GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Ardoaren desafioa

Ardoaren laguntza izango dute mahaian Asegarcekoek

Merezimendu osoz lortu zuten garaipena Bengoetxea VI.ak eta Apraizek igande gaueko neurketan.

p039_f01_148x092.jpg

IRUJO-LASKURAIN 12

OINATZ-APRAIZ 22

GARA | GASTEIZ

Baten batek oraindik ere zalantzaren bat baldin bazuen, igande gauean Ogeta pilotalekuan jokatutako partidak erantzun argia eman zien pilotazale guztiei: aurtengoa ez da Juan Martinez de Irujoren udara.

Larunbat gauean Ruben Belokirekin batera Andre Maria Zuriaren Torneotik kanpo geratu eta gero, sari bakarra geratzen zitzaion Gasteizen Iberoko aurrelariari; Familia Belasco upategiko 600 botila ardoren desafioa irabaztea, alegia. Baina edari sakratua Asegarceko Bengoetxea VI.a eta Apraizentzat izan zen.

Buruz Buruko egungo txapeldunak Laskurain izan zuen bikote, baina merezimendu osoz lortu zuten garaipena aurkariek. Oinatz uda ederra osatzen ari da aurreko koadroetan, eta nahiz eta Andre Maria Zuriaren Torneotik kanporatua izan, gero eta konfiantza handiagoarekin dagoela erakusten ari da. Gainera, bere bikotekide Apraizek aurreko osteguneko maila eskasa alde batera utzi eta urdinei garaipena ematen lagundu zuen.

Merino II.a garaile

Gasteizko torneoak beste final bat eskaini zuen igande gauean. Merino II.ak, Asperekin uztailaren 4an debuta egindako pilotariak, lehen garaipen garrantzitsua lortu zuen, Lemunoren aurka buruz burukoa irabazita.

Bakarka jokatzeko beharrezkoak diren indarra eta kemena erakutsi, eta lehen txapela eraman zuen errioxarrak etxera 54 minutu iraun zuen partidan.

asperen jaialdia

Eibarko enpresak pilota jaialdia antolatu du gaurko. Ezkarain izango da, 18.00etatik aurrera. Lehenengo neurketan Retegi Bi-Cecilio eta Idoate-Merino bikoteak arituko dira. Bigarren norgehiagokan, berriz, Irujo-Merino II.a eta Titin III.a-Laskurain bikoteak neurtuko dira.

asegarcerenak

Zaratamon honakoak arituko dira (18.00): Leiza-Beobide / Lemuno-Iza eta Arretxe II.a-Mendizabal II.a / Urrutikoetxea-Patxi Ruiz. Covaledan, berriz, honakoak (22.30): Belloso-Urrizelki / Rico IV.a-Eskudero eta Berasaluze VIII.a-Begino / Bengoetxea VI.a-Apraiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo