GARA > Idatzia > Kultura

Elisabeth Leonskaiak zabalduko du Hamabostaldian Victoria Eugenia

Elisabeth Leonskaia georgiar piano-jotzaileak emango dio hasiera Musika Hamabostaldiaren Victoria Eugeniako kontzertuei. Georgiarraren bigarren aldia izango da hau, 1984an ere gonbidatu baitzuten Hamabostaldira. Aurtengoan Chopin eta Schumann izango dira interpretatuko dituen konposatzaileak. Beste aldetik, Antzinako Musika Zikloa ere atzo arratsaldean hasi zen Alexander Tharaud pianista frantsesaren lehenengo kontzertuarekin.

p040_f01_203x136.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Donostiako Musika Hamabostaldian zehar Victoria Eugenia antzokian izango diren kontzertuak Elisabeth Leonskaia pianistak inauguratuko ditu gaur 20.00etan eskainiko duen emanaldiarekin.

Hamabostaldiaren zuzendariak, Patrick Alfayak, atzo egin zuten aurkezpenean azpimarratu zuenez, aurtengo Hamabostaldia Errusiako musika eta eskolari egindako omenaldia izango da, eta pianista honek ere ezaugarri hori betetzen duela zioen Alfayak; «Elisabeth Leonskaia, nire iritziz, errusiar eskolako ordezkari garrantzitsuenetako bat da».

Leonskaia Georgian jaio zen eta profesional moduan 1978an hasi zen lanean. Donostiara datorren bigarren aldia izango da hau, 1984an egon baitzen lehen aldiz Hamabostaldian.

Gaurko emanaldian Frederic Chopin eta Robert Schumann musikagileen obrak interpretatuko ditu. Konpositore horiek Leonskaiaren beraren eta Alfayaren artean hautatuak izan ziren. Baina entzungai izango diren obrak pianistak erabaki zituen, besteak beste «Sonata op. 35, 2 zk.». Obra hori bere historiagatik erabaki zuela azaldu zuen. Izan ere, Chopin-ek Mallorcako Baldemosako monasterio batean igaro zuen Sonata hori idatzi zuen urte hartako negua. Eta Leonskaiari, Moskuko kontserbatorioan ikasten ari zela, bere irakasleak esaten zion Chopin-en Sonata haren azken mugimendua «askatasunaren haizea» zela, baina pianistak ez zuen inoiz ulertu zer esan nahi zuen mugimendu horrek. Urte batean Baldemosan egiten den Chopin-i buruzko jaialdira gonbidatu zuten eta han egon zenean, haizea nabaritu zuen bere aurpegian eta orduantxe ulertu zuen Sonataren bigarren mugimendu horrek zer esan nahi zuen. «Handik aurrera aldatu egin nuen hura jotzeko modua», zioen georgiarrak.

Kontzertuaren bigarren zatian Robert Schumannen «Estudio sinfonikoak, op. 13» interpretatuko du, «Schumannen pieza guztiak sinestezinak dira, eta hau da piezarik sinfonikoena» azaldu zuen Leonskaiak.

Atzoko aurkezpenean azalpen txiki bat eman zuen pianistak. Izan ere, Chopinen «Nokturnoa op 55, 1 eta 2 zenbakiak», «Sonata op. 35, 2 zk.» eta «Balada op. 38, 2 zk.» obretatik, Schumannen «Estudio sinfonikoa op. 13» obrara igarotzeko modua hotzegia eta latzegia iruditzen zitzaion, eta hori dela-eta, antolatutako programari Schumannen beste obra bat gehitzea erabaki zuen: «Papillon».

Antzinako Musika Zikloa

Bestalde, Antzinako Musika Zikloaren aurkezpena egin zuten atzo, egun horretan hastekoak baitziren Santa Teresa Komentuan izango diren kontzertuak. Lehenengoa Alexander Tharaud pianista frantsesak eskaini zuen, estatu frantseseko musika barrokoari buruzko programa batekin.

Ziklo honek hamabost urte baino gehiago ditu eta «jende gazte ugari jasotzen duen zikloa» dela esan zuen Jose Antonio Echeniquek, Musika Hamabostaldiko zuzendari ondokoak.

Kontzertu guztiak Santa Teresa Komentuan izango dira eta sarreretatik lortutako dirua aurtengo edizioan Atzegi elkartearentzat izango da.

Aurten musika frantsesa gailentzen da; izan ere, Luis XIV.aren eta Austriako Maria Teresaren ezteiak gogoratuko dituzte Nova Lux Esemblek eskainiko duen emanaldian. Hamabostaldiko estreinaldia izango da Iruñeko Ganbera Abesbatza Taldetik sortu zen talde honen ikuskizuna. Ezinezkoa izan da eztei egun hartan entzun ziren obrak identifikatzea, nahiz eta Eresbilek ikerketak egin dituen. Horregatik, garai hartako musikagile frantses batzuk hautatu dituzte eta horien obrak eskainiko dira.

Horretaz gain, Done Jakueren Urte Santuaren ospakizuna ere egingo da ziklo honen barruan. Hala, gaur Alia Mvsika musika-taldeak «Peregrinatio: Erdi Aroko musika Done Jakue bideetan» programa eskainiko du Zumaiako San Pedro Elizan.

Bihar, hau ere Hamabostaldiko estreinaldia izango delarik, Hantaï Hirukotea osatzen duten Marc, Jérôme eta Pierre Hantaï anaiak izango dira Barrokoko musika frantses eta alemanez osaturiko programa bat interpretatuz. Hiru anaia hauek bakarlariak dira, baina elkarrekin ere jotzen dute. Marc flauta-jotzailea da, Jérômek viola da gamba du bere instrumentua eta Pierrek klabezina jotzen du. Hirukote honek Fraçois Couperin, Jean Marie Leclair, Georg Philipp Telemann edo Johann Sebastian Bach konpositoreen obrak joko ditu.

Ziklo honetarako sarrerak ohiko guneetan izango dira salgai. Hala ere, 17.00etatik aurrera, komentuan bertan lortzeko aukera ere eskainiko dute.

ALDAKETA

Elisabeth Leonskaiak Chopin eta Schumann musikagileak hautatu ditu Victoria Eugenia antzokian emango duen bere kontzerturako. Antolatutako programan aldaketa bat eginez, Schumann-en «Papillon» obra gehitu du errepertoriora.

DOHAINTZA

Antzinako Musika Zikloan eskainiko diren kontzertu guztiak Santa Teresa komentuan ospatuko dira eta bertako sarreren salmentatik bildutako diru-kopurua Atzegiri emango diote aurten.

ESTREINALDIAK

Nova Lux Esemblek eta Hantaï Hirukoteak eskainiko dituzten emanaldiak Hamabostaldiko estreinaldiak izango dira. Lehena Iruñeko Ganbera Abesbatzatik sortutako taldea da eta bigarrena hiru anaia solistek osatutakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo