea.

WALTARI-OZAFRAIN 40

XALA-EZKURRA II 31

Jon LEUNDA

Ez da ezusterik izan, eta Waltarik eta Ozafrainek irabazi dute Baionako Masterra. Kubakoa eta Bankakoa ziren lehiaketa hau hasi aitzin ere irabazteko faborito nagusiak, eta ez dute hutsik egin, beraiek lortu baitute txapela janztea.

Atzoko finalak bi zati ezberdin izan zituela onartu behar da. Hastapenean asko kostatu zitzaion Waltariri jokoan sartzea; gainera, Xalak finalerdietan erakutsitako maila bikaina berretsi zuen lehen tantoetan. Horiek horrela, 0-7 eta 12-17 aitzineratu ziren galtzaileak. Aldiz, apurka-apurka kubatarra jokoan sartzen hasi zen, atzean Ozafrain bikain laguntzen ari zitzaiola, eta 18-18 berdindu ostean, neurketan agintzera pasatu ziren. Pixkanaka-pixkanaka tartea zabaltzeko gai ere izan ziren. Waltariren jokoa hobetu zen, baina Ozafrainen lana erabakigarria izan zen, atzean Ezkurrari nagusitu egin baitzitzaion. Urruñakoak berriro ere bere unerik onenean ez dagoela berretsi zuen. Xalaren lanak ona izaten jarraitzen zuen, baina aurkarien erasoari aurre egitea zaila egin zitzaion. Horrenbestez, amaieran faboritoek ez zuten hutsik egin eta garaipena lortu zuten.

Ozafrain izan zen neurketako onena, eta Xala bera ere oso maila onean aritu zen, nahiz eta galdu. Waltarik, berriz, partidako gauzarik onenak eta txarrenak egin zituen. Berak bakarrik 27 tanto egin zituen, baina galdu ere asko egin zituen.

Hala ere, Waltarik egin duen denboraldia txapela kentzeko modukoa izan da. Masterra, Binakakoa, Bakarkakoa eta Superprestigioa irabazi ditu; lau txapelketa handietan garaile izan da kubatarra eta hori orain arte inork gutxik lortu du. Horrekin egungo pilotaririk onena dela baieztatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo