GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Boterearen tolerantzia

Afera ez da gatazka kultural edo erlijiosoa, gatazka sakonago baten isla baino, eta bitartekoa ez da «islamofobia» -islamari beldurra edo-, beste kasu askotan aplikatzen den tolerantziaren hipokrisia baizik

Ramadana atzo hasi zela, batzuek «islamofobia» deitu eta beste batzuek gatazka kultural moduan erakutsi nahi izan digutena ekarri nahiko nuke gaurkora. Azken eztabaidetako bat zapiaren erabilera izan da. Hainbat iritzi, uste eta aburu tartean, uste dut muina, betiko legez, alboratuta gelditu dela. Manifestazio kultural edo erlijiosoaren defentsan edo erasoan zentratu da, emakumeen «askapenarekin» nahasturik.

Baina gatazka «kultural» guztiak gatazka sozio-politiko-ekonomiko sakonagoen isla baino ez dira. Horrela, Mendebaldea eta islama kontrajartzen dituen gatazka daukagu aurrean, mundua aztoratu eta azken sasoiko migrazio mugimenduek eremu geografikoetan nahastu dutena.

Mendebalde honetan edozein estatuk, politikarik, tertulianok, epailek defendatuko luke sutsuki musulmanak eta islama toleratzen dituela. Eta hortxe dago amarrua. Bestea toleratzen da, baldin eta haren izaerak eta ohiturek gureekin talka egiten ez badute. Hau da, bestea toleratzen dugu geure antzekoa den heinean, hau da, bera ez den bitartean.

Tolerantziak ez dauka zerikusirik onarpenarekin. Are gehiago, onarpenaren kontrakoa da. Islama, kanpoko zerbait den heinean, etorkinak bezala, ez da onartzen. Ez dira taldearen parte. Arrotzak dira eta ez daukate estatus sozial berbera. Horregatik kokatu dira ahalegin politikoak debekuan eta ez eskubideetan, hala nola musulmanek hijab-a, adibidez, ez eramateko eskubidea bermatzean (eta horren adierazle, erasoak ere izan ditugu geure artean). Horrek, berez, Mendebaldeko estatu batean islama zerbait propio moduan onartzea esan nahiko lukeelako. Zentzu horretan, praktikatzeko eskubidea onartzen da, baina esfera publikotik at.

Ekintza pertsonaltzat jo genezake, baina ez al du katolizismoak esfera publikoaren zati handia hartzen, baita estatu «akonfesionaletan» ere? Hedabide publikoetatik herriko jaietako mezetara, prozesioetatik diru publikoa jasotzen duten eskola katolikoetara.

Burka eta niqab jantziak baino ez daudela jo mugan erakutsi nahi izan dute, baina eztabaida hori faltsua ez ezik, artifiziala ere bada. Zenbat niqab edo burka (aurpegia estaltzen dutenak, alegia) ikusten dira geure kaleetan? Politikoki zuzentzat har zedin, eztabaida murriztu nahi izan dute, aldez aurretik jakinda manifestazio zehatz batetik manifestazio guztietara eta, hortaz, izaerara egingo litzatekeela salto. Berriro ere gerra, tolerantziaz eta eskubideez mozorraturik.

Eta azken hipokrisia, emakumeen eskubideen defentsarena, hain zuzen. Genero zapalkuntza erabiltzen dute, emakume horiek berriro ere zapaltzeko, andra horiek adingabekotzat jotzen diren heinean: ez dira gai euren erabaki propioak hartzeko, ezta kontzientzia feministarik izateko ere. Geure ikuspegi «mendebalddar aurreratutik» «lagundu» behar diegu, euren partez erabaki.

Beraz, afera ez da gatazka kultural edo erlijiosoa, gatazka sakonago baten isla baino, eta bitartekoa ez da «islamofobia» -islamari beldurra edo-, beste kasu askotan aplikatzen den tolerantziaren hipokrisia baizik. Hau botereak «toleratzen» dituen bestelako izaera guztietara zabaldu genezake, duda barik. Okerra litzateke eurek markatzen dituzten parametroetan aztertzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo