Marmoken Seroretxea, adierazpide «txundigarrien» bilgune berria
Marmoken Seroretxea deitu erakustoki eta kultur ekintza guneak ateak zabaldu berri ditu Baionan. Hangar ohi batean kokatua, gunea kultur trukerako toki bilakatu dute jabeek. Oraingoz erakusketak jasotzen ditu gehienbat, baina aurrerantzean eztabaida, hitzaldi, ikusgarri eta bestelako aktibitateak jasoko ditu. Kultur ekintzen bilgune izanen da.
Ainize BUTRON | BAIONA
Baionatik Tarnose herrira doan bidean, Louis de Foix bidetik abiatu eta bidexka batean sartu bezain laster dagoen etxe arrosa batean zabaldu berri da Marmoken Seroretxea. Catherine Riviere etxearen jabeak du gunea sortu eta bera da kudeatzailea.
«Deitzen ahal nuen Prentsen Etxea ere, tresna horien bilduma egiten baitut. Banuen izen zerrenda luze bat, eta, azkenean, gunearekin genuen proiektua ikusirik, Marmoken Seroretxea iruditu zaigu izen egokiena», argitu zuen Rivierek.
Eraikina, berez, hangar ohi bat da. Etxea 1964an eraiki zen eta 600 metro karratu ditu. Catherine Riviereren aurretik, arrantzaleentzat sareak egiteko enpresa bat eta gozotegi bat izan dira bertan.
«Baionako enpresa zaharrena zegoen hangar honetan. Saurin jaunak eraiki zuen hangarra, bere arrantza sareak egiteko hedadura handia behar zuelako», argitu zuen gaur egungo jabeak. Hangarrak jaso dituen lanbide ezberdinen aztarnak atxiki ditu Catherinek, baina mandio hutsa zena Marmoken Seroretxe bilakatu du.
«Guk geuk berritu dugu etxea. 2004an erosi genuen eta geroztik pixkanaka berritu dugu; seroretxeen sisteman oinarritu gara horretarako. Erdian gune ireki bat jarri dugu kalostrape baten antzera; hortaz, eraikin osoaren itzulia egin ahal da. Horrela, erakusketetan etxe guztiaren itzulia egin ahalko da obrak ikusteko», gehitu zuen.
Trukeak
Catherine Rivierek bizilekua erakustoki bilakatu du. «Aspaldidanik banuen horrelako proiektu bat gauzatzeko asmoa. Hasieran artisten tailerra soilik egin nahi nuen, baina denborarekin erakusketak egitea erabaki dugu», azpimarratu zuen.
Espazio zabaleko gela eta barneko bidez osatuta dago etxea, eta, ondoko irailaren 11ra arte, Catherine Dupire Estatu frantseseko artistaren obrak jasotzen ditu. Arte «txundigarria» azaldu nahi du Rivierek kultur topaketa gune bilakatu duen etxean. «Margolaritzaren aldetik espresionismoa gustatzen zait batik bat. Marmoken Seroretxea izenburua horri lotuta dago. Nire xedea Euskal Herrian gutxi ikusten diren artistak ezagutaraztea da», azaldu zuen.
Erakusketekin batera, eztabaida, hitzaldi eta kultur emanaldiak ere sustatu nahi ditu Rivierek Marmoken Seroretxean. «Egitaraua egiten ditugun topaketen arabera gauzatuz joango da, gure nahia etxea biziaraztea baita. Zerbait kontatu nahi duen edo adierazteko zerbait duen orok ateak zabalik izanen ditu», esan zuen.
Dagoeneko arte singularra mugimenduari loturiko artisten erakusketak ditu programatuta. «Etxeak hiru gela ditu, eta landetxeen antzera funtzionatzen dute. Gero eta gehiago artea edo kulturari loturiko lagunak hurbiltzen zaizkigu, eta, horrela, harreman eta loturak sortzen dira», nabarmendu zuen azkenik Catherine Rivierek.
Erakusketa dohainik bisita daiteke. Egunero arratsaldeko hiruetatik zazpiak arte izango dira zabalik Marmoken Seroretxeko ateak. Ordutegi horretatik kanpo joateko deitu beharra dago.
Irailaren 11ra arte Catherine Dupire artistaren margolanak ikusgai daude Marmoken Seroretxean. «Eguneko aingeruak eta arrain gorrien adoratzaileak» erakusketaren izenburuak berak adierazten duen bezala, bertan dauden 40 bat obretan aingeru, emakume eta arrain gorrien irudiak azaltzen dira. «Erakusketan Dupirek egindako azken obrak ikusgai dira. Etxean ikusgai izango diren artista guztiak egungoak izango dira, eta aldi oro etorri beharko dute», esan zuen, azkenik, Rivierek.
A.B.