Euskal Herria jaietan
Iruñearen eragina eta presoen aldeko aldarrikapena nagusitu dira Baionan
Baionako bestak amaituko dira. Aurten Iruñea eta Baionaren arteko senidetzearen 50. urteurrena ospatzen dela-eta, agerraldi bateratua egin zuten bi hirietako alkateek. Yolanda Barcinak Nafarroako hiriburuko erraldoiek Baionako karrikak nola zeharkatzen zituzten ere ikusi zuen. Jean Grenetek, berriz, sanferminek Lapurdiko hiriburuan dute eragina izan zuen hizpide.
A.B.-A.M. |
Atzo gauerdian Baionako festei amaiera ematen dion zeremonia egin zen. Bost eguneko festen ondotik, Baionako Herriko Etxearen aitzinean milaka lagun elkartu ziren Leon erregeari azken agurra emateko.
Baina, horretara heldu aurretik, Lapurdiko hiriburuak aurtengo jaietako ekitaldi garrantzitsuena ospatzeko aukera izan zuen. Izan ere, Baionak festak antolatzeko Iruñeko sanferminak eredu dituela-eta, igandea Iruñearen Eguna izan ohi da; aurten, gainera, bi hiriak senidetu zirenetik 50 urte igaro direla ospatu dute.
Ospakizun horren karietara, goizean Iruñeko erraldoi eta kiliak izan zituen lagun Baionako Leon erregearen korteak desfile ofizialean. Aurretik, uztailaren 10ean hain zuzen ere, lapurtarrek egin zieten bisita nafarrei, sanferminetan.
Yolanda Barcina Iruñeko auzapeza eta Jean Grenet Baionakoa bertan zirela, San Andres elizako banden mezan egin zen. Jarraian, Iruñeko eta Baiona Ttipiko musikariak elkarturik karrikak zeharkatu zituzten. Ekimena bi hirien arteko loturak goraipatzeko baliatu zuten, eta, horrela, sanferminek Baionan daukaten oihartzuna goraipatu zuen Grenetek.
1932tik datorren harremana
Izan ere, 1932 urtean, Lapurdiko hiriburuko festak berpiztu nahian Aviron Bayonnais klubeko errugbilariak Iruñera hurbildu ziren bertan ospe handiz egiten ziren jaiak inspirazio iturri- tzat hartzeko. Geroztik oso nabaria da Iruñeko jaiek Baiona- koen gainean duten eragina.
Horren ondorio dira, esaterako, gaur egun Baionako festen tradizioan barneratuta dauden Leon erregea eta bere kortea. Eta duela hamabost bat urte kolore zuri-gorriak Baionan ere hedatzea erabaki zen, Lapurdiko hiriburua Iruñearekin parekatuz.
Bestalde, igandea zela medio, hiru meza egin ziren Lapurdi hiriburuko San Andres eta Santa Espirituko elizetan eta hiriko katedralean. Katedralan Erro taldeko musikariak izan ziren jaien meza alaitzeko.
Presoen bazkaria
Euskal presoen aldeko bazkarian ere giro aparta izan zen. Patxa plaza ingurunean, karrika erdian paratutako mahaietan 350 lagun bildu ziren bazkaltzeko, tartean preso ohi eta espetxeratutakoen senide ugari ere bai. Esku soinuaren, txistuaren eta gaitaren doinupean euskal kantek eta musikak ez zuten etenik izan. Kafea baino lehenago, Askatasuneko bozeramaile batek euskal iheslari politikoak eta bereziki presoak izan zituen gogoan eta elkartasunezko mezu sakona igorri zien.
Bide batez, duela hilabete batzuk behin-behinean aske geratutako Gilen Goiti, Eneko Etxegarai eta Ibai Agirrebarrena gazteak omendu zituzten. Buruan kapela jarrita, aurreskua dantzatu zieten, presoen aldeko oihupean.
Bizi mugimenduko kideek jaietako agerraldia egin zuten atzo. 150 lagun elkartu ziren San Andres plazan 2010eko urriaren 10ean mundu osoan, baita Baionan ere, eginen den 10/10/10= -%10 ekimenera deitzeko.