Jesus Perez de Viñaspre Txurruka Gasteiz
Athletic eta euskal harrobia
Badakigu denok Athletic mundu osoan miretsia dela, euskal harrobitik soilki elikatzen den futbol taldea delakoz. Hasieran, Lezamako harrobia aski zitzaion, baina denborak aurrera egin ahala, eta handik atzemaniko emaitzak urritzen ziren heinean, Euskal Herriko beste harrobietara (Reala, Osasuna, Alavesa...) joan behar izan zuen jokalari bila.
Duela gutxi Athleticeko zuzendari tekniko Jabo Iruretak prentsaurreko batean Logroñoko 17 urteko jokalari baten fitxaketa iragarri eta... hara! Athletic bere berezko eta ohiko filosofia ia-ia urratzen eta lege-muga berraldatzen ari zen susmoa jakinarazi zigularik! Berarentzat dudarik ez, sortzez eta hazkuntzaz jokalari berriaren lurraldea Euskal Herritik at kokaturik zegoela adierazi nahi baitzigun; bidenabar, arazo hauek areagotuko dira Mirandesa kidetzeko zorian dagoelakoz. Beraz, panorama beltza, kinka larria eta etsigarria, non Athletic bere jatorrizko filosofia galtzeko arrisku handian dagoela ondoriozta baitezakegu. Bapo!
Abiapuntu makurretik, ibilbide galzoritsu eta atarramendu maskala.
Lehen aipaturiko lurralde horiek Nafarroaren barnean egon ziren, gero Gaztelak bortxaz atzemanak eta ebatsiak, eta azken batean, denboraren poderioz, behin errotik nafartasunaren sentimendua birrindu eta gero, zeharo espainoleztatuak. Aspaldiko gauzak direla eta lekuz kanpokoa dela esaten dutenei errespetu osoz erantzungo nieke perspektibaz azter dezatela lurraldetasunari buruzko orain arteko lorpenak edo aurrerapausoak (honatx Trebiñu eta Turtzioz eredu, gehi abertzaleen arteko liskarrak eta zatiketak).
Gure ideologia ahulduz eta kikilduz doazen heinean, indartuz eta harrotuz arerioarena. Izan garenetik hasi, ukan genuena, bortxaz ebatsirikoa eskatu ez, exijitu egin behar da duintasunez, ozenki eta irmoki, errespeta gaitzaten.
Gatxezkio tinko gure euskalduntasunari eta orobat gure nafartasunari, ez gaiten uzkur, ez herabe. Aldarrika dezagun beldurrik gabe gure lurraldea bere osotasunean.
Abiapuntu zuzena, Nafarroa.
Ibilbide ziurra, nafar guztien batasuna.
Atarramendu sendoa, Nafarroa, Euskal Estatua.