GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Lurra, laborarientzat

 

Gehienak gazteak dira, etxebizitza baten lortzea zein zaila den badakite eta horri oihartzun eman nahi diote. Hemen salatzen den gertakariak Xiberoan du sustraia. Izan ere, laborari etxe bat esku batetik bestera pasatzeko bidean zelarik, lurrak lantzen zituen laborariaren esku geldi dadin, herritarrak mobilizatzen hasi dira. Lurren erosteko prest agertu dena Ziburun bizi denez, Ziburun antolatu da manifestaldia.

Giro lasaian hasi da manifa, Ziburuko karriketan zehar ibili gara, karrika hertsiak, oihu egiteko bikainak. Laster gure bidea moztu zutela ikusi dugu, MAM ministroaren karrika noski, hesi beltz bat osatua zuten, ezin jarraitu. Beste bidea hartu eta beste hesi bat. Aitzina jarraitu dugu lurren eroslegaiaren etxeraino. Ziburu josia zen, poliziaz josia, autoak desbideratzen zituzten, hamar mila manifestari zeudela iduri! Manifestari baino polizia gehiago atera zituzten gertakari honi aurre egiteko. Espekulazioa sistemaren altxor kuttuna da, Estatuak babestu beharko du, horretarako da eta...

Xiberoako ekonomian turismoaren tokia ahula da, baina hori da Estatuak laguntzen duen sektorea. Xiberoak beste indar eta nahikeriarik badu bere ekonomia garatzeko, frantses Estatuak ez du hori begiratzen, funtsean eta beti bezala euskal lurraldeen garapena ez baitzaio komeni, nahiago du Euskal Herria menpekotasunean atxiki, asimilazioa indartu. Horretarako espekulazioaren bidea bide egokia da tokiko jendeak gero eta eragin ahulagoa baitu salerosketan, kanpoko jendearen parte-hartzea handitzen bada, besteak beste. Merkatuak manatzen omen du! Bereziki politikoak ados direlarik, noski!

Baina, hemen salatzen den egoeran, Larraineko kasuan, tokiko herritarrak galdekatuak dira. Izan ere, kasu horretan agertzen den eroslea, laborari etxearen prezioa bikoizten laguntzen duena, tokikoa baita, espekulazioa ez baita kanpotarren eskuetatik pasatzen bakarrik, bertakoek horretan parte hartzen dutela bete-betean! Tokikoek gogoetatu behar dute, jakin behar dute zer-nolako geroa hautatzen duten herri honentzat. Geroaren erabakitzen ari direla ulertu behar dute, lurra denen ondasuna baita eta bereziki lantzen duenarena. Alegia lurra laborarien esku utzi behar dela, biharko laborariek lurra beharko dutelako tokiko herritarrei janaria hornitzeko.

Xiberoako herritar batzuek bidea egina zuten kostalderaino, han zeuden ELBko ordezkariak eta AHTren kontrako elkarteetako ordezkariak ere. Horiek oro lurraren zaintzearen garrantziaz jabetuak eta berriz ere horretaz gogoratu behar dela aldarrikatu nahian, erantzun berriak eskaini behar direla errateko, eta gaiaren hedatzeko helburuarekin. Larunbateko manifak ez du trumilka jende bildu, baina Estatuak erakutsi du leku guztietatik etorritako turistei ez ziela mobilizazio honen berri eman nahi. Berriz ere Estatuaren erantzuna CRS konpainia izan da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo