GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Eguzkia Goxo-goxo kalte egiten dakien izartxo maitea

Gustura egoten gara eguzkitan, nahiz eta arriskuak ere badituela jakin, baina behar bezala babesten al gara?

p038_f01.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Udan maizago izaten ditugu egun eguzkitsuak. Gustura egon ohi gara eguzki izpien goxotasunean, baina badira kontuan hartu behar ditugun zenbait gauza. Lehenik eta behin, udan eta neguan Eguzkia Lurretik gertuago daukagula gogoratu behar dugu, planeta Lurrak Eguzki izarraren inguruan urtean zehar ematen duen bira orbita eliptikoan ematen baitu, alegia ez da bira zirkularra, horrela balitz urtaro guztietan distantzia bera izango litzateke Lurraren eta Eguzkiaren artean. Beraz, neguko eta udako eguzki izpiak indartsuagoak dira udazken edo udaberrikoak baino. Horiek horrela, egoki babestea ere komeni da.

Eguzki izpiek eragin dezaketen gaitz larriena azaleko minbizia da. Itsasoan ordu asko egiten dituztenek, surflariek kasu, izan dezaketen arazo nagusietako bat da.

Orokorrean nahikoa kontzientziatuak gaude eguzkitik babestu beharraz, baina egoki babesten al gara?

Babesle ohikoena krema izaten da. Hau gorputz osoko ataletan eman ohi dugu, baina bada askotan ahanzten dugun atal bat: belarri puntak. Eguzkiak errazen joko gaituen lekuetako bat dira belarriak, eta atal sentikorra dira gainera, sudurra edo ezpainak izan daitezkeen modu berean. Kapelak erabiltzen ditugu, sudurrean babes krema indartsuak eman ohi ditugu, baina belarriak ahazten ditugu eta eguzki izpiek kaltetu dezaketen atal garrantzitsua da.

Kremak denetarikoak daude, baina egoki eman beharrekoak dira, eta horretarako, erositako farmazian galdetu edo erabilera egoki baterako oharrak tentuz irakurri behar ditugu. Krema guztiek ez dute itsasoan ibiltzeko balio; gomendagarriena, beraz, bereziki itsasoan ibiltzeko krema bat hartzea da.

Krema oso onak aurki ditzakegu gaur egun, bere funtzioa egoki burutzen duten kremak, baina eguzkitik babesteko ez dago gerizpea edo arropaz babestea bezalakorik. Gainera, kremek ozono kapan, nahiz ur azalean kalte egiten dute.

Burua biseraz edo belarriak ere babestuko dizkiguten era askotako txapelekin babes dezakegu. Surflarien kasuan deserosoa izan ohi da, izan ere, olatua igarotzen uzteko urperatzen garenean eta olatuak bere erraietan itzulipurdika mugitzen gaituenean erraz gal dezakegu txapela. Badira gainaldean estalkirik ez daukaten biserak, gomaz estutuak, eta bisera horiekin zera egin dezakegu, olatua hartu aurretik edo urperatzeren bat egitera goazenean bisera leporantz jaitsi eta momentua pasa ostean berriz ere bekoki parera igo. Halako biserekin belarriak agerian geratzen dira, ordea, eta kremaz babestu behar ditugu.

Neguan neoprenozkoa txanoa erabil dezakegu belarriak uraren eta haize hotzaren eraginetik babesteko. Batzuek kaskoa ere eraman ohi dute: belarriak ere babesten ditu, eta bide batez, beste norbaitekin talka eginez gero, buruan zauria egitea eragotziko du. Hori norberak ikusiko du, baina kaskoa arroketan edo jende asko pilatzen den lekuetan erabiltzeko da. Olatu handiak izaten diren leku askotan hondoa arrokaz josia izaten da eta kolpe bat nahikoa da azken kolpea izateko; kaskoak kolpeaz babes gaitzake. Jende asko izaten den lekuetan edo ur gutxiko olatuetan ere kaskoa erabili ohi da, istripuak kasu horietan arriskutsuak izaten baitira.

Eguzkiaz gain, itsasoko urak eta haizeak kalte handia eragin ahal diete belarriei. «Exostosis» da ohiko gaitza, `surflarien gaitza' izenarekin ezagutua. Ur hotzaz babesteko handitzen den kartilagoak tinpanoa oztopatzen du. Neguko haize hotzak eta uraren tenperatura baxuek egiten diote kalte gehien, baina udan ere defentsa moduan jarduten da kartilago hau eta handitu egin daiteke. Egokiena tapoiak erabiltzea da, argizarizkoak, silikonazkoak, gomazkoak, bakoitzaren gustura, baina deserosoa ere bada, oreka puntu bat galtzen baitugu. Hala eta guztiz ere, tapoiak erabili ala ez, komeni da uretatik atera ostean ur gezaz belarriak garbitzea, barruan hondarrik edo itsasoko ur kutsurik gera ez dadin. Ohitura hau hartzeak infekzioak ekiditen lagunduko digu.

Gorputzari dagokionez, onena neoprenoz edo likraz babestea da. Kamiseta arrunt batek ere balio dezake uretan eguzkitik babesteko, apur bat deserosoa bada ere. Garai bateko neoprenoek azala gehiago urratzen zuten eta horregatik erabiltzen ziren likrak, lepo aldea eta besapeak babesteko. Gaur egungo neoprenoek ez dute hainbeste urratzen eta likraren erabilera murriztu egin da, baina eguzkitik babesteko oso egokia da.

Likrak ez du berorik ematen, alderantziz, bustita gaudela haizearekin hoztu ere egin gintezke, soilik urradurekiko nahiz eguzkiarekiko babesle lana betetzen du-eta. Badira beso luzeko likrak, oso egokiak eguzkitik babesteko, batez ere haur eta azal zurikoentzat, ez dute urratzen, ez daukagu kremarik eman beharrik eta egoki babesten dute.

Eguneko ordurik arriskutsuenak ekiditea ere komenigarria da, eguneko lehen eta azken orduak dira onenak. Gainera, surf egiteko unerik egokienak dira. Izan ere, haizeak leunago egin ohi du putz, gero egunak aurrera egin ahala, beroa datorrela, haizea ere harrotu egin ohi da, eta amaiera aldera berriz baretu.

Begiak babesteko, eguzkitako betaurrekoak daude. Uretarako betaurrekoak badaude, gurean ikusten ez badira ere, Australia eta halako lekuetan oso ohikoak dira adineko surflarien artean, baina bada betaurrekoen erabilera gogoko ez duen jendea ere. Batzuen esanetan, begiek ikusten dutenaren seinalea ematen diote buruari; hala, eguzkia ikustean, gorputzak seinalea jasotzen du eta azala eguzki izpien erasoari aurre egiteko prestatzen da. Betaurrekoekin azalak ez du seinalea jaso eta erasoari aurre egiteko prestatu ez denez errazago erretzen omen da.

SALINA CRUZ

Eskuin olatu luzeak, batzuek besteak baina indartsuagoak, edozein ariketa burutzeko aukera ematen duten olatuak, maila desberdinetakoak, ur beroa, eguzkia eta jenderik ez. Zer gehiago behar du surflari batek? Arazo bakarra bertaratzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo