GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Kontzertuek eta bertsoek emango diete kolorea Algortako Portu Zaharreko jaiei

Gaur hasi dira Algortan Portu Zaharreko jaiak, eta igandera arteko egitarau oparoa antolatu dutenez, zer egin ez da faltako. Bertaratzen direnek era guztietako ekitaldiak aurkituko dituzte: herriko musika taldeak euren doinuak zabalduz; bertsotan, Fredi Paia, Ekaitz Larrazabal «Katxo» eta Beñat Vidal; eta ohiko jarduerek ere, beti arrakastatsu eta jendetsuak, ez dute huts egingo, hala nola zezensuzkoak, sokamuturrak, altxaldiek edota sardina-jateak.

Janire MENDIETA |

Eguerdiko hamabietan puntu-puntuan emango diete Portu Zaharreko biztanleek jaiei ongietorria. Txupinazoa botako dute orduan, eta jarraian, Kasino plazatik jaitsiko dira bertako gaztetxoen koadrilak, Gazte Leku fanfarrearen konpainiarekin batera. Gero, 18.00etan, nagusien txanda izango da.

Indarrak hartzeko, Portuko plazan sardina-jatea egingo dute. Horrekin batera, Me Kaguen Gutarrak koadrilak pregoia irakurriko du, eta Txo arrantzaleak, Portu Zaharreko jaietako pertsonaiak, herritarrei agurra egingo die beste urte batez.

Gau aldean, bi aukera izango dira. Alde batetik, umeentzako zinema, Pedro Bilbao doktorearen plazan -festetan, egunero izango da film emanaldia-. Eta beste aldetik, behealdean kokatutako agertokian kontzertuan joko dute Oihartzuna, Undefeated, Kaleko Orroak eta Lehertu Arte getxotarrek. Azken hori, iaz sortutako talde gaztea da eta gustuko dituzten abestien moldaketak egiten dituzte; hasiak dira, halere, beren hitzak idazten ere. Horrez gain, 22.30ean zezensuzkoa ibiliko da aparkalekuan, eta kikilkeriak ez du lekurik izango hor.

Biharkoari begira, batetik, haur jokoak izango dira, bai goizean bai arratsaldean, eta 13.00etan, pailazoekin nahi beste barre egiteko aukera izango dute Txutxu-Mutxu-Ka taldearen kale ikuskizunarekin.

Bestetik, txapelketen txanda iritsiko da arratsaldean. Igel eta tiragoma txapelketak izango dira hondartzan. Kemena erakusteko aukera, berriz, 17.30ean, altxaldietan (antzarak). Ondoren, energia berreskuratzeko, sardina-jatea prest, Portuko plazan.

Eta 22.30ean zezensuzkoa izango da aparkalekuan, eta aldi berean, kontzertuak hasiko dira: Esne Beltza eta Trikizio. Batak soul, ska, reggae eta hip-hop-a nahasten ditu trikitixaren laguntzaz, eta bigarrenak musika tradizionala jotzen du.

Nasapuntakoa guztientzat

Asteburua ere jardueraz betea dator. Larunbata Umeen Eguna izango denez, horientzako hainbat ekitaldi antolatu dituzte, hala nola 10.00etan buruhandiak Tellagorritik, eta 11.00etan umeen marrazki lehiaketa Etxetxun. Arratsaldean izango dira haurren ekintzarik gogokoenak: 17.30ean nasapuntakoa, hormatzar txikian, eta handik ordu eta erdira, apar festa aparkalekuan.

Gainerako adinekoentzako ekintzak ere iragarri dituzte, halere. Esaterako, 11.30ean, sokamuturra izango da hondartzan. Gero, nagusiek ere euren abileziak erakutsi beharko dituzte nasapuntakoan, 17.30ean, baina hormatzar handian. Bestalde, beteranoen estropada izango da 18.30ean. Kirol jarduerak alde batera utzi, eta kantu-txikiteoa egingo dute 19.00etan. Jarraian, sardina jatea egingo dute, 19.30ean.

Igandean ekitaldi ugari izango dira. Nabarmentzekoen artean, marmitako lehiaketa (parte hartzeko izena eman behar da, 9.30ean). Umeek arrantzarako duten trebezia erakusteko aukera izango dute Erriberan, arrantza txapelketan parte hartuz. Arrantzale prestuenek 13.30ean jasoko dute dagokien saria, Portuko plazan. Bertsoen txanda izango da 17.00etan: Fredi Paiak, Ekaitz Larrazabal Katxok eta Beñat Vidalek egingo dute bertsotan, Portuko plazan.

Festen amaiera goizaldeko seietan iritsiko da. Txo erreko dute, eta jaien bukaera iragarriko du suen danbatekoak.

Jaiak direla-eta, herriko hainbat errepideren erabileran mugak jarriko dituzte egunotan. Neurri nagusien artean, hurrengoak hartu dituzte: autoek ezin izango dute jai eremuan sartu arratsaldeko seietatik goizeko seiak arte, jaiek irauten duten bitartean. La Ola jatetxearen parean itxiko dute bidea, eta bertarako sarbidea izango duten bakarrak horniketa-kamioiak eta Jai Batzordekoak izango dira.

Era berean, gaur 12.00 aldera eta 18.00 aldera, hurrenez hurren, txiki eta helduen koadrilen jaitsierak izango direnez, dispositibo berezia ezarriko dute Basagoiti etorbidea eta Torrene, eta Tellagorri eta Aretxondo kaleen gurutzaguneetan. Bestalde, Getxoko Udaleko Gazteria eta Giza Zerbitzuek alkoholaren eta drogen kontsumoari buruzko informazio eta arreta zerbitzua eskainiko du jaietan, larunbatean, 00.00etatik 00.30etara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo