GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Itsasoko lagunak: salberak eta marmokak

Hondartzan edo itsasoan ez gaude bakarrik, bestelako izakiak ere badira eta gugandik babesteko ziztadatxoa eman diezagukete.

p038_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Udan nahiko ohikoak izaten dira itsasbazterreko animalien ziztadak. Batzuetan hozkada jaso ostean beldurtu egiten gara zer jazo den ez dakigulako, baina oso gutxitan izaten dira arriskutsuak. Bi dira izan ditzakegun ziztada ohikoenak: batetik, marmokenak, eta, bestetik, ur ertzean, hondarretan, ezkutatuta izaten diren salberenak.

Mota askotako marmokak aurki daitezke, kolore desberdinetakoak, kolorerik gabeak, handiak, txikiak, garro luzeak dituztenak, garro motzak dituztenak, eta abar. Baina denek dute izate bera. Mugitzeko gaitasun eskasa dutenez, urlasterrez baliatzen dira leku batetik bestera joateko.

Marmokak egoki antolaturiko mintzak dira eta mintz horiei esker har dezakete arnas. Bitxiak dira marmokak, ez dute ez eskeletorik, ez birikarik, ez urdairik, ezta uzkirik ere. Baina zentzu batean behintzat badute antzik gizakiekin: ez dute ez garunik ezta bihotzik ere, eta, gainera, ia itsuak ere badira.

Zerbait arraroa sumatuz gero, pozoia isurtzen dute marmokek garroetatik. Hain zuzen ere, pozoi hori indartsuagoa edo ahulagoa izango da marmoka motaren arabera. Gure kostaldean jaso dezakegun tankera honetako ziztada indartsuena fisalia marmokak eman dakiguke; hau da, gure artean karabela portugesa moduan ezagun egin den marmokak. Ikuspegi zientifiko hertsi batetik begiratuta, fisalia marmoka ez da marmoka bat; aldiz, oso antzerakoa da, ur azalean aurki dezakegu baita eta egin dakiguken hozka marmokarenaren parekoa da. Beste marmokekin alderatuz gero erraz bereiz daiteke, ur azalean flotatzen duen poltsatxo urdina baitirudi, eta, ondorioz, erraz ikus baitaiteke. Ingelesez botila urdina izena ere ematen diote, bene-benetan hala baitirudi. Bere ziztada gogorra da, elektrizitate deskarga baten parekoa. Azala erreta bezala uzten du eta pozoiaren eragina ere mingarria da. Haur eta adineko pertsonengan eragin handiagoa izan dezake, batez ere ziztadaren bat-batekotasunagatik.

Arrain honek izen andana ditu gurean, hala nola, xabiroia, salbarioa, zakaila zuria, hondar azpikoa edo hondarpekoa. Mota bereko arrain desberdinak aurki ditzakegu izen berarekin; batzuk itsaso zabalean aurkitzen dira, eta, besteak, berriz, itsasbazterrean. Jateko oso goxoa den arrain hau ezaguna da oso arrantzaleen artean, berau harrapatzean ziztada eder bat jasotzea ohikoa baita. Garai batean, basahuntz adar bat eramaten zuten arrantzaleek ziztada jaso ostean azala igurzteko. Erremediorik onena omen zen. Egun, ostera, erremedioak urtetik urtera aldatuz doaz; hori bai, ziztada osteko mina apalduko duenik ez dago oraingoz.

Ezagunena itsasbazterrean egoten den salbera da. Hondarretan egoten da ezkutatuta eta ez da ikusi ere egiten; izan ere, hondarraren kolore bereko azala du. Bainulariren baten oina datorkionean, bizkar gainean dituen arantzak tenkatu eta ziztadarekin pozoia isurtzen du. Mingarria izaten da.

Ohikoena arantza bakarraz ziztatzea da, ziztada sentitu orduko oina jasotzeko keinu azkarra egiten baitugu. Aldiz, bete-betean zapalduz gero hiru arantzaren ziztada ere jaso dezakegu. Oin azpian ia ikusi ere egiten ez den markatxoa uzten du, jostorratz fin batez ziztatu bagintuzte bezala, eta, pozoiaren efektuak irauten duen artean, ez dago zer eginik: mina jasatea besterik ez zaigu geratzen. Minak bi ordu edo gehiago iraun dezake, ziztadaren arabera, baina lehenago edo beranduago pasako da; beraz, lasai! Gurutze Gorrira joanez gero, auskalo zer emango diguten, urtero gauza berri bat ematen baitute. Eskura ezer ez edukitzekotan, marmoken kasuan bezala, gure pixarekin igurztea ongi etor daiteke, zauria ez gaiztotze aldera bederen.

Salberaren arantza oin azalean sartuta geratzea ere posible da. Horrela gertatuz gero, itsas trikuen ziztadekin gertatzen den moduan, pintza batzuk erabili beharko ditugu arantzatxoa ateratzeko. Arantza oso barruan sartuta badugu, zauria pixka bat irekitzeak lagun dezake. Arantza kanpoan dela ziurtatu behar da, bestela zauria gaiztotu egin baitaiteke.

Arrokak dauden leku batean igerian bagabiltza erredurak izan ditzakegu; marmokek eragin ditzaketen bezalakoak ez izan arren, azala urratuta nabari dezakegu. Horrelako kasu gehienetan anemona izan ohi da kausa. Anemona arroketan itsatsita egon ohi den landare bat da. Landare honek arrainak harrapatzen ditu bere magalean eta horretarako bere garroetatik isurtzen duen pozoi bat baliatzen du. Pozoi hori ez da oso indartsua, eta, ondorioz, ez du eragin handirik gizakiongan. Hori bai, anemona asko batera dauden leku batean bagaude, azala erretzeko arriskua dugu. Haurren eta azal fineko pertsonen artean handiagoa da arriskua.

Salberen ziztadak
Egun dagoeneko ez dago balerik, baina garai batean dezente ikusten ziren gure kostaldean

Gure kostaldean oso ohikoak ziren baleak garai batean. Horren erakusgarri dira hainbat herrik beraien armarrietan dituzten baleen irudiak. Kostaldeko zenbait muino baleak begiztatzeko erabiltzen zituzten eta horregatik dituzte egun ere jarduera horri lotutako izenak, Talaimendi esaterako.

Getaria izenak ere jatorri bera omen du, bai Lapurdiko herriaren kasuan bai Gipuzkoakoarenean. Hainbat teoria daude bi herri horien izenaren jatorria dela eta. Horietako batek honakoa dio: hitz gaskoi bat dagoela bi herrien izenaren iturburuan. Erdi Aroan gaskoien menpeko herriak omen ziren biak. Gaskoiez guaita hitzak talaia edo begiralea esan nahi du eta hortik omen dator izena: guaita+herria=Getaria. Alegia, «begiralearen herria».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo