GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

LIGA

Nazabalek eta Arrospidek lehen postua izango dute jokoan

J.L.

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa jokatuko dute gaur 12.30etik aurrera Sodupen, eta bertan neurtuko dira Arrospide eta Nazabal.

Leaburukoak eta Etxarrikoak sailkapeneko lehen postua izango dute jokoan, orain arteko saioen ostean berdinduta baitaude puntuetan. Beraz, gaur irabazten duenak sailkapeneko lehen postua eskuratuko du.

Proba hau oso erakargarria da, gainera; izan ere pasa den Urrezko Aizkorako finalaren errebantxa moduan ere har daiteke, orduko bi finalistak izango baitira aurrez aurre. Orduan, Nazabalek erdietsi zuen garaipena, eta gaurkoan ere nafarra izango da faboritoa. Aizkolari bakoitzak sei lan mota bete beharko ditu.

Hirugarren Maila

Bestalde, Euskal Herriko Hirugarren Mailako bigarren kanporaketa jokatuko dute bihar arratsaldean, 17.30etik aurrera, Aiako pilotalekuan. Bertan arituko diren bi onenek lortuko dute finalerako txartela. Aizkolari bakoitzak kana-erdiko lau enbor erdibitu beharko ditu.

Honako hauek arituko dira lehian: Llanos, Aldape, Belauntzaran, Olasagasti, Aizpuru, Otaño, Kañamares III.a, Beltza, Loiarte eta Perez de Villarreral.

Finalera sartzeko faboritoen artean, Aizpuru eta Otaño daude. Azken hau da, gainera, aurtengo txapela lortzeko faborito nagusia. Dena dela, ikusi beharko da nola dagoen. Orain dela bi aste Gipuzkoako Bigarren Mailako finalean ezin izan zuen parte hartu gerriko arazoekin zebilelako, baina ongi egonez gero, bera da finalean sartzeko faboritoa.

Aizpuru, berriz, besoan min hartuta egon da, eta denbora dezente egon behar izan du geldirik, baina nuarbetarrak ongi baldin badago finalean sartu beharko luke.

Jadanik sailkatuta daude bi aizkolari. Jauregi eta Erdozia dira finala jokatzeko txartela besapean dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo