Laura M¡INTEGI Idazlea
Nora bueltatu ez badago, zer?
Egunotan hamar aldiz entzuten dugu albiste bera irratian. Udarako albiste-sikatean Indiako euri-jasek espazio zabala hartu dute, eta eskerrak Galdakaoko mendizaleak tartean zeudela! Bestela albisteak ez zuen mereziko astebetez albistegiak gai horrekin hastea. Zer dira, bada, ehunka batzuk hildako, 120 milioi pobreren herrialdean? Edozein tren-istriputan gehiago hiltzen dira-eta.
Baina tira, joan baziren joan ziren, eta bueltatu ere bai. Elkarrizketak egin dizkiete bizi izandakoaz eta guk behin eta berriz entzun irratian. Lehenengoan mingarria egin zitzaidan erantzuna, jakin gabe zergatik. Hamaikagarrenean, ordea, ohartu naiz zerk mindu nauen: aukera zuten eta hautatu egin zuten. Bazuten nora bueltatu, eta bueltatzea erabaki zuten, etxera alegia, abarora. Eta argi utzi du batek ez dela Indiara itzuliko sekula santan.
Guztiok esan dugu horrelakorik noizbait: etxean berriro, eskerrak! Eta etxerik ez baduzu? Eta nora bueltatu ez badago? Eta zure errealitate bakarra horrore hori bada? PEN kongresuetara urtero etortzen den Hanna palestinarrak behin esan zidan ez zekiela etxerik izango zuen bueltatzean, bere auzoko eraikin guztiak botatzen ari zirelako israeldarrak, seguritate-eremua zabaltzekotan. Ez dut uste gutariko inork uler dezakeenik zer sentitzen zuen Hannak.
Ezagun batek argi azaldu zidan behin zergatik irabazi zieten vietnamdarrek estatubatuarrei, hauek goraino ekipatuta eta bertakoek eguneko arroz katilu bana baino ez zeukatela: yankiak edozein unetan itzul zitezkeen etxera. Vietnamdarrak, ordea, etxean zeuden, ez zuten nora joan. Horrore hura zen euren etxea.