Mikel Troitiño Berasategi
Itsas jardueren erregulazioa
Kalean paseatzeko ere baimena eskatu behar den herri honetan dena dago araututa, dena, arautu behar dena izan ezik. Itsasoko kontuei dagokienean, ez dago arau finkorik, egun batetik bestera aldatzen dira gauzak. Batak edo besteak hau esan duela eta hark agintzen duela, eta hari kasu egin behar zaiola. Kontua da itsas kirolei, surf eskolei eta Gurutze Gorriko banderen esanahiei dagokienean, ez dagoela ezer garbi.
Biarritzeko surf eskola bat Zarautzera etortzen da ikastaroak ematera, holandarrak ere etortzen dira, baita belgikarrak ere, eta ehunka dira. Ez dute inongo eragozpenik nahi dutena egiteko, ez baitago ezer araututa. Guk ezin dugu ikastarorik eman, ez Belgikan, ez Holandan eta are gutxiago Biarritzen, leku haietan oso ongi araututa baitago dena. Gurean, ordea, ez. Bandera gorria dagoenean surf egin daitekeen ere ez dago argi.
Surf ikastaroak ematen gabiltzan zarauztarrok zokoratuta gaude. Surf eremuak nolakoa izan behar duen itsasoak agintzen du, banderak korronteen arabera jartzen baitira, eta horrela behar du izan gainera. Oinarrizko irizpidea segurtasuna da, horretan denok ados egon beharko genuke, istripuak nahi ez baditugu behintzat. Horregatik, surf ikastaroak ematen ari garenean, gure ikasleak ahalik eta bananduen mantentzen saiatzen gara, baina ezer gutxirako balio duen esfortzua da gurea, ehun laguneko talde bat etorri eta izkina batean zokoratzen bagaitu. Oso arriskutsua da. Oso arriskutsuak dira, asko baitira, askotan taula gogorrak baitaramatzate eta gainera, gurekin ikasten dabiltzan umeak ez bezala, hauek helduak baitira.
Gurutze Gorrian galdetu dezakezue eskola bakoitzak udan zehar izaten duen istripu kopurua zein den. Talde erraldoi horietan istripu larriak izan dira, eta hirugarrengoei ere istripu larriak eragin dizkiete.
Egunen batean zerbait larria gertatuko da eta beti bezala orduan muturreko erabakiak hartuko dituzte ziurrenik. Dena debekatuko dute. Eta galtzen betikoak aterako gara, bertakoak alegia.
Ez da hain zaila proposatzen duguna. Europara begira dezakegu behingoagatik eta hango ereduari jarraitu. Iparraldeko edozein hondartzatatik ikas dezakegu. Surf eskolen erregulazioa eta itsas jardueren arautzea litzateke lehen pausoa. Bigarren pausoa, berriz, arau horiek argi eta garbi zeintzuk diren azaltzea izango litzateke, zeren bestela, hemen egun batetik bestera aldatzen dira arauak baten edo besteren mesederako.
Antola gaitezen behingoagatik, berandu baino lehen.