sega
Mariñelarena txapelari eusteko gai izan da
J.L.
Dabid Mariñelarenak lortu zuen atzo Leitzan Nafarroako txapela janztea. Herrialde horretan orain arte jokatu diren final guztiak berak zituen irabaziak, baina aurtengorako Kanflanka agertzen zen faborito. Aldiz, berriro ere txapelak lehengo buruan jarraituko du, nahiz eta atzokoan 40 kiloko aldea besterik ezin izan zuen lortu.
400 ikusle inguru batu ziren Leitzan herrialdeko finala zuzenean ikusteko asmoarekin. Segalari bakoitzak 45 minutuko lana egin behar zuen, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen zituen segalariak eramango zuen txapela.
Bi segalarien arteko oreka ikaragarria izan zen, eta emozioa ere amaierara arte ez zen amaitu. Sailetan ere nahikoa parekatuta ibili ziren, baina segan, betiko erara edo era tradizionalera jokatzen denean, garrantzitsuena belarra behetik moztea izaten da, han egoten baita pisua. Beraz, belarra biltzen hasi bitarte ezin ezer erabaki; biltzaileak lanean hasita ere, gauzak nahiko parean jarraitzen zuten, eta denak pisatu bitarte ezin izan zen ezer ere erabaki.
Behin 45 minutuko lan bikaina egin ostean, belarrak pisatzea besterik ez zen geratzen, eta lan horiek amaitu bitarte emozioak bere horretan jarraitu zuen, nabarmena baitzen bien arteko oreka. Horrelaxe baieztatu zuten pisatze lanek ere. Amaieran Mariñelarenak jantzi zuen txapela 1.500 kilo belar moztuta. Kanflankak, berriz, 1.460 kilo moztu zituen.
Trontza
Etzi jokatuko da Elgetan Euskal Herriko trontzalarien kanporaketa 13.00etatik aurrera. 45 ontzako enbor bati hamar epai etzanda eta bost zutik eman beharko dizkio bikote bakoitzak. Lehenengo seiak finala jokatzeko txartela eskuratuko dute, eta gainerakoek Bigarren Mailan hartu beharko dute parte. Aurtengo hutsunerik nabarmenena Esnaola anaien falta izango da.
Honako bederatzi bikote hauek arituko dira lehian: Barberena anaiak, Rezabal-Roteta, Lasaga-Galarregi, Iraola-Garmendia, Cano-Maiza, Pikabea-Morrondo, Pikabea-Iribarren, Lopez-Velez de Mendizabal eta Txoperena-Irigoien izango dira nor baino nor.
Esnaola anaien faltan, Barberena anaiak dira faborito nagusiak, ez kanporaketa irabazteko bakarrik, baita Euskal Herriko Txapelketa bera irabazteko ere. Dena dela, kanporaketa honetako helburu nagusia lehen seietan sartzea izango da, horrek emango baitu finalean aritzeko txartela.