GARA > Idatzia > Ekonomia

Etzi bilduko da kontrolatzaileen batzorde exekutiboa greba egin ala ez erabakitzeko

p027_f01_148x120.jpg

GARA |

Aire kontrolatzaileek negoziaziorako borondatea erakuts dezaten espero duela adierazi zuen atzo Estatu espainoleko Sustapen Ministerioak. Kontrolatzaileek berriz, berriro mahaian eseri eta hitzarmen kolektiboaren inguruko akordioa lortzeko ministerioaren deiaren zain daudela esan zuten.

Sustapen Ministerioaren menpekoa den Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak (AENA) eta aire kontrolatzaileek hilabeteak daramatzate gatazka giroan. Abuztuaren 3an langileen %98k greba deitzearen alde bozkatu zuen, hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziazio mahaiko «blokeo» egoerari aurre egiteko. Greba deialdia ekiditeko berriz negoziatzen jarraitu zuten bi aldeek, baina pasa den ostiralean negoziazioak eten zituen AENAk, hizketan jarraitzekotan grebaren mehatxua mahaitik kentzeko baldintza ezarri baitzien kontrolatzaileei.

Turismo sektorea kezkatuta

Jose Blanco buru duen Sustapen Ministerioak adierazi zuenez, kontrolatzaileek zer nahi duten argitu dezatela espero du: akordioa, arbitrajea ala greba. Era berean, USCA aire kontrolatzaileen sindikatuari eskatu zion «behingoz» amaiera jar diezaiola turismoari hainbeste eragiten dion «zalantza» eta «duda» egoerari.

Zentzu horretan, sindikatuak elkarrizketarako eskaintzari bere horretan eusten diola adierazi zion atzo Daniel Zamit USCAko bozeramaileak Efe agentziari, baina «baldintza duinetan» egin behar dela azpimarratu zuen. Konponbide bat nahi dutela gaineratu zuen Zamitek, eta Alemaniako, estatu frantseseko nahiz Portugaleko aire kontrolatzaileek dutenaren antzeko hitzarmena eskaintzen badiete «oraintxe bertan» sinatuko dutela esan zuen.

Greba egiteko aukerari buruz, «askotan esan dugu negoziatzen ari garen bitartean ez dagoela grebara deitzeko inolako aukerarik», adierazi zuen USCAko bozeramaileak. Era berean, langileek nahi dutena «lehenbailehen gatazka hau amaitzea eta hitzarmen kolektibo berria izatea» dela nabarmendu zuen.

Bitartean, turismoaren sektorea kezkatuta dago, kontuan hartuta abuztua beraientzat oinarrizko hilabetea dela, grebara deitzea gerta daitekeen gauzarik «okerrena» delako. Ildo horretatik, Hotel eta Ostatu turistikoen konfederazio espainolak adierazi duenez, kontrolatzaileek grebara deitzeko asmoa publiko egin zutenetik 40 milioi euro galdu dituzte eguneko.

USCAko bozeramaileak Efe-ri baieztatu zion etzi bilduko dela sindikatuko batzorde exekutiboa. Hor aztertuko dute AENArekin duten negoziazioa zertan dagoen, eta ondorioz greba deituko ote duten. Egitea erabakiko balute, legeak ezartzen duenari jarraituz, deialdia greba eguna egin baino hamar egun lehenago iragarri beharko lukete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo