GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Espainiako Txapelketa

Koska bi gorago dabilen ontziaren nagusitasuna berretsi du Kaikuk

Jose Luis Kortaren hamalau gizonak txapeldun dira bigarren urtez jarraian, beste erakustaldi bati esker. Zilarrezko domina bizkaitarrei ederto eutsi zien Castrok jantzi zuen eta brontzezkoa berriz ere maila aparta eman zuen Tiranek.

p029_f01.jpg

Ander GARTZIA

Agerian utzi du beste behin ere Jose Luis Kortak berak «galaktiko» ezizenez bataiatu duen koadrilak, eta hamahirugarren aldia da erreskadan, "Bizkaitarra" ontzia maila bat gorago dabilela. Zazpi itsasoetan zehar jaun eta jabe izan dira sestaoarrak eta atzo jokatutako Espainiako txapelketan, zaleek honezkero buruz ikasiak izango dituzten hamalau gizonek txanpako aurreneko paladetatik egurtu zituzten aurkariak. Erakustaldiaren lekuko, aurreneko ziabogan Castrorekiko lortutako 7 segundoko errenta, eta San Miguel ligan liderra den Oriori ateratako hamarrak. «A ze astindua arraunari!», pentsatuko zuten Pedreñako badiara inguratutako zaleek. Eta ez da gutxiagorako, bi urtez jarraian lurraldekako hiru txapelketa nagusiak biltzea ez baita goizetik gauerako lana.

Hala ere, sestaoarrak menderaezinak direla esatea lartxo litzateke, arraunak eta eguraldiak ezusteko galantak ematen baitituzte sarri, eta batik bat, Castrok estu hartu zituelako Jose Luis Kortaren gizonak estropadaren hainbat unetan.

«Estropada apurtzera!»

Joseba Fernandezek zuzendutako koadrila kartak agerian zituela uretaratu zen final handira eta aurreneko paladetatik «Bizkaitarra» ontziaren uherari jarraika aritu behar izan bazuen ere, bere momentuaren zain jardun zen temati. Hala, bueltako luzean «La Marinera» tartea janez zuzendu zen estropada buruaren bila. Ez zuen asko iraun, ordea, Kaikuren erantzunak. Sestaoarrak urduritzen hasiak ziren eta Kortaren aginduari jarraiki hordagoa bota zuten mahai gainera. «Estropada apurtzera!», izan ziren prestatzaile gipuzkoarraren hitzak eta 2-3 palada igota obeditu zuen koadrila «galaktikoak». Kosta zitzaien bai bizkaitarrei tartea zabaltzea, baina hirugarren maniobra bikain bati esker ondo bideratu zuten ontziaren branka garaipenera.

Brontzezko domina, berriz, Tiraneko gizonek jantzi zuten lepotik. Galiziarren ligako ibilbidea aztertuz gero, ezin litzateke ezustekotzat jo baina atzokoan estropada borobila osatu zuten «Ruly» ontziko gizonek. Orio, makal, azkena izan zen.

Espainiako LXIII. Txapelketa

EMAKUMEZKOAK

Aurrenekoz jokatu zen Emakumezkoen Federazio Sarian, Rias Baixas galiziarrak aise garaitu zituen Bilbo, bigarren sailkatua, eta Astillero, hirugarrena. Nesken artean ezohikoa den 3 itsas milako luzera izan zuen probak.

KAE-2 Liga

Santoñako traineruak denboraldiko laugarren garaipena erdietsi zuen Getarian jokatutako estropadan eta sailkapen nagusiko bigarren postuari eusten jarraitzen du. «Jarrillera» bigarrena izan zen eta Zumaia hirugarren.

Korta: «Tarte zabalagoa lortzea nahi nuen, baina Castro ikaragarri ibili da»

Pozik agertu zen Jose Luis Korta bere mutilek eginiko lanarekin, betebehar nagusia konplitu zutenaren seinale, baina Ortzaikakoari zertxobait falta zitzaiola suma zitekeen. «Sufritu dugu baina oso pozik gaude, aurrean talde sendo bat izan dugulako; Castro ikaragarri aritu da. Hala ere, aurreneko erreferentziak ikusita tarte zabalagoa lortzea espero nuen», aitortu zuen sestaoarren prestatzaileak.

«Bueltako luzean asko kostatu zaigu tartea mantentzea, batik bat estropada eremuan egon den korronte eta haizeagatik, eta, hala, hirugarren luzean estropada txikitzen saiatu gara», azaldu zuen Kortak. Orain, berriz, gorengo jomuga dute begiz jota: «Donostiako trapuarekin pentsatzen hasi beharra dugu baina lehenago sailkatze estropada ere bada, ez baita huskeria. Hala ere, nahiz eta ligan ez dugun nahi zentratu, gure helburua sei onenen artean sailkatzea da eta horretan saiatuko gara bihartik aurrera». A. G

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo