GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Jinkana, herri kirolak, pailazoak eta mamuak, Ondarroako jaietan

Era guztietako ekintzak eta kontrasteak aurkituko ditu egunotan Ondarroara inguratzen denak. Jaiak direla-eta, koadrilek marmitako gozoena prestatzeko sukaldeko trikimailu guztiak erabiliko dituzte; bazkari senegaldarra ere egina dute herrian. Ohiko txistulari eta danborradez gain, Betagarri edo Jon & Sugramas taldeek erritmoz beteko dute kostaldeko herria. Milia Hiritarrak eta bizikleta jinkanak ere ez dira faltako. Adin eta gustu guztietarako aukerak, beraz.

p014_f03.jpg

Janire MENDIETA |

Herriko jaiak berez hilaren 14an hasi arren, aurretik hainbat ekintza antolatu dira, herria girotzen hasteko. Atzo, esatera baterako, jinkana egin zuten, Aurrera kirol taldeak antolatuta, Itsasaurren, Alamedan eta kirol portuan. Bertan, 15 urtetik gorako parte-hartzaileak ibili ziren norgehiagokan, zortzi laguneko koadrilak osatuta.

Pasa den asteburuan ere izan zituzten ekitaldi batzuk. Larunbatean, jai senegaldarra izan zen. Nahi izan zuen guztiak herri bazkaria jan zuen, bost euroren truke. Horren ondotik, M`Lomp dantza eta perkusio taldeak erritmoa jarri zuen. Eta geroxeago, musika estiloa aldatuz, Batua Mbokator folklore taldea. Gauean ere, tankera ezberdinetako kontzertuak izan ziren. Lehenengo Galsene Warriorz hip-hop taldea eta gero Fatou Guewelen-en kontzertuan, senegaldar musika.

Iganderako Ondarroako 25. Milia Hiritarra antolatu zuen Kardala elkarteak, aurten azkenengoz. Itsasaurre pasealekuan hasi zen lasterketa, eta sei lasterketa egin zituzten, parte-hartzaileen adinaren arabera.

Gaurkoa Gazte Eguna dute. Festa hau 2002. urtean egin zen lehenbizikoz Txosna Batzordearen eta Gazte Asanbladaren ekimenez. Pregoiarekin hasiko da goizeko hamarretan. 12.00etan, Turubin (pertsonaia mitologikoa), Leokadiren alaba, jaitsiko da elizatik. 14.30ean gazte bazkaria egingo dute. Janaria jaisten laguntzeko, Sound Sistema eta jolasak izango dira. Gauean, 22.00etan, danborrada izango da eta gainera, txosnak irekiko dituzte. Bertan joko dute Jon & Sugramas, Giza Proiektua eta Joxpa taldeek gauerdian.

Kortxeleko Mamuak

Biharko, era askotako ekintzak antolatu dituzte, egun osorako. Garrantzitsuena Leokadiren eta Kortxeleko mamuen jaitsiera da. Gaueko hamabietan, Leokadi Santa Maria eliza gotikotik jaitsiko da bere jarraigoarekin, Kortxeleko Mamuekin, hain zuzen ere, su danbatekoak eragindako kearen artean.

Biharko eguna txistularien kalejirarekin hasiko da. Geroago, 11.00 aldera, bizikleta jinkana egingo dute Itsasaurre plazan. Beste kirolek ere izango dute lekurik, futbol txapelketa antolatu baitute Zaldupe futbol zelaian.

19.30ean, herritar guztiek gozatzeko kale antzerkia izango da Alamedan, Nafarroako Oreka zirku taldearen «Pirateados» antzezlanarekin.

Gauari hasiera emateko, danborrada kiroldegitik abiatu eta Itsasaurreraino iritsiko da. 23.00etan kontzertuak hasiko dira, Friskis eta Betagarrirekin Itsasaurre plazan. Txosnetan, Itziarren Semearen, Granitos de Arena talde madrildarraren eta Selektah Stepi taldeen txanda izango da.

Marmitako lehiaketa

Igande arratsaldean, 17.00etan, esku pilota partidak jokatuko dituzte frontoian. Batetik, Olabe eta Garate eta Ormaetxea eta Larrauskin bikoteak lehiatuko dira. Bestetik, Malax eta Iberzola eta Olabe eta Erkizia. Gero, Erkizia eta Mendibe eta Arrizabalaga eta Romero. Eta azkenik, Uriona eta Ansotegi eta Egaña eta Aretxabaleta.

19.30ean bazterrak nahastuz ibiliko dira erraldoi eta buruhandiak. 22.00etan Aukeran dantza taldeak «Aukeran 10 urte» ikuskizuna aurkeztuko du.

Gauerako bi aukera daude: Itsasaurren erromeria egongo da, Jo ta Hanka taldearen eskutik. Eta gaztetxean, Kraussk taldeak joko du; emozioa emateko, talde sorpresa batek ere joko du.

Abuztuaren 16a Koadrilen Eguna izango da. 10.00etan marmitako lehiaketa hasiko da portuan. Umeentzako bits jaia 13.00 izango da Itsasaurren. Bertara oinutsik ez joatea gomendatu dute.

Ordu berean, bertso saioa eskainiko dute Uxue Alberdik, Xabi Payak, Miren Amurizak eta Sebastian Lizasok. Emanaldiko gai-jartzailea Maite Berriozabal izango da.

Arratsaldean, Mutrikuko herri kirol taldeak eta Arratia eskualdeko neska taldeak herri kirolen ikuskizuna emango dute frontoian. Eta Itsasaurren Poxpolo ta konpainia pailazoek umeei irriak aterako dizkiete «Segi jotzen!» ikuskizunarekin. 23.30-ean, Itsasaurren Garibaldi mariatxiak musika mexikarra eskainiko du.

Jaien azken eguna hilaren 17a izango da, Arrantzale Eguna, herritar guztiak mahoiz janzten diren eguna.

Gau horretarako, aukera ugari dago. Txosnetan, Zezenaren taldeak, La Pegatina eta 3 gabe 2 taldeek jarriko dute erritmoa. Eta Itsasaurre plazan Ze esatek! arituko da. Jaiak gauerdian amaituko dira, Leokadi eta Kortxeleko Mamuak igoerarekin batera.

Antzerkia, egitarauaren parte

Hala ere, lau egunetan zehar, hainbat antzerki emanaldi izango dira, guztien gozamenerako, esate baterako, «Pirateados», Oreka zirku talderen ikuskizuna (abuztuaren 14an, 19.30ean, Alamedan) eta «Pandemia» ikuskizun piroteknikoa (abuztuaren 15ean, 22.00etan, Alde Zaharretik Itsasaurre pasealekuraino); eta aurresku, dantza, bertso, kirol jarduerak, kaleko animazioa, pailazioak eta su artifizial klasikoak ere izango dira, beste hainbat jarduerez gain.

gazte eguna

Gaurkoa Gazte Eguna da. 2002an egin zuten lehenbizikoz, Gazte Asanbladaren ekimenez.

leokadi

Bihar, Leokadiren eta Kortxeleko mamuen jaitsiera izango da, gaueko hamabietan. Santa Maria eliza gotikotik jaitsiko dira algaraka Leokadi eta bere jarraigoa, suz eta kez inguratuta.

betagarri

Larunbatean gauari hasiera emateko, danborrada kiroldegitik abiatu eta Itsasaurreraino. 23.00etan kontzertuak hasiko dira: Friskis eta Betagarri Itsasaurre plazan eta txosnetan, Itziarren Semeak.

marmitakoa

Abuztuaren 16a Koadrilen Eguna izango da. Besteak beste, marmitako lehiaketa egingo dute portuan. Bertso saioa ere izango da Uxue Alberdi, Xabi Paya, Miren Amuriza eta Sebastian Lizaso bertsolariekin .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo