GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Arabako Txapelketa

Segoviar bat txapela irabazteko gai izan da Gasteizen

Juan Rodriguezek sekulako ezustea eman zuen Zubiaga eta Jauregi, bi faboritoak, mendean hartuz.

p034_f03_555x555.jpg

Jon LEUNDA

Juan Rodriguez segoviarrak eman zuen ezustea atzo Arabako Txapelketa bereganatuz. Rodriguez Segoviakoa da, baina Arabarekin harreman handia du, eta bertako Federazioan ere badu lizentzia, eta horregatik uzten diote Arabako lehiaketan parte hartzen.

Hala ere, garaipena erdiesteko faborito nagusia azken urte hauetako txapelduna zen, Zubiaga alegia. Bera azken egunotan Ameriketako Estatu Batuetan izan da, ordea, eta gainera Gasteizko Torneoa ere jokatu du. Hala, aitortu zuenez, atzo indarrez oso justu heldu zen finalera, eta amaieran garaipenak ihes egin zion. Beste faboritoak, Jauregik, Gasteizko Irekia bereganatu zuen herenegun, eta hau ere indarrez soberakorik gabe heldu zen, eta honek ere hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Sekulako jendetza batu zen atzo Gasteizko Foruen plazan finala zuzenean ikusteko. Aizkolari bakoitzak 45 ontzako bi enbor, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Rodriguez hasieratik izan zen nagusi. Lehen enborrean aurrea hartu zuen, eta horrelaxe jarraitu zuen azkeneko enborrera arte. Zubiaga saiatu zen lehen enborretan berari estutzen, baina apurka-apurka segoviarrak ihes egin zion, eta ezin izan zion Rodriguezi aurre egin. Garaipenak Gaztela eta Leonera ihes egin zuen, eta pozez gainezka amaitu zuen txapeldunak, lehen aldiz jantzi baitzuen Arabako txapela.

Jauregi zen beste faboritoa. Ilarduiakoak ere lan asko egin zuen, baina Rodriguezek eta Zubiagak ihes egin zioten, eta azkenean hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Llanos, berriz, bere lana ahalik eta txukunen egitera plazaratu zen, eta laugarren amaituta, egindakoarekin nahikoa pozik azaldu zen, eta denborarekin ere ez zen batere haserre.

Sailkapena

Herenegun, berriz, Arabako Irekiko finala jokatu zuten Gasteizen, eta garaipena lortzeko faboritoek, Jauregik eta Nazabalek, lortu zuten txapela. Jokatutako proba guztietan garaile atera ziren, eta aparteko arazorik gabe lortu zuten garaipena. Atutxa eta Zubiaga izan zituzten aurkariak, eta bi gazteak gogotik saiatu ziren arren, ezin izan zuten ezertxo ere egin.

Gizon probak eta idi demak izango dira Gasteizen

Gasteizko festetarako antolatutako herri-kirolen ekitaldietan gaurkoa izango da azken saioa, 12.30etik aurrera, baina ez da txapelketarik izango. Bertan bi idi pare arituko dira idi-proba erakustaldia egiten. Juan Carlos Lopez ere han arituko da, gizon-proban.

Lauzirika izan da onena lasto-altxatzen

Atzo Arabako finala jokatu zuten lasto-altxatzen, eta Lauzirikak lortu zuen txapela 17 jasoaldi eman ostean. Honekin aurtengo bigarren txapela lortu du, ostiralean ingudearekin ere garaile atera baitzen. Bigarren Velez de Mendizabal sailkatu zen eta Lopez hirugarren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo